[NAZIOARTEA] Kan ha diskan: Bretoierazko txandakako kantua

Ronan Gueblez-(r)en argazkia Ronan Gueblez 2026-11-24

Kan ha Diskan abeslaria. Ingeniari agronomoa. Dastum kultur elkarteak bretoiaren ahozko ondarea bildu, babestu eta transmititzen du, eta bertako lehendakaria da.

Kan ha diskana:  irudi batean ageri da abeslari bikote bat gerritik helduta oholtza batean, dantzari andana baten aurrean. Kan ha diskan ezin da bereizi fest-nozetik (gaueko jaialdia). Bretainian urte osoan zehar areto estalietan edo kanpoan egiten den jai ekitaldia da fest-noz, eta Unescok Gizateriaren Ondare Immaterial izendatu zuen 2012ko amaieran. Baina fest-noz ekitaldi bat da eta kan ha diskan, abesteko modu bat.

Kan ha diskana txandakako kantua da, non bi bakarlarik elkarri erantzuten dioten, bigarren kantariak (diskaner) lehenengoaren (kaner) hitz berak errepikatuz ekinda: kan “kantua” da; eta diskanek, kontestu honetan, “kantuaren errepikapena” esan nahi du, nahiz eta “errepika” edo “lelo” adierak ere badituen. Esamoldea ez zen oso ohikoa izan bretoi hiztunen artean 1960 ingurura arte. Bretoierazko kulturaren berpizkundeak ezagun egin zuen orduan, eta “dantza abestia” esan nahi duen kan da zañsal perifrasia maiz erabiltzen zen.

Jean-Michel Guilcherren arabera, publiko orokorraren begietara, dantzarako  abesteko modu berezi bat da kan ha diskana. Baina txandaka abesteko teknika hau dantzaz besteko hainbat testuingurutan ere praktikatzen zen. Kan ha diskan eran abestutako melodien grabazio ugari egin dira.

 

Kan ha diskanaren ezaugarriak

Kan ha diskana bereizten duten hiru elementu:

1- Hitzak bretoieraz dira, beraz, Bretainia Behereko errepertorioez ari gara. Bretainia Garaian, Bretainiako ekialdeko erdian, ez da bretoiera hitz egiten eta ez da kan ha diskana praktikatzen.

2- Praktikatzen den eremua Bretainia Erdialdera mugatzen da: kan ha diskana ezezaguna da Bretainia Behereko kostaldeko eremu zabal batean, eta baita Vannetais eskualde osoan ere (Morbihan departamenduko mendebaldeko zatia, non bretoiera hitz egiten den); eremu horietan, beste teknika bat erabiltzen da: bakarlari bati koru batek erantzuten dio,  Bretainia Garaian eta Europako ipar-mendebaldeko hainbat eskualdetan bezala.

Dantzari dagokionez, kan ha diskanak Bretainia Erdialdeko dantzen laguntzeko baino ez du balio: gavotte, plin, fisel, kost ar c’hoad eta hain ohikoak ez diren zenbaiti.

3- Kan ha diskanaren ezaugarri nagusiak xehetasun txiki bat irudi luke: abeslari bakoitzak bere kidearen esaldiaren azken silabak errepikatuz ekingo dio. Hitzak  idazterakoan, kopla bakoitzak bi lerro dituelarik, imajinatu behar da bi kantarien ahotsak entzuten direla “ezkonduz”, elkar lotuz. Ezkontze hori, kantuak jarrai dezan bermatzen duena, kan ha diskanaren ezaugarria behinena da, bai melodia bat abesteko, bai dantzarazteko.

