Bertso ibilbidea: GERNIKA

Josu Goikoetxea-(r)en argazkia Josu Goikoetxea 2026-11-26
Argazkiak: Xabi Goikoetxea

Bertso ibilbidea GERNIKA –

GERNIKATIK BERTSORA

 

Gernika, Gernika, mundu zabalean oihartzun egiten duen izena, Gernika. Arbola santua, adoratzen duguna, eta bonba eta sua, hegazkin asesinoa, eta margoa. Eta gernikarrarentzat, berriz, hori ere bai, baina batez ere bere eguneroko herria, kale eta plaza, etxe eta taberna, kaleko enkontrua eta pertsiana jaitsia, euskara eta euskararen galera, eta euskara bizi berria, eta baita euskara gaixo berritua ere, borroka horretan. Jada existitzen ez diren haurtzaroko lekuak, eta existitu arren helduaren begiak diferente ikusten dituen lekuak, Gernika, herri harroa, herri dotorea, hartzailea eta kentzailea, inguruko herrietako epizentro ekonomikoa. Gernika eta… Lumo! Lumo barik hiribildua ehun iltzeko esparru lurbakoa litzatekeelako. Kulturaz jantzitako Gernika, elkarteena eta norbanakoena, zaharrena eta helduena, plazakoa eta sofakoa, goikoa eta behekoa, zein den zein ondo jakin gabe. Bertsotan ere kantatu daitekeen herria, Gernika.

 

Gernikako Arbola

Umetan, ikastolara bidean, egunero-egunero haren ondotik igarota, Juntetxea eta Arbolaren itzala herriko beste edozein toki ziren, haien esangura historiko eta sinbolikoaz ohartzeke. Gerora etorri ziren kontzientzia politikoa eta abertzaletasuna. Tamala da han egiten den zina oraindik hiru herrialderentzat izatea soilik. Gernikako Arbola, errealitatearen isla zein etorkizuneko esperantza.

Hainbat bertsogilek idatzi eta kantatu dizkiote bertsoak Gernikako zuhaitzari. Nik Bizkaian oso estimatua izan den gorputz txikiko eta ekin handiko Luis Baraiazarra Meñakako fraile karmeldarraren sorta hau aukeratu dut. Poeta zen Baraiazarra. Hau idatzi zuen:

Untzorriak sustraituz
zure ximurretan
ezkata-sare latza
larru-ixurretan
ikusten zaitut, Haritz,
lehenaren lorretan
zahartzaroko irudi
urtetsu horretan.

Asabak biltzen ziren
zure itzalera
herri-ohitura zaharrei
zerien legera;
bakezko ikur zinen
askatasun lera.
Geroztik ezbeharra:
Foruen galera!

Zure auhen tristea
Euskadin entzuna
kezkaz hartzen diogu
hileta-zentzuna;
Iparragirrek jasoz
nigar-oihartzuna
bertso-doinutan bildu
zizun erantzuna.

«Gernikako Arbola»
kantatuz ozenki
dardara bat barnean
zuten haiek senti;
gero gartzelarako
kantaria atxiki.
Negar egingo luke
hire amak baleki!

Munduz mundu darama
herriko negarra
berea esijituz
dirauen deadarra.
Mendez mende datorren
iraupen-indarra;
suspertuko ote da
gure Haritz xaharra?

 

Ederra da, Gernikako Arbolaren aurrean, lehendakariak zina egiteko erabili beharreko esakuntza:

Jaungoikoaren aurrean apalik, Eusko lur gainean zutunik, asaben gomutaz, Gernikako zuhaizpean, herri ordezkarion aintzinean, nere agindua ondo betetzea zin dagit. Zin ederra da, zinez.

Xabier Amurizak ere egin zuen zina 1979ko Txapelketan, Gernikako finalaurrekoan. Joxe Mari Iriondok jarri zion gaia handik gutxira txapeldun izan behar zuen bertsolariari:

Euskaldun batek baino gehiagok egin du hemen, Gernikan, bere zina. Hik ere egik hire zina.

Galtzak soinean euki ezinik
hemen dator Amuriza
testigu zuek zarete eta
Gernikan dagon haritza
Euskal Herria, zuretzako da
nire juramentu hitza
badakizunez heriotzatik
argira hortxe gabiltza
zu askatuta ikusi arte
emango dizut bizitza.

