Illarregi eta Irastortza garaile Bertsokabiko lehen kanporaketan

Illarregi eta Irastortza garaile Bertsokabiko lehen kanporaketan –

Hiru bikote eta sei bertsolari izan ziren oholtzan pasa den ostegunean Bertsokabi txapelketako lehen kanporaketan: Amaia Elizagoien eta Beñat Astiz, Saioa Alkaiza eta Ainara Ieregi, eta Xabat Illarregi eta Aitor Irastortza. Gai-jartzaile eta aurkezle lanak Itsaso Agirrek bete zituen. Publikoko bost pertsonek epaitu zuten bertsolarien lana, baita Cesar Etxeberriak eta Julen Zelaietak ere .

Xabat Illarregi eta Aitor Irastortza izendatu zituzten saioko irabazle. Urriaren 24an Iruñeko Herriko Tabernan jokatuko den finalerako txartela eskuratu dute, beraz. 

Illarregi eta Irastortza garaile Bertsokabiko lehen kanporaketan

Nafarroako Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez bikoteka banatu dituzte saioan zehar egin beharreko lanak: “lehenbizi, gaia emanda, ofiziotan aritu dira sei bertsolariak, binaka, bikoteak nahastuz. Segidillaren txandan, minutu bateko bina txanda osatu dituzte Amaia Elizagoienek, Saioa Alkaizak eta Xabat Illarregik, erritmo ederrean, eta umoreari leku eginez. ‘Bat, bi, hiru’ jokoaren tartean, hezurdun frutak, auto markak eta Euskal Herriko ibaiak zerrendatzen ibili dira puntuka hiru bikoteak, hurrenez hurren. Jolas horren ostean iritsi da bakarkako ariketa, Beñat Astizek, Ainara Ieregik eta Aitor Irastortzak bete dutena, oinak emanda habanera bana osatuz. Horren ostean, saioari bukaera emateko, koplaka aritu dira hiru bikoteak, egoera emanda. Horren ostean, behin publikoaren eta epaileen iritziak bilduta, jakinarazi du aurkezleak saioko bikote irabazlea”.

Bigarren kanporaketa

Ostegun honetan jokatuko da sariketaren bigarren kanporaketa, urriaren 10ean, Zabaldi Elkartasunaren Etxean (Nabarreria kalea), 19:00etan. Hiru bikote izango dira kantuan, sei bertsolarirekin: Iker Gorosterrazu eta Ekain Alegre, Alazne Untxalo eta Irati Majuelo eta Josu Sanjurjo eta Ekhiñe Zapiain. Saioko irabazlea urriaren 24ko finalera sailkatuko da.

Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Illarregi eta Irastortza garaile Bertsokabiko lehen kanporaketan