 

Kan ha diskan
1984an Bretainia Erdialdean egindako fest-noz (bretainiako dantza tradizionalaren jaialdia) baten kartela: kontuan izan mahaiko ardo marka baten iragarkia (Dastum bilduma)

 

Kan ha diskanaren sustraiak eta garapena

Kantua nonahi zegoen Bretainiako landa eremuko gizartean eta Bretainia osoan. Praktikatzen zen lekuetan hainbat egoeratan entzun zitekeen: aire zabalean, non bi pertsonak lanean ziharduten bata bestearen gertuko bi lurretan elkarri erantzuteko moduan; otorduetan edo gau-ekitaldietan,  bakarkako kantuarekin batera; eta noski, dantzatzeko orduan. Dantza egiteko aukerak ugari ziren aspalditik, eta Bretainia Behereko dantzarako zaletasun neurrigabeak kanpoko behatzaile asko harritu zituen.                                                                                                                                             

Kontraerreforma Aita Maunoirren predikazio misioen bidez egin zen Bretainian, zeinak adierazten zuen St. Mayeux parrokian (frantses hizkuntzarekiko muga linguistikotik oso gertu) gazteak elizatik irteten zirela meza amaitu baino lehen dantzara joateko. “Barkamenetan”  ospakizun erlijiosoak eta laikoak nahasten diren jaialdiak, Les fêtes de l’aire neuve  (buztinezko gainazal bat trinkotzeko egiten den dantza) eta ezkontzetan (Monts d’Arréen 1.800 pertsona biltzera iritsi ziren), gaita-jotzaileak edo abeslariak izaten ziren dantza gidatzen, desberdintasun nagusi batekin: gaita-jotzaileei ordaindu egiten zitzaien eta batzuetan urrunetik etortzen ziren, kan ha diskan abeslariei ez bezala, kantari onak edozein herritako plazetan aurki zitezkeen eta.

Kan ha diskana nagusi izaten zen fest-nozean, eta askotan beste izen batzuekin deitzen zitzaion (nozvez, filaj): jatorriz dantza saio bat zen, egun bateko lanaren ondoren erlaxatzeko modu bat, etxalde batean auzolanean parte hartu zuten pertsonen artean; adibidez, patata biltzen. Dantzari zirkulu txiki bat osatzen zen —dozena edo hogei bat pertsona—: garrantzitsua da ulertzea kan ha diskan abeslariak zirkuluan egoten zirela, ez eszenatokian. Bi mundu gerren artean fest-nozaren gainbehera hasi zen, eta harekin batera, kan ha diskanarena. Beste entretenimendu mota batzuk agertu ziren, hala nola dantzaldiak orkestrekin, eta haien akordeoi eta saxofoi soinu berriek gazteria liluratu zuten. Paradoxikoki, Okupazioak berpiztu egin zuen fest-noza, ospakizun txiki eta independente honek dantzen eta bestelako entretenimendu formen debekuetatik ihes egin baitzuen.

Kan ha diskan
Morvan anaiak, Udaberria Châteauneufen, 1991 (Dastum bildumako argazkia).

 

1950 inguruan,  pertsona gutxi batzuek erreakzionatu egin nahi izan zuten, horien artean Loeiz Roparzek: 1954ko abenduaren 26an Poullaoueneko dantzaleku batean antolatutako “kan ha diskan egun” arrakastatsuaren ondoren, dantzaren printzipioa fest-nozera eramatea bururatu zitzaien, eta 1957an, aro modernoko lehen fest-noza antolatu zuten, berriro ere Poullaouenen: oinarrizko soinu ekipamendua zuen oholtza bat aski zen ehunka dantzaren artean kan ha diskan kantariak entzuteko. Formulak arrakasta handia izan zuen berehala arlo horretan. Azkar zabaldu zen, eta Bretainia osoa konkistatu zuen 1970eko hamarkadan.