Juramentuak ez du ezertxo
obrarik gabe balio
euskaldun bati bere odola
ta indarra eskatzen zaio
zer aurrerapen, zer tresna berri,
zer zientzi ta arraio!
Gizaki bati bere pultsua
askatasunak damaio
esklabo bizi garen mundura
hobe zen basurde jaio.

Hitz egitean zin egin dugu
bakoitzak badaki nola
nire arima oraintxe dago
esperantza dariola
juramentua egiten dizut
oi Gernikako arbola!
Gure herria ez dala hilko
ezpatapean inola
hortako behar banauzu hemen
daukazu nire odola.

 

Babeslekua

Gainez egin dio Gernikari 1937ko apirilaren 26an bizi izan zuen bonbardaketa latzak. Aurrez Otxandion, gero Durangon, baita Eibarren eta beste hainbat lekutan ere izan ziren bonbardaketa lazgarriak. Gernikari egokitu zitzaion euskaldun masakratuen bilgune sinboliko bihurtzea.

Urte luzez utzita egon ondoren, behingoan salbatu zituzten Astra arma fabrikako babeslekua eta Talleres de Guernicako bestea. Orain bonbardaketaren aztarren egiazkoenak dira herrian. Oihartzun ikaragarria egingo lukete Basarriren bertso ezagunek babeslekuko barrunbean kantatuz gero.

Bertso ibilbidea GERNIKA

Mila ta bederatzirehun da
hogeita hamazazpia.
euskotarrentzat urte beltz, ilun,
triste ta negargarria.
Hauts bihurturik utzi zutena
Gernika zoragarria.
euskal reliki maitatuenak
gordetzen zitun herria.

Pitxirik goxo ta kuttunena
zu zinan euskaldunentzat
lur mardul, ona eman baizendun
arbola santuarentzat.
Pentsatu hutsez begiak ibai
ditugu negarrarentzat.
Horra zer sari modu zeukaten
etsai ankerrak zuretzat.

Apirileko hilarekin zan,
hogeita seigarrenean,
hain juxtu ere peri eguna
astelehen arratsaldean;
kale-basarri, milaka anai
gizatasun ederrean
plaza inguruan aurkitzen ziran
lehengo ohitura zaharrean.

Kanpantorreko ezkilak hasi
ziran dinbili-danbala
Goiko piztien motor burrunda
entzuna zan berehala
Emakume eta ume gaixoak
kurrixka zeriotela
heriotzari ihesi nahirik
nora jo ez zekitela.

Bertsoz nork esan bonba txar haien
indar gaiztozko danbarra?
Ez zuten behintzat osorik utzi
bizileku bat bakarra
Ta dana xehetu zuten garaian
alde guztitik sugarra
Errugabeko gixaxoentzat
horra hor azken ederra!

Bizi ziranak ihesten zuten
sutegi zakar hartatik,
baina hegazkinak tiro ta tiro
etengabe goietatik.
Kristau gorputzak alde batetik
beso-buruak bestetik,
odol gorrizko itsaso hartan
ez zan ikusten besterik.

Ehunka izan ziran etxe jausien
zakarpetan geldituak,
Nork daki zenbat kale gorrian
zeharo erdibituak?
Inpernu hontan uzten gaituzte
laguntza gabe galduak,
o, euskaldunen min oinazerik
ez du sentitzen munduak

Milatik gora igaro ziran
arnasa utzitakoak
Ez jakin zenbat bizi guztiko
eri gelditutakoak.
Horietatikan gehientsuenak
andrezko ta umetxoak
Guda txar hortan erru galantik
izango zuten gaixoak

Puska dituzte gure herri polita,
apain eta maitekorrak,
puska dituzte baserri txuri,
gure kabi on, xamurrak.
Ta zirtzildurik kaletan utzi,
o, euskaldunen hezurrak
Alemanitik gu txikitzera
etorritako maltzurrak

Basati gaizto odolzaleak
atzerritatik ekarten
tokirik zoragarrienari
txikitu ta su ematen…
Hauts egindako gure Gernika
antsika dago esaten
Franco ta bere laguntzaileak
zein bihotz ona daukaten

