Bertsolari aldizkariaren 142. alea zure postontzira heltzear da!

Bertsolari aldizkariaren 142 alea zure postontzira –

Non ote zaude, irakurle? Hondartza bateko areetan kroketa eginda, errekasto freskoren batean beste inor baino hobe, edo lanean, baten batek lan egin behar du eta. Zauden tokian zaudela, espero dugu ale hau laket izatea.

Bertsolari aldizkariaren 142 alea zure postontzira

Zaldieroak eta bere elefanteak emango digute ongi etorria, eta jarraian Gaizka Aranguren iruinseme fierra bere bertsozaletasunaz mintzo zaigu.

Etxahun Lekuek eta Ane Zuazubiskarrek bertso-trukean jarraitzen dute Ttakun-Herrenen, eta Perlak atalean Maddi Ane Txoperenak ekarritako harribitxiaz gozatu ahalko dugu.

Liburu bat ere aise beteko luke Patxi Goikoleak bere bizitza kontatuz, baina guk Idazmakinaz sekzioa besterik ezin izan diogu eskaini. Azken Beltza atalean Jexux Mari Irazuren egun beltz pare baten berri izateko parada daukazu.

Puntutan arropa markak 15 urte bete berri ditu, gai-jartzaile gisa 25 urte daramatza plazaz-plaza, eta gidatu duen Errimak bi oinetan negu honetan amaitu da ibilaldi luze baten ondoren. Baziren aski arrazoi Unai Elizasuri elkarrizketa sakon bat egiteko, eta Beñat Hach Embarekekin aritu da patxadan berriketan.

Andoni Rekondo beti bezain dotore dabil bere bertso-kronikak bidaliz, eta plaza ederrekoa egin digu oraingoan ere: Gipuzkoako Herriarteko Finalaren kronika.

Gai nagusia fin-fin landu du Iraitz Mateok: KORRIKA eta bertsolaritzaren arteko harremana. Zatoz gurekin azken hamarkadetako historia eder baten errepasoa egitea, oinez, korrika txikian, arineketan, ziztu-bizian… nahi duzun erritmoan.

Zabala da mundua, eta orain aipatzeke geneukan ahozko inprobisazio mota bat ekarri diguzu orriotara: Kan ha Diskan, Bretainiako kantua, Ronan Gueblez abeslariaren eta Dastum kultur elkarteko lehendariarekin eskutik.

Ale honetako bertso ibilbidea astelehen batez egitea gomendatzen dizugu, azoka orduan egiten baita. Zatoz gurekin Gernika ezagutzera, Josu Goikoetxea gidarekin.

Ez dakigu denborapasekin denbora pasatzen laguntzen dizugun, honetan ere hasiberriak gara eta joango gara ikasten.

Gozatu itzalaz, ondo izan!

Bertsolari aldizkariaren 142 alea zure postontzira