Bilakaera hori, abeslariak dantzarien zirkulutik ateratzea, iraultza izan zen kan ha diskanarentzat: hasierako urte horietatik dator mikrofono bakarraren inguruan gerritik helduta egoteko ohitura, batzuetan abeslari gazteek mantentzen duten usadioa; dantzariak gero eta eremu zabalago batetik zetozenez, kan ha diskan kantarien errepertorioa zabaldu egin zen, ordura arte beren jaioterri edo eskualdekoa bakarrik interpretatu baitzuten. Gero eta urrunago bidaiatzen hasi ziren abesteko, 1970eko eta 80ko hamarkadetan, batez ere haietako ospetsuenak. Goadec ahizpak lehenik eta Morvan anaiak ondoren Bretainia osoan ibili ziren biran. Goadec ahizpek Parisen ere jardun zuten 1972an eta 1973an, gehienbat emigrante bretoiez osatutako publiko sutsuaren aurrean.

Yann-Fañch Kemener eta Marcel Le Guilloux, Dastum elkartearen 20. urteurreneko fest-deizean Berrienen, 1992ko urrian (Dastum bildumako argazkia)

 

Kan ha diskana gaur

Kan ha diskanaren berpizkundeak abeslari beteranoei beren artea iraunarazteko aukera eman zien. Bretainia Erdialdean zeuden, adibidez, Jean Poder, Jean-Marie Youdec, Albert Bolloré, Yves Dubois, Yves Calvez, eta geroago Manu Kerjeanek eta Marcel Le Guillouxek askotan beren jaioterrian jarduten zuten, Goi Kornualle eskualdean. 1980ko hamarkadan belaunaldi berri bati eman zioten lekukoa, bi abeslari handiri: Yann-Fañch Kemener eta Erik Marchandi. 1990etik, kan ha diskan abeslari gazte berrien belaunaldiak sortu dira, eta eskualde guztietan, dozenaka dira; batzuk dagoeneko finkatuta daudenak eta beste batzuk hasi berriak.

Ikasi oraindik ere ikasten da, jakina, fest-noz kantariak entzunez, baina transmisiorako bide berriak ere badaude: abeslari ezagunek zuzendutako tailerrak eta Dastum elkarteak doan eskuragarri jarritako milaka grabazio entzutea ezinbestekoa bihurtu da. Azken finean, ahozko transmisioa egiten da oraindik, baina idatzizko materialak ere badu bere lekua orain: bretainieraren erabilera urriaren ondorioz hitzak ezin dira entzute hutsez bakarrik ikasi, idatzizko euskarriak lagungarriak dira. Hala ere, bretoiera Diwan eskola elebidunetan irakasten da, eta oraindik minoritarioa izan arren, ia 20.000 ikasle baditu eta fruituak ematen ari da: tailerretan, gazteek letrak hobeto menperatzen dituzte askotan gaztarotik, bretoieraren oroitzapena baino ez duten heldu batzuek baino.

Kan ha diskan
Sterenn Diridollou eta Marine Lavigne, Dastumen 50. urteurrenerako fest-deizen, Lorienteko Jaialdi Interzeltikoan, 2022ko abuztua (Jean Maurice Colombelen argazkia).

Fest-noz eszena eboluzionatu eta dibertsifikatu egin da: hasieran, bikote emanaldi tradizionalak —kan ha diskanak (dei eta erantzun kantua) eta biniou bombarde (biniou, gaita bretoia eta bombarde, oboe moduko bat) bikote batek— bakarrik hartzen zuten eszenatokia; 1970eko hamarkadatik aurrera, Bretainiako dantza-musika taldeak nagusitu ziren, 1980ko hamarkadan gehiengoa izateraino. Fest-noz karteletan abeslari edo musikari bikoteak agertzen dira orain taldeen ondoan, azken hauek programan dauden bakarrak ez direnetan! Hala ere, Bretainia Erdialdean, bere jatorrizko sehaskan, ezinbestekoa izaten jarraitzen du eta gutxi dira kan ha diskan bikote bat programatzen ez duten fest-nozak, ekitaldi handienak barne.

Bestalde, kan ha diskan melodiak abesteko aukera gero eta txikiagoa da, besterik gabe jendaurrean abesteko aukerak desagertu egin direlako. Gaueko kantu emanaldiak antolatzen dira kafetegi batzuetan, baina batez ere Bretainia Garaian edo Vannes eskualdean, kan ha diskana ezezaguna den eremuetan: egia da publiko osoak erantzun dezakeen lekuan abestea egokiagoa dela testuinguru honetarako. Alderantziz, horrek erakusten du duela ia 70 urte fest-nozen berpizkunde arrakastatsuak salbatu zuela kan ha diskan ahanzturatik.

