Kattin Madariagak jantzi du 2026ko Nafarroako Eskolarteko txapela
Kattin Madariagak jantzi du 2026ko Nafarroako Eskolarteko txapela –

Leitzako Atekabeltz gaztetxean jokatu zen 40. Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, iragan ostiralean. Hamar bertsolarik hartu zuten parte txapelketan: Aner Arkauz Lazkano (Lakuntza), Ekain Telletxea Odriozola (Donamaria), Enaitz Zestau-Telletxea (Bera), Ibai Letona Garaikoetxea (Iruñea), Iradi Goñi Montiel (Sarriguren), Kattalin Lizarraga Mendia (Leitza), Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza), Maddi Barandiaran Leitza (Bakaiku), Olaia Leitza Errazkin (Arbizu) eta Xabier Arkauz Lazkanok (Lakuntza). Eki Mateorenak aurkeztu zuen saioa, eta Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Nerea Bruño aritu ziren epaile lanetan.
Honakoak izan ziren egin behar izan zituzten lanak: lau oinak emanda, azken puntua emanda, hitz bana emanda eta gai orokorra emanda bertso bana kantatu. Lan puntuagarriak eginda, lau bertsolari pasa ziren bigarren fasera: Ekain Telletxea, Enaitz Zestau, Kattalin Lizarraga eta Kattin Madariaga. Bigarren fase honetan, zortziko txikian ofizioka aritu ziren bertsolariak. Ondoren, lau bertsolarietatik bi sailkatu ziren buruz-burukora: Kattalin Lizarraga eta Kattin Madariaga. Ganbarako ariketan, puntu banari erantzun zioten, eta azkenik, gaia emanda, bakarka aritu ziren, bertso bana kantatuta.
Azkenean, Kattin Madariagak bildu zuen puntu gehien, eta Nafarroako Eskolarteko txapeldun bihurtu. Berak eta txapeldunordeak, Kattalin Lizarragak, ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan.
Xabat Illarregi Marzol Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapeldunaren eskutik jaso du txapela. Bigarren saria, “Oinak buruan”, Kattalin Lizarragarentzat izan da.

