Eki Mateorena

2026-11-27

Saioak ez dira hasierako agurrekin hasten

Saioak ez dira hasierako agurrekin hasten –

Bertso saioak ez dira hasierako agurrekin hasten. Badago saio zati bat, publikoak ikusten ez duena, hasiera baino hasierarago. Herri batera ailegatu, antolatzaileak bidalitako google maps-eko estekan aparkatu (nahi baino urrutiago) eta kedada egin den lekura sartzean hasten da saioa. Beste kideak agurtzeko elkarrizketak irauten duenaren ondoren elkarrizketa gai bat ateratzea tokatzen da. Seguraski, saioaren hasierara arte iraunen duen gai bat, edo etengabe erreferentziatuko dena, nori txisterik azkarrenak okurrituko. 

Azken aldian badago zeri buruz hitz egin. Ez diot munduari nola dagoen eskertu nahi, baina gauza batzuk errazten ditu. Txapelketa, hauteskundeak, greba, faxistak kaleetan, azaroan 20 gradu… abanikoa zabal xamar dago. Edozein gairi heldu ondoren, mundu-konpontze fasea abiatzen da, bertsolariak espezialistak gara horretan. Edozeri buruz dugu iritzirik edo iritzi falta disimulatzeko gaitasunik ez zaigu falta. 

Erlojua begiratu eta saioa hasteko 8 minutu falta direla ohartzean hasten da hasiera bukatzen. “Beno, agurra pentsatu beharko da” altuan esan eta pauso mantso batzuk ematen dira, isolamendu bila edo; jendeari zerbait esan nahi izateak jendearengandik urrunduko bagintu bezala.

Horrela sentitzen naiz ni lehenengo aldiz Bertsolari Aldizkarian idazten. Pauso geldoak ematen, jendeari esateko zerbaiten bila. Munduaren egoeraren gai abanikoak bertigo pixka bat eman dit, eta honekin eman nahi izan diot hasiera. Ondorio horretara iritsi naiz bidean, beti dagoela zerbait hasieren aurretik. Orain, zuen baimenarekin, tartetxo bat hartuko dut hasierako agurra pentsatzeko.

Saioak ez dira hasierako agurrekin hasten
Arg: Ruslam Espinosa