Hitzak korrika, Korrika hitzetatik
Iraitz Mateo
2026-11-19
Hitzak korrika Korrika hitzetatik –
Korrika eta bertsolaritza. Bertsolaritza eta Korrika. Lehen kolpean antzekotasun beste ezberdintasun bururatu dakizkizuke. Oinena izan daiteke agerikoenetarikoa, Korrikan ia ezinbestekoak dira oinak urratsak egiteko, eta bertsotan ere antzeko, oinak behar dira puntuz puntu bertsoa osatzeko. Zein harreman izan dute bertsolaritzak eta Korrikak?

Ekimen komunitarioa da Korrikarena, baina abiatu aurretik jada bertsoak presentzia hartzen du, azken urteetan Korrika Kulturalaren baita Bertso Korrikaren bidez, baina ziur lehenago ere mila bider erabili dela bertsoa Korrikara dei egiteko. Udaberri honetako edizioan ere, behin baino gehiagotan entzun dugu bertsoren bat furgonetatik bertatik kantatuta, eta ausartenek edota gehien entrenatu dutenek lekukoa esku batean eta mikrofonoa bestean bota dute bertsoa korrikalariak animatuz.
Aurrelanketa edota beroketa fasera joz, ordura arte Korrikaren inguruan antolatutako ekimen kulturaletan bertsoak presentzia nabarmena bazuen ere, 2013an Bertsozale Elkarteak eta AEK-k izenpetutako hitzarmenak bide eman zion harremanak estutzeari.
Bertso Korrikaren bidez euskara ikasleak bertsolaritzara hurbiltzea da helburu nagusietako bat. Horrela, euskara ikasten ari direnek bertso saio bat entzuteko aukera izaten dute, euren neurrira egindakoa, eta erosotasunean eta gustura bertsolaritzara hurbiltzeko. Tartean, herriko bertsolariei eta bertsolari gazteei ematen zaie kantatzeko aukera. Eta euskal hiztunak eta euskara ikasten ari direnak espazio berean elkartzea ere sustatzen du. Horrez gain, euskaltegiaren eta bertso eskolaren arteko harremanak ere indartu ohi ditu prozesuak.

Lehen helburuari erantzuteko, prozesu osoa bizi dute euskaltegietako ikasleek, haietako gehienentzat bertso saio bat entzuten duten lehen aldia baita. Saioko azalpenak eta bertsolarien jarduna egokitu egiten dira oro har, euskara ikasleek uler dezaten. Bide guztia ulertzeko, normalean, gai-jartzailea joaten da euskaltegira eta saioaren berri ematen die: bertsolariak aurkezten ditu, saioan egingo dituzten ariketak azaldu eta bertso baten sorkuntza prozesua zein den adierazten du. Gainera, euskara ikasleek, gai-jartzailearen laguntzaz, saiorako ariketa edo gai batzuk ere prestatzen dituzte. Hori ere izan daiteke beste lotura bat Korrikarekin, parte sentitzearena.
Bere garaian Bertsozale Elkarteko lehendakaria zen Iñaki Muruak txalotu egin zuen ekimena: “Euskalduntze mugimenduak bertsolaritza euskal komunitatearen ertzetara zabaltzeko aukera ere ematen digu; alegia, bertsolaritza euskara ikasten ari direnengana zabaltzeko aukera. Bertsolaritza ez dadin izan soilik hiztun osoek bizi duten kultur jardun bat, euskara berreskuratzeko ahaleginean ari diren hiztunei ere gozagarri zaien kultur jarduna baizik”.
Eta AEK-ko Edurne Brouardek zentzu beretik jo zuen, bere ustez hizkuntza bat ongi ikasteko disfrutatuz ikastea bezalakorik ez dago: “Bertsolaritzak, hortaz, hitzaren jolasa den heinean, ekarpen polita egiten die ikasleei euren euskara maila hobetzeko, hitzarekin jolastuz egin dezaketelako aurrera”. Brouarden aburuz, motibaziorako urrats garrantzitsua ere izan daiteke: “Bertsolaritza askorentzat izan da euskarari gehiago lotzeko motiboa; beraz, aukera hori zabaldu nahi diegu ikasleei ere, bertsozale bihurtuta, euskarara are gehiago hurbil daitezen”. Bestalde, Bertso Korrika euskal hiztunak elkartzeko espazio gisa ulertzen dute, eta, hortaz, “mundu oso bat euskarara biltzen” laguntzen duela uste dute.