 

Musika Forma

Dantzarako kan ha diskanera mugatuko gara: kan ha diskanean abesten diren melodiak oso libreak dira erritmoari dagokionez, luzera desberdinetako esaldi musikalak dituzte eta interpretazioak kontuan hartzen ditu letraren edukia eta transmititu ditzaketen emozioak. Azkenik, kantarien txandakatzea eta haien arteko loturak baino ez dira geratzen.

Esan dezagun, lehenik eta behin, askok zentzugabekeriatzat joko luketela Vannes eskualdeko dantza bat kan ha diskanean abestea! Kan ha diskana bere eremu geografikoko dantzetarako soilik erabiltzen da, non hiru  dantza nagusiak —gavotte (Montagne ere deitua), fisel eta plin—serie bat osatzen duten: dantza doinu bat bi dantza doinuk biltzen dute. Lehenengoak tonalitate sinple bat izan ohi du —8 taupadako bi esaldi—, bigarrenak tonalitate bikoitza —8 taupadako esaldi bat eta ondoren 16 taupadako esaldi bat—. Kanerrak (lehen kantariak) abesten duen esaldi bakoitza diskanerrak (bigarren kantariak) errepikatzen du.

Hitzak zortzi silabako esaldi batera egokituta daude, eta, oro har, silaba bati nota bat dagokio. Batzuetan,  esaldiaren hasieran silaba “betegarri” bat gehitzea eskatzen du (adibidez, “na”) edo, alderantziz, silaba gehiegi daudenean kontrakzioa egitea.
Kan ha diskan dantza abestiek oinarrizko ezaugarri bat dute: doinuak eta letrak trukagarriak izan daitezke. Beraz, hitz multzo bakoitza dantza baten doinu guztietarako erabil daiteke, izan tonu sinplean nahiz bikoitzean. Eszenatokira igo aurretik, bi kantariek hiru galdera egiten dizkiote beren buruari: zein dantza egingo dugu, zein melodiarekin (tonu sinplean, tonu bikoitzean) eta zer hitz jarriko dizkiogu? Tonu bikoitzean, hitzak bitan banatzen dira 16 silaba esaldian: hitz mintzatuen 4 silaba, gero apaingarrien 8 silaba (lalalala… lalaléno), eta azkenik hitz mintzatuen beste 4 silaba. Apaingarriak bikote batetik bestera aldatzen dira, soiltasun handitik hasi (Morvan anaiek “la” silaba bakarrik erabiltzen duten bezala) eta ausardiara, silaba anitz erabiltzeko oparotasunera (Manu Kerjean edo bere ikasle den Erik Marchanden antzera).

 

Kan ha diskan
Erik Marchand eta Manu Kerjean, fest-noza Dastumen 20. urteurrena ospatzen, Berrienen, 1992ko urrian (argazkia Guérin, Dastum bilduma)

 

Tonu sinplea dei batekin hasten da, eta ondoren bertso bat edo bi datoz, non melodia dantzaren erritmo eredutik askatzen den, poliki abestuz eta nota jakin batzuk mantenduz: interpretazio-askatasun une handia da bi kantarientzat (elkar lotze gutxiago eraginez). Dantzariak bat egitera deitzen dituen klaxon hots moduko bat… horrek eskuetan duten edaria azkar amaitzera eramaten ditu! Jatorrian, kantari batzuek, hala nola Per Boudouin de Plévinek, zortzi bertsotara (kopletara) luzatu zuten, baina moda hori galdu zen. Tonu bikoitzaren deiak laburragoa izan behar du, dantzarien katea dagoeneko osatuta baitago.