España haundi bat egin asmotan
gerra txar hortan hasiak;
euskal herririk ederren haiek
zeuen aginduz hautsiak
Denborak joanda gero damutzen
zeraten pekatariak,
zer grinatako jaunak zeraten
badaki mundu guztiak

Ikusi zuten neurrigabeko
pekatua zeukatela,
ikusi zuten hainbat kristau on
odolustu zituztela,
Ikusi zuten mundua kontra
jeikiko zitzaietela,
eta orduan zabaldu zuten
gorriak erre zutela

Bere lekuan erne ta zintzo
hortxen dago euskalduna,
berak baitaki zein ederra dan
barrengo garbitasuna.
Itxaron jaunak, itxaron lasai,
iritsiko da eguna,
goiko Jaunaren aurrean kontu
eman beharko deguna.

Ez da, ez, alperrikako izan
hor isuri dan odola.
Pentsa oraindik emaitz ederrak
ematekotan dagola.
Euskal gogoa armez eta indarrez
ezin hil leike inola.
Gernika erre ziguten baina
zutunik dago arbola

 

”Guernica” Gernikara

”Guernica” Gernikara, horra eskari bat aspaldikoa, azulejutan ederto hormatua. Ez da eskari hori inoiz beteko, uste dut. Ez dute sekula margoa emango, alamena salbu, emanzaleak ez diren kastillanoek. Nik ez dut txartzat. Hobe genuke euskaldunok, gernikarrok, posible balitz, Zumetaren Gernika ederrarekin areto bat atontzea, guztiz geure eta guztiz benetako.

Baina Gernikako bonbardaketak oihartzun handia izan zuen euskaldunengan, margotik harago (edo honago). Orduko hainbat bertso sortatan aipatzen da tragedia, zuzen edo zeharka, Gernikaren suntsiketa izan baitzen euskaldun abertzaleentzat galeraren lehen zeinu handia. Apirilean Gernika, ekainean erori zen Bilbo, irail-urrietan izan ziren Santoñako epaiketak. Tolosako Luis Rezola Arana gudari eta bertsolariaren sorta bat ekarri nahi dut hona, aurreko haren azalpen eta guzti. Nabarituko duzue urteen distantziak ematen duen umore puntu bat ere (Joseba Tapiak kantatu zituen bertso hauek Rezolari eskainitako Tximela kapitainaren izarrak diskoan).

Bertso ibilbidea GERNIKA

JUEZA TA NI

”Santoñan, Duesoko espetxean, nere izen-abizenak, “recluso núm. 1204“. Au da juezak bota zidan erregalia”:

“En la Plaza de Santoña , a ventinueve de septiembre de mil novecientos treinta y siete, II año triunfal. Reunido el Consejo Permanente de Guerra núm. 2 para ver y fallar la causa núm. 63 instruída por el procedimiento sumarísimo de urgencia contra… y ventitrés más, todos mayores de edad, y por el supuesto delito de rebelión militar. Dada cuenta de los autos y oída la Acusación y la Defensa y presentes los procesados, RESULTANDO que el procesado … Que LUiS REZOLA ARANA, que al movilizar su quinta ingresó en un batallón rojo, siendo nombrado capitán el dieciséis de julio último, habiendo sido detenido por parlamentar con las Fuerzas Nacionales. Hechos probados… FALLAMOS: Que debemos condenar y condenamos a los procesados … LUiS REZOLA ARANA … a la PENA DE RECLUSIÓN PERPETUA y accesorias correspondientes de interdicción civil e inhabilitación absoluta perpetua … Así por esta nuestra sentencia nos pronunciamos y firmamos…”

Juezarengana deitu
egin naute neri:
Francokin pozik nagon;
erantzuna sari.
Esan edo ez esan
egon naiz juezari
Txinan obea dala
ibilli gudari.

An pasako nituzke
sei urte gutxinaz,
alare ez nintzake
aspertuko Txinaz;
emen iñolaz ezin
bizitza egiñaz
nabil, da komeni zait
aldatzea klimaz.

Txinako gudariak
au balekiteke,
neri pozik musika
joko lidateke;
iru izarrekin emen
kapitan rekete
izan baño, naigo det
Txinan mikelete.

