June Aiestaran
June Aiestaran

2026-11-10

Bete behar dena

Bete behar dena –

Iritsi naiz herriko plazara. Ez nuen antolatzailerik ezagutzen eta ez nekien nora jo behar nuen. Bertsokideari telefonoz deitu eta plaza azpiko ostatuan daudela esan dit, joateko. “Zu June, ezta?” galde egin dit antolatzaileak; nik, irribarre batez, baietz, buruarekin. Ez dit hitzik gehiago zuzendu eta ni ere ez naiz beraren eta beste bertsolariaren arteko elkarrizketetan hitzik hartzera ausartu. Gerturatu diren andreek irribarre egin didate.

Bete behar dena
Arg: Aiurri

Saioari hasiera emateko zortziko handiko doinu bat adostu eta hasi dugu, halako batean, bazkalaurretik agindu diguten saio koskorra. Nabarmena zen ondoan nuen bertsokideak urteak zeramatzala plaza honi kantuan, eta saioa berak bideratu izanak lagundu nauela sentitu dut lehen momentutik. Jendeak begiak zabal-zabal eginda eta kokotsa pixka bat altxatuta aditzen zuen bere bertso bakoitza, ondokoari begiratuz txalotzen, eta “Ona!” oihukatzen plaza lehertutakoan. Ni ere saiatu naiz, bere atzetik, herriko txokoren bat, ezagunen bat aipatzen, ez zekidan bortitzegia egin hoztasuna eta senti nintzaten pixka bat gertuago, pixka bat beraieneko.

Saioa amaitu eta jendea inguratu zaigu saio ederra izan dela-eta zorionak ematera. Niri ere begiratu didate aurpegira, eta zorion horien parte sentiarazi naute. 

Azkenean, nahiko pozik itzuli naiz etxera.

Azkenean diot, lehendik ere banekielako ez nuela erabat erraza izango gaurkoa; ondoko kideak dena arindu eta erraztu badit ere, jendearen begitan besterik ez baikinen: plazarik plaza dabilen bertsolari bixia, batetik, eta plazetan oraindik bere lekua bilatzen eta egiten ari den neska gaztea, bestetik. 

Saio honi baiezkoa eman aurretik ere ongi nekien saioko neska gaztea izatera nindoala bertara, zeozertara banindoan. Hori zela bete behar zen hutsunea; eta, zinez, hutsune bat betetzera nindoala. Ongi nekien nahiago zutela bi gizoneko saio bat, esperientzia zerien bi ahots ozen eta plaza lehertuko zuten bukaera indartsuak. Baina nik hori ongi nekien eran, bazekiten beraiek ere horrek ezin duela beti horrela izan, eta kontzientziak garbi mantentzeko zein kartelean ongi geratzeko, nire moduko norbait lotu beharko zutela.

Azken urte honetan buelta asko eman dizkiot gai honi, eta onartzea erabaki dut saio batzuetara joan beharko dugula lauki bateko tick berdea izatera, amorrua eman badakiguke ere. Erabaki dut, tick bat izatera noanean, are indartsuago joango naizela, hurrengo batean, norbaitek nire izena proposa dezan, eta esan dezan ni entzun nahi nauela, diodana inporta zaiolako, bete behar diren hutsuneetatik harago.

Bete behar dena