Aroa Arrizubietak Eskolarteko txapela eraman du Arabara
Aroa Arrizubietak Eskolarteko txapela eraman du Arabara
Ongietorri goxoa egin zion Sarak Eskolartekoari, Bertsozale Elkarteak kontatu digunez. Oholtza gainean zein oholtzatik kanpo aniztasuna zen nagusi: zazpi lurraldeetako ordezkariak aritu dira bertsotan Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak antolatutako Eskolartekoaren XXXIX. edizioan, eta ondorioz, itxura bera hartu du oholtzaren beheko aldeak. Bejondaizuela.
Goizeko 11:00k aldera hasi da finala eta trinkete barrura eraman dute epeltasuna Sarara hurbildutako bertsozaleek. Zazpi herrialdeetako ordezkariek hartu dute parte, zozketak agindutako ordenean: Oihana Arana Kardenal (Eskoriatza, 2001), Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002), Iruri Altzerreka Martinez (Garai, 2000), Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001), Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001), Julene Etxeberri Pacheco (Sara, 2001), Oier Urreizti Lafitte (Bidarrai, 2000), Haritz Capot Thornary (Zalgize, 2001), Beñat Bilbao Landa (Gernika-Lumo, 1999), Joanes Illarregi Marzol (Leitza, 1999), Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001), Jokin Irastorza Zabalegi (Oiartzun, 1999) eta Elixabet Etxandi Goyenetche (Izpura, 2000) izan dira oholtza gainean. Saioa gidatzen Pantxika Solorzano aritu da, eta epaile lanetan Aitor Jimenez, Leire Etxebarria, Elisa Iztueta, Lierni Elorza, Saioa Mitxelena eta Iban Thicoipe.
Agurren ondotik, zortziko handian eta txikian aritu dira binaka; hiruko ofizioren bat ere izan da, parte-hartzaile kopurua bakoitia zelako. Ondoren, sei bertsolari sailkatu dira finalaren bigarren txanparako: Oihana Arana, Aroa Arrizubieta, Elixabet Etxandi, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi eta Jokin Irastorza.
Puntu erantzunetan eta bakarkakoan arituta, eta agurraren ondotik, epai-mahaiaren ebazpena eman du Joana Itzainak oholtzatik: Aroa Arrizubieta gasteiztarrak irabazi du 2017ko Euskal Herriko Eskolartekoa, Joanes Illarregi leitzarrak jarraituta. Amets Arzallusek, Euskal Herriko egungo bertsolari txapeldunak jantzi dio txapela irabazleari.
Lur Berrin bildu dira ostera parte-hartzaile zein bertsozaleak, Idokik prestatutako otordua bazkaltzeko. Ondoren, festak jarraipena izango du Odei Barrosoren eta Iñaki Viñaspreren rap emanaldiarekin.
“Ahots baten sormen egonaldia” izango dute sari
Euskal Herriko Eskolarteko parte-hartzaile denek “Ahots baten sormen egonaldian” parte hartzeko aukera izango dute. Gabonetan egiten den egonaldi honek ahozko euskal kultur adierazpideak lantzen aritzen diren gazteak biltzen ditu – bertsolaritza, antzerkia, kantagintza eta literatura – eta horrek gainerako sortzaileekin harreman sareak egiteko eta sorkuntzarako beste bide batzuk esperimentatzeko aukera eskaintzen die.
Egonaldiaz gain, material sorta ere jaso dute parte-hartzaileek Oier Arbina, Nahia Sasco, Xan Alkhat, Malen Amenabar, Iker Gorosterrazu, Kristina Mardaras eta Maider Arregi bertsolarien eskutik; Sarako bertso-eskolaren eta Olhain ikastolaren izenean, Mikel Cottave-Parachouk eta Sebastian Zamorak eman dute saria, eta Sarako auzapeza ere, Jean-Baptiste Laborde, igo da oholtzara. Azkenik, elkarte antolatzaileen ordezkariek, Bertsozale Elkarteko Iñaki Muruak eta Ikastolen Elkarteko Koldo Tellituk sari bana eman dute.