Leitzako 'Atekaberts komeni' Bardoetako finalerako sailkatu da

‘Atekaberts komeni’ –

Atarrabian ostiralean jokatutako zen saioa irabazita eitzarrak Bardoetako finalerako sailkatu dira. Larunbateko saioan, Tafallan, finalera sartzeko lehen urratsa eman zuen Berako ‘Lamixene’ taldeak ere. Heldu den asteburuan zehaztuko dira finalista guztiak.

Atarrabian aritu ziren kantuan leitzarrak eta Sakaña taldea. “40 lagun pasatxo bildu ziren Atarrabiako Etxebeltza elkartean saioa jarraitzeko, giro onean”, Nafarroako bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez. Sakandarren partetik, Ekain Alegre, Idoia Granizo eta Saats Karasatorre aritu ziren kantuan; Leitzako taldean, Aitzol Eizmendi, Ane Intxausti, Joanes Illarregi eta Xabat Illarregi izan ziren ordezkari. Unai Artiedak egin zituen gai- jartzaile lanak.

Joaneko saioa ere, Tuterakoa, irabazia zuten leitzarrek sakandarren aurka, eta beraz, bi saioetan puntua eskuratuta, Lizarran martxoaren 28an izango den finalerako txartela eskuratu du Atekaberts komeni-k. Bardoetako azken edizioan txapeldun izan zen Leitzako taldea.

'Atekaberts komeni'

Larunbatean, Tafallan, Barañaingo Hego Haizea eta Berako Lamixene taldeak izan ziren kantuan. Lehen taldearen ordezkari gisara, Ainara Ieregi, Endika Legarra, Iñigo Aranguren “Pika” eta Sahats Aleman aritu ziren bertsotan. Beratarren partetik, Ekhiñe Zapiain, Julen Zelaieta eta Patxi Castillo ibili ziren kantuan. Lepo bate zen Tafallako Aguazon peña, eta giro alaiean joan zen saioa.

Berako taldeak eskuratu zuen saioko puntua, eta beraz, “lehen urratsa eman du Lizarrako finalean sartzeko. Dena den, Tafallakoa joaneko saioa zuten bi taldeek, eta itzulikoa jokatu beharko dute heldu den larunbatean Jaunsaratsen, bietatik zein sailkatzen den erabakitzeko”, adierazi du Elkarteak.

'Atekaberts komeni'

Azken asteburuaren faltan

Jaunsaratsekoarekin batera, beste saio bat gehiago ere izango da heldu den larunbatean, kasu honetan Goizuetan. Lesakako Arranopola eta MalerrekakoBertsonautak taldeak arituko dira kantuan bertan. Joaneko saioan, Malerrekakoentzat izan zen puntua, baina Goizuetako saioak zehaztuko du finalista nor den. Heldu den asteburuan, beraz, argituko dira aurtengo hiru talde finalistak.

Finalerako eta ostean izango den afarirako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, bai eta Lizarra Ikastolan eta Lizarrako Beinat Etxepare Euskaltegian ere.

‘Atekaberts komeni’