Bertso Korrikaren iturburua hori izan zen, baina urtez urte euskara ikasleekin egindako saio horiez gain, beste zenbait ere batzen joan zaizkio. Azken edizioan esaterako, Korrikako antolakuntzak jasotako datuen arabera, 17 eskaintza ezberdin zeuden bertsoarekin lotura zutenak. Herriz herri ibili dira saio horiek. Eta horietaz gain, ohiko bertso saioak ere baliatu dira Korrika girotzeko, izan otordu giroan, jaialdian edota bertso poteoen bidez. Kasu batzuetan, Korrika iritsi bitarteko tarteak ere bertsolariek arindu dituzte.
Badute beste lotura bat bertsoak eta Korrikak: sekretua. Bertsotan amaiera pentsatzen da lehendabizi, gehienetan, amaiera aldera bota beharrekoa, eta hori isilik mantenduz, goitik behera josten du mezua bertsolariak. Korrikan ere, lasterka hasi aurretik, amaieran irakurriko den mezua sartzen da lekukoan, eta sekretua gordetzen da azken metroak egin eta mikro aurrean irakurri arte.
Amaierako mezuarekin ere lotura zuzena izan du bertso munduak. 24 edizio izan ditu Korrikak, eta bertsoaren ekosistemako gutxienez zortzi lagunek izan dute mezua idazteko ardura, eta ohorea. Gainera, 2001ean Bertsozale Elkartea izan zen omendua.

2.085 km. Bilbo. 1987. Jon Enbeita
Askok oroituko dute Jon Enbeitak Bilboko azken metroak egin eta inprobisatutako oholtzara igo zenekoa. Balendin Enbeita bere aita izan zen omendua edizio hartan. 1986ko azaroaren 20an hil zen, eta belaunaldiz belaunaldi egindako transmisio lana izan zuen hizpide omendu beharrekoa hautatzerakoan AEK-k.
Hendaiatik abiatu zen Enbeitaren metroekin amaituko zen Korrika. Hendaian, Xalbador ikastolako ikasle batek egin zuen lehen kilometroa kazkabarra gogotik ari zuela, Euskara zeurea esaldia lelotzat hartuta.
Ordura arteko ekitaldi luzeena izan zen, 2.085 kilometro egin baitzituen Korrikak herriz herri, eta Jon Enbeita izan zen azken pausoak eman zituena. Une berezia izan zen azken hitzartzea. Batetik, Balendin aita gogoan zutelako askok, eta bestetik, lekukoaren barnean mezua prosan egoteaz gain bertsoak ere bazeudelako.
AEK-ko kide batek hitz lauz zegoen zatia irakurri zuen: Balendin Enbeitaren “Bizitzaren joanean” liburuko pasarte bat, Lauaxeta hizpide zuena (poetaren hilketaren 50. urteurrena zen): “Lauaxeta, gure olerkari haundia eta euskotar jatorra, zelan eta non afusilatu eben ere, bertan jakin neban. Asko mindu nintzan. Nire lagun haundia zan. Hainbat herri arakatu genduan alkarregaz, Lauaxeta hitz egiten eta ni bertsotan”… Ondoren Jon Enbeita igo zen oholtzara, eta bere aita Balendinek liburu berean euskarari jarritako bi bertso abestu zituen, Hara nun diran doinuan:
Hizkuntza dogu herri batentzat
bateoko oinarria
Hizkuntza dogu herri bateko
nortasun ezaugarria
Heuskal Herriak euskera dauka,
ez dakigu noiz jarria,
eta euskerak adierazten dau
hau dala Euskal Herria.
