Eneko Fernandez nagusi Agoitzen

Eneko Fernandez nagusi Agoitzen

Apirilaren 8an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den final handirako txartela lortu du Lesakako bertsolariak. Harekin batera, Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes ‘Itturri’, Xabier Terreros eta Julen Zelaieta egongo dira Anaitasunako oholtzan.

Agoitzeko Kultur Etxean jokatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa. 220 bertsozale bildu dira bertan, saioa bertatik bertara jarraitzeko. Oholtza gainean, sei bertsolari, finalerako postu baten lehian: Joanes Illarregi, Aimar Karrika, Julen Zelaieta, Patxi Castillo, Oier Lakuntza eta Eneko Fernandez. Agoitzeko San Miguel ikastetxeko ikasleen agurrak eman dio hasiera saioari. Fernando Anbustegi aritu da gai-jartzaile lanetan.

Saio puntuagarriaren ostean, Eneko Fernandezek eskuratu du puntu gehien, 394, eta horrenbestez, apirilaren 8an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den final handirako sailkapen zuzena eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Aimar Karrika, Julen Zelaieta, Oier Lakuntza, Joanes Illarregi eta Patxi Castillo.

Eneko Fernandez nagusi Agoitzen

Horrenbestez, osatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean ariko diren zortzi bertsolarien zerrenda. Finalaurreko bakoitzeko irabazleari, sailkapenaren araberako hurrengo bost bertsolariak gehitu zaizkio. Hala, Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes ‘Itturri’, Xabier Terreros eta Julen Zelaieta izango dira Anaitasunako oholtzan izango diren bersolariak. Horrelaxe geratu da finalaurrekoetako faseko azken sailkapena:

Eneko Fernandez nagusi Agoitzen

Apirilaren 8an jokatuko da finala, 17:00etatik aurrera Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, eta baita ondorengo salmenta puntuetan ere: Karrikiri denda (Iruñea), Fantxike denda (Elizondo), Okindegia (Lesaka), Maimur liburudenda (Leitza), Xapatero taberna (Etxarri Aranatz) eta Katxetas taberna (Lizarra). Ondorengo egunetan, finalari buruzko xehetasun eta informazio gehiago emango du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Bitartean, eskuragai duzue txapelketako informazio eguneratua, www.bertsozale.eus atarian. 

Eneko Fernandez nagusi Agoitzen