Hike Eizan! bertsopaper lehiaketako sariak banatu dituzte
Hike Eizan bertsopaper lehiaketako sariak banatu dituzte –

VI. Hika bertso saioa eta V. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketako sari banaketa egin zituzten iragan astean Azkoitiko Elkarguneko Herriko Plaza aretoan, ehun bertsozale ingururen aitzinean.
Nerea Elustondo, Andoni Egaña, Agin Laburu eta Aner Peritz aritu ziren kantari, Haritz Alberdiren aginduetara. Bertsoak hitanoz egiten aritu ziren.
Bertso saioa amaitu bezain pronto V. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketako sariak banatzeari ekin zioten. Ana Azkoitia alkatea, Marijose Arregi Euskara zinegotzia eta Eneritz Artetxe Erniarraitzeko kidea igo ziren oholtzara sariak banatzera.
Helduen mailan, Oier Etxeberria azpeitiarrak jaso zuen sari nagusia Kare bizia bertso sortagatik; bigarrena, Aimar Goenaga eibartarrak, Baloi hari esker lanarengatik; eta Azkoitia Saria, Naia Arrizabalagak, Haizeak harabil bertsoengatik.
Gazteen mailan, 15 eta 18 urte artekoenean, lan bakarra aurkeztu zuten lehiaketara, eta sari nagusia eman gabe uztea erabaki zuen epaimahaiak. Dena den, Oier Juaristik jaso zuen kategoria horretako Azkoitia Saria, Urteak aurrera gizartea atzera bertso sortarengatik. Juaristik ez zuen izan atzoko ekitaldira joaterik, eta haren aita igo zen agertokira semeari zegokion saria jasotzera.
14 urte bitarteko umeen mailan, berriz, Berdintasuna izeneko bertsoei esker Nahikari Campos azpeitiarrak jaso zuen sari nagusia; eta Judit Eismanek eta Alaine Tenak jaso zuten Azkoitia Saria, elkarrekin sortutako Temuko komun arraroa bertso sortarengatik.
Urtero bezala, Elkargunera bertaratu ziren herritarrek saritutako lanak biltzen dituen liburuxka bana jaso zuten opari. Horrela, irabazleekin batera abestu ahal izan zituzten haiek sortutako bertsoak, oholtzara igo ahala.
Guztira, 14 bertso sorta aurkeztu dituzte aurtengo lehiaketara: zazpi lan helduen kategorian, bat gazteenean eta sei umeenean. Epaimahaia, berriz, Hike Eizan! taldeko eta Erniarraitz bertsozale elkarteko kideek osatu dute. Ekitaldia bukatzeko, sarituek, epaimahaiko kideek, bertsolariek eta udaleko ordezkariek taldeko argazkia atera zuten.