Euskadi ez da Euskal Herria
bere hizkuntzari gabe
eta etsaiek argi ta garbi
hori gaur ikusten dabe
Euskeran alde jaiki gaitezan
lan egin dagigun trebe
Euskerarekin egingo gara
geure herriaren jabe
Jada Korrikako outfit-a bihurtu den errelebolarien petoa ekitaldi honetan erabili zuten lehenengoz.

2.150 km. Baiona. 2001. Andoni Egaña.
Korrikak Gasteiztik Baionarako bidea hartu baino lehenago, jada bertsolaritzak bazuen presentzia 2001ean. Izan ere, Korrikako omendua Bertsozale Elkartea izatea erabaki zuen AEK-k.
Edurne Brouardek kontatu zuen arrazoi asko egon zitezkeela omendua Bertsozale Elkartea izateko, baina besteak beste txalotu zuen elkarteak «inork baino hobeto jakin zuela tradizioa eta modernitatea euskal komunitatean uztartzen». Eta edizio bereko beste adibide bat da pauso horiei erritmoa eman zien kantua, Fermin Muguruzak ere uztartu nahi izan baitzituen usadioa eta gaurkotasuna Big Beñat kantuaren bideoklipean.
Baionara euri jasa ikaragarriarekin iritsi zen lekukoa, eta azken metroetan agertu zen mezugilea: Andoni Egaña. ETBn egindako elkarrizketa batean aitortu zuen emozio nahasketa bat sentitu zuela barnean: «Horrelako momentuetan tximeletak sentitzen dira sabelean, ez da edozein une, ez da edozein jendaurre, ez da edozein bertso, erantzukizuna sentitzen duzu, zirrara ere bai…».

Enbeitaren ereduari jarraiki, garaiko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldunak ere hiru bertsoren bidez eman zion amaiera ekitaldiari. Lekuko barruan hiru bertso egon ziren ezkutatuta 11 egunez, eta Baionan kantatu zuen Egañak; munduan euskaratik kokatzearen aldarria egin zuen, mundura jalgi behar dela eta hori euskaratik egitea proposatu zuen beterik zegoen plazan:
Barruan bertsoak
Jalgi gara bai mundura eta
azaldu dugu plazara
atzo nahiz egun sentitzen dugun
izaeraren islada
munduan nola koka gaitezke
euskaldun ez baldin bada
arnasa bezain premiazkoa
sentitzen dugu euskara
2.360 km. Iruñea. 2007. Xabier eta Miren Amuriza.
Kantuarekin ikasi genuen bezala, 15. Korrikak Karrantzatik Iruñera egin zuen bidea. Lelo nagusi gisa Heldu! hautatu zuten eta kontzeptu bat izateak azpileloak osatzeko aukera eman zien, eta kantuan bezala kanpaina osoan zehar ere horrekin jokatu zuten: «Heldu hitzari! Heldu lekukoari! Heldu elkarlanari! Heldu euskarari! Heldu Herriari!».
Euskal emakumea izan zen omendua, «euskararen gordeleku izan diren emakumeak, euskararen biziraupenean ezinbestekoa den transmisioa ahalbidetu duten emakumeak». Eta 2.360. kilometroan berriro ere bertso munduaren ordezkaritza iritsi zen. Kasu hartan bi ahots eta bi gorputz hartu zituen mezuak, abizen bera eramanagatik ere.
Gaztelu plazara heldu ziren Xabier eta Miren Amuriza, eta bertan irakurri zuten mezua, ez ordura arte bertsolariek egin zuten moduan, edizio honetan ez zegoen bertsorik, eta omenduak aukeratzean AEK-k emandako hausnarketarekin bat eginez, biziraupenari, bizitzeari, belaunaldiei eta euskararen bidera batutakoei mintzatu zitzaien Bizi da, biziko da testua.
Puntutan bezala egin zuten, baina hitzez, batak zati bat, hurrengoak bestea.
Xabier
Hemen konbinazio guztiak dira posible, galtzekoak zein irabaztekoak.
