Badatoz Gazte Sortegiak!

2018-09-06

Badatoz Gazte Sortegiak! –

Oihane Pereak, Jon Basagurenek, Unai Lopez de Armentiak eta Maider Oleagak zuzenduko dute egitasmoa. Eskola hau antolatzen aritu da, urtero bezala, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Bertsolaritza, antzerkia, musika eta ikus-entzunezko laborategiak nahastuko dira sortegietan.

Urritik apirilera bitarte izango da, eta ikastaroaren matrikula 100€-koa da.

Karteza zabaldu dute jada antolatzaileek, eta horrela kontatu du Nontzeberri atariak. Lau sormen laborategi landuko dira ikasturtean zehar:

Badatoz Gazte Sortegiak!
  1. Lehena, urriaren 1etik azaroaren 5era, Oihane Perea Arabako  Bertsozale Elkarteko eragile eta  txapeldunaren eskutik. Bertsoa jolas izeneko sortegian errima, doinuak, inprobisazioa eta hitza landuko dira jolasen bitartez.
  2. Bigarrena Jon Basaguren musikari eta esatariak gidatutakoa izango da. Musikaz egin lantegia zuzenduko du Basagurenek, bakoitzaren gustu musikaletatik abiatuta, abesti berriak sortzeko asmoz. Azaroaren 12tik abenduaren 17ra bitartean izango da berau.
  3. Unai Lopez de Armentia antzerkilariak aldiz, antzerkia eta dantza uztartuko ditu urtarrilaren 7tik otsailaren 11ra, “Antzerki–dantza” laborategian. Dinamika desberdinak proposatuko ditu, eta gorputz adierazpenaren bitartez, talde entzumena eta inprobisazioaz gain, akatsen aurrean jarrera asertiboa izateko teknikak landuko ditu.
  4. Ikus-entzunezkoak izango dira langai azkenik laugarren tailerrean. “Zer daki begiak soinuez?” galderaren testuinguruan ardaztuko da, otsailaren 18tik apirilaren 1era. Zinemaren marko teorikotik abiatuta, partaideek eskolako bizipenak irudien eta soinuen bitartez adieraziko dituzte.

14-18 urte bitarteko gazteei zuzendutako Gazte sortegiak sormen laborategiak lagun artean sormena bizitzea, gazte sortzaileen sarea elikatzea eta euskararen erabileran eta gaitasunean eragitea du helburu. Gainera, 2017ko apirilean Kanpezun egindako aurreko egonaldiari jarraipena eman nahi zaio, eta era honetan, bidea egin eta ikastaroa egonkortzea bilatzen dute antolatzaileek.

Izena emateko epea irailaren 10etik 24ra bitarte Gazte sortegiak webgunean: https://oihaneder.eus/events/gazte-sortegiak-sormen-eskola/

 

Badatoz Gazte Sortegiak!