Juezaren aurrez aurre
alkin naiz exeri,
galdera txar batekin
biotza dit eri:
ea zeñek erre zun
Gernikako erri.
Atzo berak zekina
gaur galdezka neri.

– Jauna, nik ez det orren
griña txarrik izan,
Oitzen negoala
Gernika erre zan;
ori etzan erreko
-orra garbi esan-
Alemani onuntza
etorri ez bazan.

Au da beste galdera:
– Iñor il al dezu?
– Nik ez det iñor il da
ez ere eman su.
Erioztar bezela
artutzen al nazu?
Au erabakitzeko
iñor etzera zu.

Atzaparrakin eldu
dit juezak lepotik,
ala ere ni ez naiz
atera lengotik;
bi orduan egin dit
galdera gogotik,
ez dakit nola ez dedan
saltatu leiotik.

– Alemana goitikan,
Italia lurrez,
ta moroak tartean
gorroto gogorrez;
zuregana ni ez naiz
etorri gezurrez,
oiek egik dirala
oiek egik dirala
sinista zazu, juez.

Juizioko egunean
maiean fiskala,
ez dakit zergatikan
zegoen zitala;
jakin berria zuan
kapitan nintzala,
bereala bota zidan
betiko itzala.

 

Foruen Plaza

Errautsetatik jaso zuten Gernika berriro. Galdu zen betiko herri zaharra eta berria altxatu zen. Gernikako Foruen Plaza da herriaren bihotz instituzional, politiko eta kulturala: hantxe daude, karratuaren alde banatan, udaletxea, kultur etxea, Bakearen museoa eta Udal euskaltegia. Sagrado Corazón ikastetxea zegoen Euskaltegiko eraikinean, hura sortu aurretik. Hango geletako batetik jaisten gogoratzen ditut Nabarnizko Arriola anaiak, Errigoitiko Jabier Arriaga Txiplas eta Aritz Lopategi gernikarra, Jonen semea. Gernikako lehenengo bertso eskola, oker ez banabil. Ni ordurako banenbilen Jon Lopategiren gerizpean, hark ikastolan Jon Andoni Uriarteren besoetatik ni eta beste ume batzuk bahitu ostean. Gure bertso eskola, Jonen soinura, aurrez aurreko kultur etxean izan genuen. Eta hantxe kantatzen genituen (kantua beti izan zen garrantzitsua Lopategirentzat) Markosen bertsoak. Sorta hau izango da nik herrikoitzat hartu (herrikoi, kontzeptu saski-naski hori) eta gerora benetako egilea bertatik bertara ezagutzen nuela jakin nuen lehena. (Arestirekin ere gertatzen da: San Simon eta San Juda…) Txiplasek ahozko tradizioko bertso txiki bat hartu zuen…

Bertso ibilbidea GERNIKA

Jontxuk egin ei eban
lastozko zubia,
handixek pasateko
Loretxu txikia.

Hasi zan pasaten da
jausi zan zubia,
Jontxuk hartu ei eban
sentimentu handia.

 

…eta gerora Bizkaiko bertsokume guztiok ikasi genuen sorta eman zigun, tradizioko bihurtuz. Zenbat aldiz kantatuko ote genituen bertsook!

 

Markosek egin eban
lastozko zubidxe
bertatik pasatzeko
bera ta txarridxe.
Hasi ziran pasatzen
jausi zan zubidxe
Markosek hartu eban
kristoren ostidxe.

Errekatik urten zan
goraino bustirik
ganera sikatzeko
ez zan eguzkirik.
Egindakoarekin
guztiz damuturik
barriz ez dau egingo
lastozko zubirik.

Horrelaxe hil jako
makina bat pizti
baina aurrera doa
euri zein eguzki.
Markosi bardin jako
busti zein ez busti
errekan zehar doa
txarri eta guzti.

Erreka baztarrean
guardarekin kezka
lizentzi barik egin
ete dauen peska.
Eskuak gora jasoz
Markosen protesta:
“hau nire txarria da
arrankaria ez da!”.

Erreka pasa eban
berak ozta-ozta
gero guarda dala ta
txarri horrek ospa.
Markos beran atzetik
mekaguendioska:
“erreka pasatzea
ez jat gitxi kosta!”