Hemen argi dagoena da euskararen izatea borondate kontua dela.
Miren
Borondate indibiduala eta borondate kolektiboa.
Borondate politikoa eta borondate soziala.
Gazteek ere presentzia nabarmena hartu zuten Mirenen hitzetan, hasieratik amaierako esaldira arte.
Miren
Zorionak Korrikazale guztiei, eta aupa, batez ere, gazteoi. Ager dezagun euskaraz bizitzea munduan geratzen diren pribilegio handietariko bat dela».

2.587 km. Baiona. 2013. Amets Arzallus
Eman euskara elkarri leloa hartu zuen 18. Korrikak, 2013ko martxoan Andoaindik abiatu eta Baionan amaitu zenak. Euskara ikasten ari ziren milaka lagun izan ziren omenduak, eta Usurbilen egin zen omenaldi ekitaldian azaldu zuten: “Euskarak euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko hizkuntza izan behar duelako. Elkarri hitz egiteko hizkuntza. Elkar entzuteko eta ulertzeko”.
Leloak elkarri euskara ematea jartzen zuen erdigunean, eta urte hartako kantuari esker sortu ziren “euskalakariak”, elkarri euskara banatzeko, elkarrekin euskaraz izateko. “Korrika mundial” gisa izendatu zuten balorazioan, izan ere ordura arteko parte hartzerik handiena izan zuen, eta Internet bidez ere ordura arteko zabalkunderik handiena izan zuelako, ez zuten aurreikusten hurrengo urteetan are gehiago zabalduko zela, ez eta zuzenekoaren bidez 24 orduz jarraitu ahalko zenik ere.
Baionan eman zitzaion amaiera 18. edizioari eta AEK-ko kideekin batera Amets Arzallus bertsolaria igo zen oholtzara, ama hizkuntzaren inguruan hausnartu zuen, baina garaiko ulerkeratik harago joan nahi izan zuen. Arzallusen ustez, ama hizkuntza ez baita lehen ikasten dena, ez eta amaren magaletik jasotzen duguna, ama hizkuntza pentsamendua sortzen duen hizkuntza da. Eta mezua, argia izan zen: «Herri hau euskaraz pentsatuko dugu edo ez da izango».
Eta hori ere ibilbide batekin lotu zuen: “Enetzat, pentsatzeko baliatzen dugu hizkuntza. Gure arrazoiak eta irudiak nola fabrikatzen ditugun, han dago gure ama hizkuntza. Eta posible da, bizitzan zehar, euskara ama hizkuntza bilakatzea, euskaraz pentsatzen ikastea”

2.562 km. Gasteiz. 2019. Maialen Lujanbio
Klika, Korrika oihuek ahoz aho Euskal Herri osoa zeharkatu ostean iritsi zen Gasteizera Korrika bere 21. edizioan, 2019an. Omendua Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi izan zen, euskara batuaren sortzaile nagusietako bat. Izan ere, mende erdi betetzen zuen euskara batuak.
Garesen abiatu zen eta Gasteizen amaitu, Andra Maria Zuriaren Plaza gainezka zegoela, txalo artean igo zen mezugilea plazako eskaileretan gora, eta lehendabizi bertso bat kantatu zuen, eta ondoren ireki zuen lekuko barneko mezua: Klika! Sistema eragilean.
Lelo nagusiarekin egin zuen jolas Lujanbiok, digitalizazioak sortutako imaginario partekatuko elementuak erabiliz, eta batez ere erabiltzera bultza eginez:
…KLIKA!
Hizkuntza ez da edukitzekoa.
Lizuna egiten zaio barruan gordeta, lika.
(…)
Korrika egin, munduari gure oinekin eragiteko.
Egin, eragiteko.
Eragin, eginarazteko.
Norbanakoak egin.
Herri mugimenduek eragin.
Erakundeek eginarazi.
Egin, eragin, eginarazi.
Aukerak eskaini eta euskara eskatu.
Datozenei ere eman euskaran ostatu
eta eskertu
eta ospatu.
