Larunbat honetan ospatuko dute "Señora Bertso Eguna" Soraluzen

Bertso-poteoa, bazkaria, bertso saioa eta kontzertuak izango dira, eguerdian hasita.

Larunbat honetan ospatuko dute “Señora Bertso Eguna” Soraluzen –

Señora Sariketak jarraipena izango du aurten ere, lehiaketarekin, baina, horretaz gain, lehiarik gabeko eguna ere antolatu dute: Señora Bertso Eguna. Soraluzen izango da otsailaren 17an, eta bertso munduaren bueltako genero disidente ororentzako ospakizun eguna izatea nahi dute. Bertsolaritza transfeminista gustuko duen orori luzatu diete gonbidapena.

Larunbat honetan ospatuko dute "Señora Bertso Eguna" Soraluzen

Goizetik gauera bitarteko egitaraua prestatu dute. Eguerdiko hamabietatik aurrera bertso-poteoa egingo dute eta bazkaria izango da ondoren, 15:00etan hasita. Bazkalondoren bertso-sortak ere entzungo dituzte bertaratzen direnek. 

Arratsaldeko 17:30ean, bertso saioa izango da honako bertsolari hauekin: Ainhoa Larretxea, Ainhoa Urien, Izar Mendiguren, Uxue Alberdi, Nahia Sasco, Amaia Agirre, Maddi Ane Txoperena, Alaitz Sarasola, Sarai Robles, Irantzu Idoate, Nerea Ibartzabal, Jone Larrinaga, Irati Majuelo, Aissa Intxausti, Haizea Arana, Alazne Untxalo eta Eli Zaldua. 

Ondoren, Elektropottotte elektrotxarangarekin poteoa egingo dute, herriko tabernetan. Azkenik, 22:00etatik aurrera, kontzertuak izango dira Soraluzeko gaztetxean: Eire eta DJ Txillardegi.

Bazkarirako txartelak bertsosarrerak.eus atarian erreserbatu behar dira (15€) eta egunean bertan ordaindu. Arratsaldeko bertso saioa entzuteko sarrerak bost euro balioko ditu eta han bertan erosi ahal izango da. Kontzertuak, berriz, borondatearen truke izango dira.

‘Señora’ izaeraren aldarria

2021ean antolatu zuten lehen Señora Sariketa eta harrezkero sariketaren hiru edizio egin dituzte. Edizio bakoitzean, Pameladuna (irabazlea) aukeratu dute: Amaia Agirre (Lesaka, 2021), Ane Labaka (Leitza, 2022) eta Maider Arregi (Oñati, 2023).

Hiru urtetan sariketak antolatu eta gero, aurten, lehen aldiz, antolatzaileek erabaki dute ekimena egun bakarrera ekartzea bertsoa eta jaia uztartuz. Antolakuntza taldeko Larraitz Trojaolak azaldu duenez, helburuak berdintsuak dira: “Emakume bertsolariek elkarrekin kantatzeko aukera izatea eta hauek plazan duten presentzia aregotzea. Euskal Herriko toki ezberdinetako bertsolari zein bertsozale feministak elkartu nahi ditugu, elkarren arteko aliantzei jarraipena eman eta festa giroan gure artean gustora aritzeko espazioak sortu. Umorea tresna nagusi gisa erabiliz, ‘señora’ izaerari aldarri egingo diogu”.

Aurreko edizioetan kanporaketa eta finalak hainbat herritan egin eta gero, aurten topaketa Soraluzen egitea erabaki dute: “Ahal dela herriak ez errepikatzen saiatzen gara. Señora Sariketarekin ez ginen Soraluzera ailegatu eta uste dugu herri egokia dela horrelako egun bat ospatzeko. Bide baetez, eskerrak eman nahi dizkiegu antolaketan laguntzen diharduten plazentziatarrei, ikaragarri lagundu eta lana erraztu diguten Soraluzeko 3 pertsona zoragarriei”.

Audio: Erran

Larunbat honetan ospatuko dute “Señora Bertso Eguna” Soraluzen