Markosen txarria zan
artoz hasikoa
sanmartinetarako
berebizikoa.
Markosi alde eginda
hor igesi doa:
agur solomo eta
urdaiazpikoa.

Txarria maite eban
eta ez besterik
munduan ez egoan
halako piztirik.
Pentsetan dago hilda
ala dan bizirik:
“txarria topau ezin
halako ostirik!”

Bere txarrian bila
behera eta gora
igesi egin deutso
ta ez daki nora.
Eta pentsamentu hau
jatorko gogora:
‘gatzunaskaren baten
gordeta egongo da’.

 

 

Lizeo antzokia

Zinema izan da nire pasioetako bat. Esan nezake literaturak, zinemak eta bertsoak osatu nautela izaki kultural gisa. Apaizen Gizarte Etxea lehenik eta Lizeo antzoki laikoa gero, izan ziren nire umetako eta gaztetako toki maiteenetako bi. Urtero bertso saioak antolatzen ditu han Lilibertso bertso eskola eta talde zoragarriak. Lopategiren itzala beti hor, 2019an Beltzari omenaldia antolatu zioten, hainbat jenderen parte hartzearekin.

Berbarako irakurri Xabi Payak gaia jarri eta Amets Arzallusek eta Onintza Enbeitak eratutako bertsoaldi hau.

Amets, zu Jon Lopategi izango zara. Zu, Onintza, Jon Lopategi eta bertso mundua ezagutzen ez duen ama bat. Jonek deituko dizu esanaz zure seme edo alaba bertsotarako itzela dela, baina zuk ez dakizu zer den hori, eta ez daukazu garbi hori ona denik zure semearentzat.

Bertso ibilbidea GERNIKA

A. Arzallus

Ai Jon Lopategi naiz
nolako arteak!
Bertsotako ze dohai
zure haur maiteak.
Nahiz zeruan jarriko
zaizkion kateak
zabalduko dizkio
lurreko ateak. (bis)

On. Enbeita
Ez dakit ziur zertaz
zabiltzan benetan
bertsoaz berba eginez
umearen bueltan.
Zerua eta lurra
oraintxe ni ketan…
Nogaz ibiliko da
eta ze lurretan? (bis)

A. Arzallus

Neuk domatu nituen
Igor eta Unai
izan naiz paiatarrak
lurreratzeko gai
zure haurra bertsotara
ekarri zazu ai!
Metodo ona ez dut
baina emaitzak bai. (bis)

On. Enbeita
Oin artean futbola
edo begiratzen
orain dinozu hortik
kanpora goazen.
Unai, Igor ta Paia
anaiak aipatzen.
Barkatu, baina asko
ni ez naz fidatzen. (bis)

A. Arzallus

Zure haurra hartzeko
prest daukat brigada
esplikatuko diot
gure matxinada
igual buelta bat eingo
du bai kartzelara
ta igual helduko da
Lehendakaritzara. (bis)

On. Enbeita
Hori barik be igual
moldatuko gara
zu azkarregi zoaz
eta para, para!
Aipatu dozu orain
bertan matxinada
eta gure ume hau
inozentea da. (bis)

A. Arzallus
Beraz, inozentzian
hor dabil kantuan
bere gorpuzkera ta
aurpegi santuan.
Nik iratzarriko dut
bai kukurrukuan.
Hori kenduko diot
hiru minutuan. (bis)

On. Enbeita
Semea bete dozu
berba bitan loraz
ta igual arrazoia
euko’zu denporaz.
Baietz esango deutsut
patxadaz, ganoraz
baina lehen aldian
neu be joango naz. (bis)

 

Neuk ere parte hartu nuen omenaldi hartan, eta poema eskaini nion maisuari. Paperean ez denez inon publikatu, baliatuko dut Bertsolari aldizkariak eman didan aukera lerro haiek paperean uzteko. Hau izan zen:

 

Noiz, nola, non,
zergatik
agertu zinen Jon
ate hartatik?

Ume hartu eta gazte eman.
Plazara, plazara,
ahots egin berriaren
ikara.
Berba atera eta haria eman,
orratz batekin.
Josi zenigun errimarekin
euskara.

Doinuen atzetik gu,
aurrean zu,
txirulari,
aurrea hartu zenion
etorkizunari.