Gu elkartzen gaitu zer ospatuak
Gu, eta Gu honen baitako Gu-ak: (…)
Omenduari so eginez amaitu zuen azken puntua:
Mundu bat euskarak,
mende erdia Euskara Batuak,
eta ehunka milaka bizitza eta gogo
EUSKARAK BATUAK.
2.175 km. Bilbo. 2026. Oier Iñurrieta, Oihana Arana, Elene Mengyu, Beñat Jusue, Aitzol Gil de San Vicente, Xalbat Alzugarai eta Leire Casamajou.
Errigora izan zen udaberri honetako omendua, Erriberatik hasi eta Euskal Herri osora zabaltzen baitu bere uzta, Korrikak euskara zabaltzea asmo duen bezalaxe. Atharratzetik abiatu zen eta Bilbora iritsi zen Euskara gara lelopean.
Une hunkigarria izan zen udaletxeko iritsiera, lehen aldiz ohi baino gorputz handiagoa hartu baitzuen mezuak. Zazpi gaztek idatzi eta irakurri zuten, Euskal Herriko herrialde bakoitzeko gazte batek, eta aldi berean zazpiek elkarturik. Mezu argi batekin: “Euskara gara eta hemen gaude. Hemen gara eta euskaraz gaude. Aurrera goaz. Bazatoz?”.
Horietako batzuek badute bertso ekosistemarekin lotura, Bertsolari aldizkariak Oihana Aranari eta Xalbat Alzugarairi galdetu die beren bizipenen inguruan. Oso modu berezian bizi dute aurtengo edizioa, baina Aranak azaltzen du betidanik izan duela harreman estua Korrikarekin. 2007koa du lehen oroitzapena, Iruñeko amaiera ekitaldian, baina ia edizio guztietan pasa izan denez beren bailaratik, lanketa handia egin izan dutela kontatzen du: “Beti oso modu aktiboan hartu dugu parte. Niretzat bada oroitzapen eta sentsazio politak ekartzen dizkidan ekimen bat, badut halako lotura afektibo indartsu bat”. Alzugaraik, berriz, Urepeletik abiatu zen edizioan ditu aktiboki parte hartzearen lehen oroitzapenak.
Nola jasotzen da Korrikako mezua idazteko proposamena? “Pixka bat harritua nintzen ni proposatu izanaz. Aldi berean, beste edozein gazteren mezua ere izan zitekeen. Hastapenetan harrituta, baina larriduraz bezala hartu nuen, ez nuen denbora asko izan erantzuteko eta fite asko baiezkoa eman nuen”, halaxe bizi zuen urepeldarrak. Aranari ere hasiera batean ez zitzaion sinesgarria iruditzen, baina hausnartu ostean “baiezkoa esatea derrigorrezkoa” zela erabaki zuen, ezin zaiola ezezkorik eman horrelako proposamen bati.
Baiezkoa esan, baina gero idatzi egin behar da, zazpi pertsonaren artean, gainera. Prozesu hortaz galdetuta, “polita, baina arraroa” deskribatzen du Aranak; izan ere, zazpi pertsonen errealitateak oso ezberdinak dira. Bakoitza leku batetik joan zen testu horren sorkuntzara eta adostasunak lortzea ez da beti erraza. Ozaetako sormen gunean elkartu zirela kontatzen du Alzugaraik eta, zorionez, testua denona izatea lortu zutela, Aranak idazketan duen esperientziak emandako laguntza txalotuz.
Bilboko zubia eta irakurtzeko momentua “aski disoziatuak” bizi zituen urepeldarrak, bere beldur bakarra ez trabatzea zela eta bikain pasatu zuela aitortzen du: “Emozio handiz irakurri genuen, zinez gogoa genuen sortutako guztia plazaratzeko. Uste dut irakurritako mezuaz gain, Bilbon eman dugun irudia bera ere mezua dela”. Ildo beretik jotzen du Aranak ere: “Hainbeste jenderen aurrean guri inporta zaigun eta guk idatzitako testu bat irakurtzea, jendearen besarkada hori sentitzea kanpotik, baina baita gu ere zazpiok elkarri helduta joatea Bilboko zubi horretan barrena… Oso esperientzia potentea izan zen eguna bera”.
