Ekaitz Goikoetxeak irabazi ditu Basarri lehiaketako lehen bi sariak

Ekaitz Goikoetxeak irabazi ditu Basarri lehiaketako lehen bi sariak –

Ekaitz Goikoetxeak irabazi ditu Basarri lehiaketako lehen bi sariakHirugarren urtez jarraian Ekaitz Goikoetxea beasaindarrak irabazi ditu Basarri bertsopaper lehiaketa lehen eta bigarren sariak. Andoni Egaña, Nahikari Gabilondo, Rufino Iraola eta Unai Mendizabal epaimahaikideek aho batez erabaki zuten Goikoetxea saritzea.

Lehen saria Azken puntua bertso-sortarekin eskuratu du. Zortzi bertsoek pertsona eri batek sentitzen duenari buruz dira mintzo. Bigarren saria, berriz, Zer egin dizu bizitzak? lanagatik (suizidioari buruzkoak bertsoak).

Honakoak dira bertsoak:

 

1º Saria: Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena
Azken puntua
Doinua: Prantzisku zer dakarrek (zortzi puntuko bariazioa)

1.-Ganbaran ez dut biltzen
lasto hainbat gari,
bete ditudanetik
laurogeita bi;
haizea zakar eta
eguzkia nagi,
udazken grisa negu
beltzaren atari…
Zentzumenak adi,
mintzoa haragi
hasi naiz kantari,
bizitza laburtzeko
heriotzari.

 

2.-Nozbait izan ginenak
sasoiko nerabe,
orain dena pastilla
eta jarabe;
egunez piztutako
farolaren pare,
ia ez gara geure
itzalaren jabe.
Pausoa herabe,
zalantzen mirabe,
helbururik gabe,
gutxiago gara ta
gehiago gaude.

 

3.-Gizarteak uzten du
gizartetik kanpo
gu bezalako hainbat
gizabanako;
zer gertatuko zaigun
gaurkotik biharko,
mugitu gabe nola
egiten den salto…
Esaguzu malko,
tanta hainbat tanto
galdu dugulako;
denbora geldi dago
gu noiz pasako.

 

4.-Urtaroak urtaro
ta garaiak garai,
bakardadeak denok
gaitu hautagai.
Bi alabak kieto,
lau semeak lasai,
gurpildun aulkiak nork
bultzatuko darrai.
Herentzirako bai,
gainerakoan, ai,
astegunetan jai,
inork ez du kargaren
kargu egin nahi.

 

5.-Iragana oinaze,
oraina gaztigu,
ez al ginen lurralde
bereko tribu?
zaintzaileen besotik
gabiltza beti gu,
haien aldamenean
zerbait dirudigu.
Bat, bi eta hiru,
urteen gatibu,
zahartzeak hori du,
azken igurtzia nork
emango digu?

 

6.-Esku batean balitz,
bestean balego,
zainen bueltan poltsa
bete suero;
begi bakoitzean sei
dioptria edo,
bi belaunetan ere
hamaika endredo.
Bulegoz bulego
ia egunero,
normala da gero,
gabeziak soberan
izanez gero.

 

7.-Santuei otoitzean
gurtzen dugu gaba,
bekatuak aitortuz
badaezpada;
ortzimugan iltzatu
zaigu begirada,
ai San Miguel, San Pedro
ta Santa Barbara!
Hona eta hara
ibiltzeko jada
nahikoa lan bada,
beste mundura nola
joango gara?

 

8.-Eskaintzen didanetik
irrifar zabala,
zenbateraino lazten
zaidan azala,
helarazi nahi nuen
sentitu bezala,
ea limurtzen dudan
Herio zitala!
Nola edo hala,
nire eginahala
aditu ahala,
azken puntua berak
jarri dezala.

 

 

2º Saria: Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena
“Zer egin dizu bizitzak?”
Doinua: Trumoia ortzi beltzean hoska.

1.-Zeinek egurtu ditu haritzak?
Nork du lore bat udaberritzat?
Ondorioa zenbateraino
baldintzatzen du baldintzak? (bis)
Isiluneen hizkuntzan nola
jokatzen dira aditzak?
Behar ditut zure hitzak…
Zuk heriotza aukeratzeko
zer egin dizu bizitzak? (bis)

 

2.-Zeruak kaixo, zorua kexu,
besarkadarik gabeko mezu
trumoitsuei so emaztea ta
hiru haur irribarretsu. (bis)
Destinoaren eten puntuei
bi lapurtu dizkiezu,
hauts bihurtua zaude zu,
aurretik izan zenezakeena
aurretik eraman dezu. (bis)

 

3.-Ausentziaren aritmetika,
ederra beti ez da polita…
Senideek maiz biluztu dute
doluaren margarita, (bis)
lagunok ere geure burua
itsasoari harrika
zigortzen dugu aldika,
erantzun bila joan baitzara
galderak hemen utzita. (bis)

 

4.- Erlojuaren azken tik-taka,
agur Ulises, agur Itaka!
irakasleen oporrak eta
medikuaren soldata… (bis)
Ustez guztia eskura izan
eta azkenean kaka,
garrantzitsuena falta;
ezin al zinen gu bezala hil
pixkanaka-pixkanaka? (bis)

 

5.-Erdi xomorro, erdi zizare,
erietxeko orratzen pare,
ilunabarra gugan barrendu
denez suabe-suabe, (bis)
malko berean ito ditugu
Jainkoa, Ala ta Yahveh,
heldulekuak non daude?
bizitza deitzen diogu baina
bizitza al da zu gabe? (bis)

 

6.-Falta zaizkigun hitzen segida
gugan balego, gugan balira…
Pentsamendua arrazoiari
azalpen eske ari da; (bis)
zure ezpainen erliebea,
zure begien distira,
ezerezari begira,
isiltasuna baino sekretu
handiagoak badira. (bis)

 

7.-Gaua umezurtz, loa desditxan,
nola hilerri, hala elizan,
nahiz agur esan genizun sahats
negarti baten gerizan, (bis)
oroimenean gurutziltzatu
zatzaizkigu mamu gisan,
izan gabe nola izan?
Zeure buruaz beste egiteko
lepo bila al zenbiltzan? (bis)

 

8.-Lepoak lepo, buruak buru,
zerua amets, lurra helburu,
arnas luzeko zeharkaldiak
asebetetzen gaitu gu. (bis)
Gure gogoak zuganainoko
distantzia trazatu du,
bidea egin nahi dugu…
tartea hartu diguzu baina
harrapatuko zaitugu. (bis)

Ekaitz Goikoetxeak irabazi ditu Basarri lehiaketako lehen bi sariak