Kalean da BTN22-ri buruzko ale monografikoa

Kalean da BTN22-ri buruzko ale monografikoa –

Mundua ziztu bizian doa, bertsozale, hori badakizu, eta hemen gatoz gu aurtengo lehen ale honetan, duela hiru hilabete pasa amaitu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiaz hitz egitera, lasai, trankil, patxadatsu. Eseri gurekin, plazer baduzu.

 

Kalean da BTN22-ri buruzko ale monografikoa

 

Nabarituko zenuen: jantzi berriekin gatoz. Unai Gaztelumendi sastrea aritu da guretzako erropa berriak josi eta josi. Ez dakigu zuri, baina gu ispilu aurrean jarri gara eta gustatu zaigu ikusi duguna. 

 

Kalean da BTN22-ri buruzko ale monografikoa

 

Zaldieroak emango dizu ongietorria, eta jarraian Santi Leoneren apostasia manifestua irakurri ahalko duzu.

Erromantiko jarri zaigu Kepa Matxain, eta Aitor Sarriegi irakasleak Txapelketaren hainbat gako eman dizkigu: denbora, luzera, abiadura eta azelerazioa, dentsitatea, kimika…

Herriaren kronisten kronistei buruzko kronika idatzi digu Andoni Rekondok, hots, hedabideek azken Txapelketari egin dioten jarraipenari buruzko erreportajea. Sarean handik eta hemendik arrantzatutako hainbat mezu ere ekarri dizkizugu.

Gure aldizkarirako idatzi dituzte Txapelketako kronikak Ainhoa Urien eta Aitzol Barandiaranek, eta finaleko eguna ere bertatik bertara jarraitu zuten: Ainhoak eman zigun goizeko berri, eta Aitzolek arratsaldeko saioa izan zuen hizpide.

Txapelketako itsasoan barna urpekari lanetan aritu da Eli Pagola, eta sei perla potolo atera ditu lehorrera. Angel Erro idazleak eszenatoki erreal batetik (finala Iruñean) fikziora garamatza.

Oihana Iguaran, Aitor Bizkarra eta Julio Soto finalaren atarian gelditu ziren, puntu gutxirengatik. Miren Mujikak berriketa saio bat egiteko elkartu ditu.

Iñaki Muruak jantzi zion txapela Maialen Lujanbiori, eta hori aitzakia hartuta jantzi gaitu gu ere.

Gure kronistek saio bakoitzetako artikuluak publikatu dituzte gurean, baina ale honetarako enkargu berezi bat eman genien: txapelketa osoari begirada sakon bat eman eta horren bueltako hausnarketa gurekin konpartitzea, Fin konplitu dute Ainhoak eta Aitzolek.

Ahozkotasunean aditu zein aritu diren nazioarteko lagun ugari izan ziren Nafarroa Arenan. Antxoka Agirrek horietako bi elkarrizketatu ditu: Amaya Carricaburu (Kuba) eta Edmilson Ferreira (Brasil).

Amaitzeko, Ander Perez adiskideak bertso ibilbide bat egitera eramango gaitu hiri buruzagitik.

Aldizkarian zehar ikusiko dituzun finaleko argazkiak Conny Beyreutherrek eginak dira.

Espero dugu monografiko hau zure gustukoa izatea, eta ziztu bizian doan mundu honetan lasai ederrean irakurtzen egoteko tartetxo bat eskaintzea.

Ale bat paperean eskuratu nahi izanez gero idatzi administrazioa@bertsolari.eus helbidera, edo jo ELKARen denda zein zure auzoko liburudendara.

Milesker hor izateagatik.

Kalean da BTN22-ri buruzko ale monografikoa