Ohi baino prozesu kolektiboagoa izan zela pentsa daiteke, izan ere, mezuaren egiletza eta mamia sekretuan eraman behar dira. Negu honetan, ordea, zazpi gorputz ari ziren esan nahi zutenari bueltaka, isilpean. Gorputza agertu zitzaien parera, mezuak dio: “Urrats bat eta bestea, gorputz bat egin dugu denona. Ez dezagula ahaztu hori bihar, bakoitza berera itzultzen garenean. Euskarak egin du gorputza. Hizkuntzak eraldaketarako tresnak dira, leku bat ematen digute bizi gaitezen. Euskarak herri hau eman digu. Horregatik mintzo gara izateaz, egiteaz. Euskaraz egin egiten da, baina izatea ez da edozein gauza. Izatea egotea ere bada, nonbait mugimenduan, borrokan”.
Aranak azaltzen digunez: “Gizarte antropologian erabiltzen den kontzeptu bat da gorputz politikoarena eta apur bat kontzeptu horren inguruan edo kontzeptu horri bueltaka hasi ginen idazten. Gorputz politikoa da zerbaiten alde, zerbaiten kontra edo zerbaiten inguruan talde batek egiten duen ekintza kolektibo bat-edo. Eta guri iruditzen zitzaigun Euskal Herrian, euskararen alde aktibatzen den gorputz politikorik potenteena Korrika dela. Hori kontuan hartuta eta Korrika ekintza bera oso ekintza korporala denez —hitz egitea izan ahal den bezala—, baina korrika egitearen ekintzak berak ematen zigun iruditeria oso handi bat: izerditzea, nekatzea, aurrera ibiltzea…”.
Alzugarairen ustez gorputzak “eremu politikoak” dira, eta horiekin jarduten dugu egunerokoan: “Sinpleki uste dut hori dela, eta beraz Korrika gorputza dela eta gorputz hori azken finean Korrikarentzat euskal komunitatea dela”. Deskribatu egin dute gorputz hori, eta halaxe azaltzen du: “Gorputz hori egiten da nekatu, asaldatzen da, irri egiten die batzuei, orro besteei, eta gorputz fisikoaren eta euskal komunitateak izan dezakeen edo duen gorputzaren arteko zubi bat egin dugu. Egiazko gorputz bat ere nekatzen baita, asaldatzen baita, biziberritzen baita… Bien arteko zubi hori eraiki dugu abiapuntuan dagoen hausnarketa gorputza euskal komunitatea dela kontuan hartuta”.
Bertsotan ere, maiz ezabarazi nahi arren, gorputzak badu presentzia. Aranak edozein aldarri edo borroka ere gorputzetik abiatzen dela adierazten du, pentsamenduak zein ideiak ere gorputzaren parte direla uste du: “Bertsotan jarduten dudanean ere ideia horrekin egiten dut. Ulertuta gorputzetik egiten dugun zer edo zer dela, beste gorputz bat izango bagenu eta beste leku batetik egingo bagenu diferentea izango litzatekeela, eta jasotzen gaituen hori ere gorputz kolektibo bat dela, badagoela hor askotarikoa den hartzaile bat eta harekin elkarrizketan jartzen garen aldiro diferente erreakzionatuko dutela gure sentsibilitateek, gure gorputzek eta abar”.
Mezugile urepeldarrak bertsolaritzan ere gorputza lantzen dela uste du, gorputz disidenteen arteko saretzea beharrezkoa dela iruditzen zaio, eta ahalduntze eskola horretarako gakoa dela nabarmentzen du. “Azken finean, gorputz jakin batzuk oholtzatik kanpo geratu direlako luzaz. Eta gorputz politiko batzuk ahaldundu egin behar dira lekua hartzeko, eta euskal komunitatea ahalduntzen da Korrikan parte hartzeko, komunitatea indaberritzeko Korrikaren bidez eta uste dut kontzeptu hori intersekzionalitatez edo sektore guztietan beharko genukeela aplikatu euskaldun gisa. Geure burua ahalduntzeko gaitasun hori eta ertzetako gorputzak, genero eta guztiak barnebiltzeko eta lekua egiteko. Bertsolaritzan hori gertatzen baita orain, eta lehen presente ez ziren gorputz batzuk gaur egun oholtzan presente direlako eta lanketa luze baten ondotik”.