Estiloari dagokionez —tempoa edo erritmoa— zaila da adierazpen orokor bat ematea, dantzaren araberakoa baita. Kan ha diskan kantarien belaunaldi zaharrenek, askotan, dantza bakarra abesten zuten eta beren estiloa horretara egokitzen zuten. Bretainia Erdialdeko beste dantza batzuk hartzeko errepertorioa zabaltzen hasi zirenean, jatorrizko estiloa mantenduz egin zuten. Gaur egungo abeslariak dantza bakoitzera egokitutako estilo bat izaten saiatzen dira. Baina estiloa dantzaren zerbitzura badago, hizkuntzaren zerbitzura ere bai, gutxienez maila berean: kan ha diskanaren eskualdean hitz egiten den bretoierak silaba batzuk nabarmentzen ditu, eta hori askotan islatzen du kantuak. Azentu hori, letrarekin batera aldatzen dena, bertso batetik bestera agertuko da berriro, batzuetan erritmo egokian, beste batzuetan erritmo okerrean. Hemen ezinbestekoa bihurtzen da bretoieraren ezagutza ona.

 

Marthe Vassallo eta Ronan Guéblez, Dastumen 50. urteurreneko fest-deizean, Pontivyn, 2022ko maiatza (argazkia Jean Maurice Colombel).

 

Melodien eta Letren Errepertorioa

Melodien (doinuen) errepertorioa askotan dantza bati dagokio; ezinezkoa da haren jatorria zehaztea, konpositoreak ezezagunak baitira eta eragin musikal ugari jasan baitzituzten, batzuetan jakin gabe ere: Bernard Lasbleizen duela gutxi argitaratutako Catalogue des timbres de la chanson betonnek (Bretainiako abestien melodien katalogoa) argi erakusten du hori. Melodia batzuk abeslari zehatz bati esleitzen zitzaizkion: Ton Jan Maï Youdeg (Jean-Marie Youdecen melodia), adierazten du melodia askotan abeslari honek abesten zuela, edo baita berak konposatu zuela ere, agian entzun zuen beste melodia batek inspiratuta… Zaila da zehatza izatea, egile eskubideen kontzeptua existitzen ez zen garaietan interprete askoren eskutik igaro zen errepertorio bat heredatu baitugu.

Hori egia da, bai abestutako melodientzat, bai interpretatutako melodientzat, azken hauek ez baitira beti egokiak abesteko, abeslari batek egin ditzakeen aldaketen ondoren izan ezik.

Letren errepertorioa hobeto dokumentatuta dago: XIX. mendearen hasieratik, biltzaileek testu kantatu ugari bildu zituzten. Beti abeslari bakar batetik bilduak bikote batek baino, letra horiek dantzarako erabil zitezkeen zehaztu gabe… baina argi dago dantzarako baliagarriak direla! Batzuk, Penguern edo La Villemarquéren bildumetan agertzen direnak, gaur egun ere erabiltzen dira kan ha diskanean. Baina letra multzo asko konposatzen jarraitu dute gaur egun arte, batzuetan anekdota hutsaletan oinarrituta: bitartekari batek egindako ezkontza proposamena, edo berriz hautatua izateko aurkezten den alkate baten erretratua. Bi adibide horiek protagonisten izenak ematen dituzte, eta horrek anekdota iraganean kokatzen du; konpositoreak askotan bere lana sinatzen du bere burua azken bertsoan izendatuz. Letra horietako asko XIX. mendean argitaratu ziren azoketan edo erlijio jaialdietan (fetes des pardons, barkamen jaialdiak) saltzen ziren eskuorrietan, Horrek haien zabalpena areagotu zuen, eta frogatzen du hiztunen zati handi batek bazekiela bretoieraz irakurtzen, uste orokorraren aurka.

