Endika Legarrak irabazi du XII. Mariano Izeta sariketa
Endika Legarrak irabazi du XII Mariano Izeta sariketa –

Iragan larunbatean jokatu zen sariketa mukuru bete zen Erratzuko Etxelebert elkartean, eta bertan aritu ziren kantuan zortzi bertsolari nafar: Antton Ciriza, Endika Legarra, Idoia Granizo, Julen Bernaldo de Quirós ‘Berni’, Kattin Madariaga, Malen Alzuart, Mikel Lasarte eta Patxi Bueno.
Iratxe Legarra Nuin Aritu da gai-jartzaile lanetan, eta epaiamahaia Amaia Telletxeak, Joseba Beltzak eta Patxi Barberenak osatu dute.
Puntuaketaren arabera lau bertsolari izan dira bigarren fasera igaro direnak: Endika Legarrak, Idoia Granizo, Malen Alzuart eta Mikel Lasarte. Amaitzeko, Mikel Lasarte eta Endika Legarraren artekoa izan da buruz-burukoa, eta Legarra gailendu da.
Txapeldunaz gain, saioko bertso onenaren saria ere eman du epaimahaiak. Kasu honetan, Mikel Lasarterentzat izan da, ‘erlojua’ hitza emanda sortutako bertsoagatik. Bi sariak, txapela zein bertso onenarena, Joana Izetak, Mariano Izeta zenaren alabak, banatu ditu.