Korrikan zein bertsotan gorputzak nekatu egiten dira, asaldatzen, izerditzen… baina aurrera egiten dute, irriz eta orroz. Horra beste antzekotasun bat.
Bertso doinuetatik soinu bandetara
Kopla doinuekin abiatu ziren Korrikaren lehen edizioak, eta musikagintza zein letragintza aldatuz joan diren heinean, Korrikaren abestiak ere eraldatuz joan dira. Batzuek zangoak mugitzeko beharrezkoa den erritmoari erreparatzen diote, beste batzuek bozgorailuetatik ateratzen den ahotsari, baina bada hitzei erreparatzen dienik ere, eta ez gutxi. Korrikaren 24 ediziotan gutxienez 10 dira bertsolariek idatzitako hitzekin osatu diren kantuak.
Beste bide askoren antzera, Xabier Amurizak ireki zuen bidea. 1980. urtea gogoan izango du Amurizak, izan ere, Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko irabazlea izatearekin batera, Korrikaren lehen edizioko hitzak idaztea ere egokitu zitzaion. Korrika 1 izeneko abestia ondu zuen. Txalaparta doinuak eta koruak lagun, berak osatutako koplek hartzen dute erdigunea.
4. Korrika 1985ean egin zen eta Herri bat, hizkuntza bat aldarri hartuta, Lontxo Aburuzak egin zituen bertsoak, Bizkaiko Txerriarenak doinuan. Zuzenean bertsolariek ez bazuten egin ere, bertso doinuz osatu zen 1987ko Korrikako abestia, Xanti eta Maiderrek Egun da Santi Mamina doinua hautatu baitzuten Gu AEK-koak gara abestia sortzeko.
1993an antolatu zen 8. Korrika Denok maite dugu gure herria euskaraz lelopean, eta Tapia eta Leturiak musikatu zuten Aide Korrika abesti arrakastatsuaren hitzak Jon Sarasuarenak dira. Aurrera jo, eta Korrikak hamar edizio bete zituenean Gozategi taldea arduratu zen abestia egiteaz, Euskal Herria Korrika, Andoni Egaña arduratu zen hitzak pentsatzeaz.
Joxe Ripiauren doinuek hartu zuten 1999ko Korrika eta Maialen Lujanbio izan zuen taldeak bidelagun hitzak asmatzeko, 1+1 hamaika leloa erabiliz egin zuen jokoa. 2003ko Korrikan ere bertsolari batek idatzi zuen Korrikaren abestiko letra, Igor Elortzari egokitu zitzaion, eta Mikel Laboak eta Ruper Ordorikak abestu zuten Gero bat gaurdanik kantua.
Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira! hartu zuen lelotzat 2009ko Korrikak, 16. edizioan, Betagarrik musikatu zuen Ongi etorri lagun kantua, eta Jon Maiak idatzi zituen aurrez hitzak.
Erritmo biziko abestia izan zen 20. Korrikakoa, 2017. urtean, Zirkorrika abestiaren hitzak Uxue Alberdik idatzi zituen eta musika Xabier Zabalak egin zuen. 2022ko Korrikan, Hitzekin izeneko abestia Nerea Urbizuk zuzendu zuen Sustrai Colinaren hitzak erabiliz, Anariren eta Ane Garciaren ahotsekin batera.
Garaian garaiko erradiografia ere egin daiteke Korrikako abestiei segika. Uneko aldarriak, uneko musikagintza eta uneko letragintza uztartzen baititu, eta tartean baita bertsolarien estiloak ere.