Izan ere, letrak eta kontatzen dituzten istorioak askotan bereizketarik gabe erabiltzen dira entzuteko edo dantzatzeko abestietan, baina kasu honetan, dantzari eskaintzen diote beren esanahia baino gehiago, eta berdin abesten dira, dramatikoak, poetikoak edo anekdotikoak izan. Letra batzuk ezagunak dira dantza-kantarien artean, soinu bereizgarriak dituzten bertsoak dituztelako, edo erritmoarekiko azentuazio aldaketa batzuek dantzariak kitzika ditzakete:

Me zo merc’h d’un Intron goz, deus maner ar Faoued (beltxez : denbora)

Me zo merc’h d’un Intron goz, deus maner ar Faoued (beltxez : silaba azentudunak)

(Faouët jauregiko andre zahar baten alaba naiz)

Dantza-letrek normalean 10 eta 25 bertso artean izaten dituzte, gaur egungo dantzariak asetzeko nahikoa. Baina iraganean, oinetan egurrezko zapatak zituztela eta lan gogorraren ondoren, ziurrenik laburragoak izango ziren!

Kan ha diskan
Christophe Le Menn, bere seme Saïg Le Menn-Coïc eta Jean-Pierre Quéré, Fest ar C’han Poullaouen, 2023ko maiatza

 

Ondorioa

Bretainiako musikaren ikur enblematikoa dugu kan ha diskan genero klasikoa, era berean biniou bombard musikari bikoteak eta klarinete (treujenn gaol) jotzaile bikoteak  ere, Bretainia Erdialdeko eremu honetan bertan “kan ha diskan musikatua” egiten dutenak. Baina, taldeak eta bestelako instrumentu multzoak modaren gorabeheren mende daude, eta fest-noza ez da salbuespena.

1980ko hamarkadaren amaieran, Marcel Le Guilloux, Lanrivaineko kantariak, kan ha diskan praktika pixkanaka gainbehera zihoala ikusi zuen abeslari berrien faltagatik. Erik Marchandekin batera, tailerrak antolatzen hasi zen, abeslari gazte askori —testu honen bi egileak barne— arte hau praktikatzeko aukera emanez. Gaur egun, bretoieraren erabileran beherakada izan arren, etorkizuna ziurtatuta dago larunbat gauetan jendea dantzan jartzeko modu gisa, astebeteko lanaren ondoren: garai bateko landa munduan jada betetzen zuen helburu bera!

 

BIBLIOGRAFIA eta DISKOGRAFIA

Guilcher Jean-Michel, 1995. La tradition populaire de danse en Basse-Bretagne, Coop Breizh et Chasse Marée/Armen éditeurs, 617 pages. , cf pages 239-252

Kan ha diskan, Jean-François Quémener et Marcel Guilloux, 1982. Disque 33 tours, Arion éditeur

Ar vreudeur Morvan, 1993. Cd, Coop Breizh / RKB éditeurs

Kan ha diskan, 2007. Double cd, Coop Breizh / Al leur nevez éditeurs

Manu Kerjean, chanteur du Centre-Bretagne, 2007. Cd, Dastum éditeur

Les sœurs Goadec, chanteuses du Centre-Bretagne, 2012. Coop Breizh / Dastum éditeurs

Diwar an ero, 2018. Livret de 48 pages accompagné de deux cd, Al leur nevez éditeur

Vive la Liberté, Yann-Fañch Kemener et Eric Menneteau, 2021. Cd, Buda musique éditeur

Hiri, Erik Marchand, Eric Menneteau et Youenn Lange, 2024. Cd, Musiques têtues éditeur.

 

 

 

BIDEO ESTEKAK

Les frères Morvan : émission sur France Musique, 2025

Alan Rouz – Gwendal Berthou : dañs fisel, 2001

Noëlle Corbel – Claudine Flohic : dañs fisel, 2025

Marie-Laurence Fustec – Brigitte Le Corre : gavotenn mod Kalanhel, 2019

Kan ha diskan  Kan ha diskan  Kan ha diskan  Kan ha diskan  Kan ha diskan  Kan ha diskan  Kan ha diskan  Kan ha diskan  Kan ha diskan  Kan ha diskan  Kan ha diskan