#EHBT26 Eibar calling
#EHBT26 Eibar calling –

Punkak zipriztindutako kronika bidali zigun Aitzol Barandiaranek Larraun-Lekunberritik, eta tartean, “Eibar calling” azpititulua sartu zuen. Agerian gelditu da deia ez zela bertsolarientzat soilik, bertsozaleek ere tamainan erantzun baitute. Amaitu dira larunbatean Eibarko Ipurua kiroldegian 17:00 jokatuko den finalaurrerako sarrerak. Hori gutxi ez balitz, une berean Eibar futbol taldearen partida jokatuko da ondoan dagoen futbol zelaian, eta beraz, antolakuntzatik garraio publikoan gerturatzeko gomendio helarazi dute, zinez zaila izango baita aparkatzeko tokia aurkitzea.
Igotz Alkortak gidatuko du saioa, eta oholtzan honako bertsolariak izango dira:
- Alaia Martin Etxebeste
- Asier Azpiroz Iztueta
- Nerea Elustondo Plazaola
- Nerea Ibarzabal Salegi
- Miren Artetxe Sarasola
- Oihana Iguaran Barandiaran
Bertsolariek fase honi dagozkion ariketak egin beharko dituzte:
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian/lau puntuko handian
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian/lau puntuko txikian
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian/lau puntuko txikian, puntutan, zortzi bertso osatu arte
- Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian/bost puntuko txikian
Finalaurrekoen fase honetako epaimahaia hnako kideek osatzen dute: Ainhoa Arregi Elosua, Ander Arrien Aspiazu, Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Estitxu Agirre Agirre, Karlos Ibarguren Olalde, Lur Renteria Maleta eta Mikel Beaumont Arizaleta.
Saioa ETB ON bidez jarraitu ahalko da zuzenean.
Amaitzeko, Bertsozale Elkarteak jakinarazi du abenduaren 20an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den finalerako sarrerak ere agortu direla.

