Kalean da Bertsolari aldizkariaren udazkeneko alea

Kalean da Bertsolari aldizkariaren udazkeneko alea –

Heldu da udazkena, eta sasoi hau ere ez da, zorionez, batere urria izan.

 

Kalean da Bertsolari aldizkariaren udazkeneko alea

 

Zaldieroak zabalduko dizu atea, eta jarraian Joseba Tapiaren erritmora egingo duzu dantza bertsozaletasunaren nondik norakoen berri jasoz.

Ane Zuazubiskarrek erreportaje mamitsua ondu du: bertsolari gazteen artean dagoen giro politikoa. Oier Etxeberriak bertsoak jarri dizkio gaiari.

Estitxu Arozenak bere bertso saio kuttun bat ekarri digu, eta 2001eko Bertsolari Txapelketa Nagusira garamatza.

Izar Mendigurenek Arabako Bertsolari Txapelketak utzitako une gogoangarrienak bildu ditu, eta jarraian Bertsolari Aldizkariaren II. Bertso Idatzi Lehiaketa sorta irabazleekin egingo duzu topo, Unai Gaztelumendirekin marrazkiekin ilustratuta.

Bada bertso kode bat, historian zehar oso gutxitan zartatu dena. Momentu horietako biren bueltan mintzo zaigu Kepa Matxain.

Haritz Mujika eta Ane Zuazubiskarrek bertsotan segitzen dute Ttakun Herren atalean, eta segidan bertsoa osagai gisa duen bi emankizun dauzkagu hizpide: eRRe, Leire Vargasen eskutik, eta AMAraun, Iraitz Mateok Oihane Iguaran eta Amaiur Luluagari egindako elkarrizketaren bidez.

Pello Esnalek bertsoa jolas moduan ulertzeko ikuspegiaz dihardu bere artikuluan, Uztapide eta Basarrik Aian izandako saio bi oinarri hartuta. Jean Louis Davantek Abdelkader pastorala plazaratu zuen iaz, eta aljeriar heroi honen nondik norakoak kontatu dizkigu.

Gregorio Larrañaga Mañukorta-ren heriotza tarteko, hiru eduki ekarri ditugu gurera: lehenik, Joxean Agirrek Jainkomendiko mutilaren zaintzealari, Rebeca Diazi, egindako elkarrizketa; bigarrenik, Iñaki Muruaren oroitzapenak; eta amaitzeko, Millan Telleriaren gogoetak.

Bertsoa eta krimena uztartzen jarraitzen du Beñat Hach Embarekek, oraingoan Estudiante Kondenatua-ren bertso sorta hizpide.

Nazioarteko atalean urrutiko haizea heldu zaigu: Argentina ipar-mendebaldeko kaxa-kantak, Remo Leaño inprobisatzaile eta ikerlariaren eskutik.

Joxe Arozena irakurlea Hazparnen izan zen 1978an bertso saio bat entzuten, eta bertan ateratako argazkiak bidali dizkigu.

Amaitzeko, bertso ibilaldi bat egingo dugu Ondarroan barna Iñaki Lersundiren gidaritzapean.

On egin dagizuela!

Kalean da Bertsolari aldizkariaren udazkeneko alea