Ume hartu eta gazte eman.
Zeure pausoan
(itzal, karisma, iman)
aurkitu genuen babesa
eta ezagutza jaso berriaren
sorpresa.

Gazte eman gintuzun,
akabo
masusten garaia.
Barrendu genuen
Bizkaia:
Berrittu, Bermio,
Ajangiz,
geure begiz
hamaika izkina,
Lekitto, Durango,
Markina,
alboz albo,
Larrabetzu, Errigoiti,
Bilbo,
jakin-min handia zena
handiago.

Berba hutsez,
ahotsez, ikatzez,
egin daitekeela mundua
ikusi genuen.
Bete zitzaigun ametsez
burua.

Unearen gozoa
eta unearen larria:
ondoan
(zatikatua, ez osoa)
odoletan zetzan
herria.

Noiz, nola, non,
zergatik
agertu zinen Jon
ate hartatik?

Ume hartu eta gazte eman.
Plazara, plazara,
gaur batu gaituzun
leku honetara.
Amaitu ziren masustak,
joan zen ikara,
denborak zulatu du
harria.
Baina hemen gaude,
hara,
eta hemen daude,
hara,
zure begietako
herria
eta euskara.

 

Urdaibai

Agian argazkiak ez dizue asko esango, baina Gernikako Errenteria auzoan gaude (barkatu, ajangiztarrok). Oka ibaia ikusten ari zara, apurka-apurka aurrera egin eta kilometro batzuetara padura eder batean isuriko dena. Urdaibai da eskualde honetako jende askorentzat leku sakratu, intimoa. Horregatik aztoratu gaitu hainbeste toki zaurgarri horretan egiteko asmo zen proiektuak. Urdaibaik bazeukan lehendik gizakiaren eskuaren aztarna gainean, hori ezin da ukatu, baina bazegoen susmo bat atzerabuelta gabeko arrozte erabatekoa izango zela museo berriaren ezarpena. Lur eremu sinboliko baten amaiera. Halako zerbait.

Aitor Etxebarriazarraga Gernikako bertsolari eta Bizkaiko txapeldunak Berriarako idatzi zituen bertso sorta bilinxtar eder batekin itxiko dut lantxo hau, zuhaitz zahar batekin hasi eta natura bizian amaitu gogoz.

 

Negarra zugan ihintza bezala Guggenheim eta Urdaibai

Jaio orduko lehen arnasa eman zidan biosferak
herrian hasi ta itsasora luzatzen ziren osterak
padura horren erdigunetik oroitzen nabil bezperak,
biotz guzia banatutzen zait, alango gauza triste bat.

Munduan leku gutxi egongo da zu baino museoago
baina hala ere baten bat zutaz aberastekotan dago.
Eskerrak elkar ukitzen garen erretratutik harago
zu ikusiak konsolatu nau, triste nenguen lenago.

Guggenheimaren bina museo Muruetan ta Gernikan,
(euskal) kultura babestu ezinik zebiltzatenak praktikan
sartuko omen dute herria bestelako dinamikan
agian izan laiteke bañon ez det sinesten danikan.

Mokozabalak eskualdean gelditzen du hegaldia
gune babestu baten hartzeko jana eta edaria,
gurean bada mokozabal bat aski harrapakaria
zu ziñaden arbola artantxen egingo luke kabia.

Erdiguneak turistentzako ez zuen nahiko balio
orain barruak ere saltzea komeni zaigula dio,
baina herriak ez ditu behar horrenbeste gomendio
beti negarra dariokela zu zeralako medio.

Biosfera bat sakrifikatu emateko mundu bira
printzipioak aldatzen dira beltzetik eta zurira,
gure arima saldua doa odolgaltzen Kantaurira
ori gertatu baño lenago izazu nitaz kupira.

Bertso ibilbidea GERNIKA  Bertso ibilbidea GERNIKA  Bertso ibilbidea GERNIKA  Bertso ibilbidea GERNIKA  Bertso ibilbidea GERNIKA  Bertso ibilbidea GERNIKA  Bertso ibilbidea GERNIKA  Bertso ibilbidea GERNIKA  Bertso ibilbidea GERNIKA  Bertso ibilbidea GERNIKA  Bertso ibilbidea GERNIKA  Bertso ibilbidea GERNIKA