Poliki, baina plaza indartzen hasi da

Poliki, baina plaza indartzen hasi da –

Bertsozale Elkarteak bertso plazak iragan urtean izandako egoeraren inguruko azterketa plazaratu du. 694 saio egin dira 2021ean, 2020an baino 200 emanaldi gehiago (pandemia aurretik 1.000 inguru egiten ziren). Bertso saio motari dagokionez jaialdi formatuak izan du nagusitasuna .

Poliki, baina plaza indartzen hasi da
 

Urtean zehar plazaren bilakaerak ere izan du gorabeherarik iaz ere, goranzko joera nagusitu den arren. Uztailera bitarte saio kopurua handituz joan zen, hiru hilabete gorabeheratsu heldu ziren ondotik, eta urrian bueltan hasi da igotzen.

“Mahai bueltan egiten diren lagunarteko saioak edota kalean bertsolariak zalearekin erraz nahasten diren plaza libreak ez dira errekuperatu 2021ean; aitzitik, jaialdiak nabarmen igo dira pandemia aurreko urteetako bilakaerarekin alderatuz gero”, adierazi dute Bertsozale Elkartetik. Joera, beraz, azken bi urtetako berbera da: osasun neurriak tarteko lagunarte eta plaza libreko saioak antolatzea zailagoa denez, jaialdiek hartu dute lekukoa. 

 

Poliki, baina plaza indartzen hasi da

 

Elkartetik bat-bateko emanaldi bereziek izan duten bilakaera azpimarratu nahi izan dute: bertsolaritza beste kultur adierazpide batzuekin uztartzen den saioak edota gai jakin baten inguruan ardazten direnak, alegia. Bertsozale Elkartetik jakitera eman dutenez: “Lehendik goranzko bidea hartua zuen fenomenoa zen bat-bateko bereziena, baina are nabarmenagoa izan da joera hori 2021ean. Bereziki, generoari eta feminismoari lotutako ekitaldiak nabarmendu dira; ezagunena eta gehien egin dena, Ez da kasualitatea”.

Jaialdi formatua nagusitzearen ondorio baikorretako bat bertsolari kopuruaren parte hartzea da. Izan ere, lagunarteko eta librekoetan bi bertsolari aritu ohi dira, eta 4-6 jaialdietan. Bestalde, Bertsozale Elkartearen ustez “gizonezkoek gehiago kantatu ohi duten saio mota gutxiago antolatu dira, eta parekidetasun ikuspegia nabarmenagoa den saio mota gehiago; jaialdi eta bat-bateko bereziak, kasu. 2019an, emakumeen parte-hartzea %36koa zen, eta 2021ekoan, aldiz, %48ra igo da proportzio hori”.

Bertso plazaren aurreko irakurketetan sakontzeko Plaza Biziberritzen atala eta honekin erlazionatutako elementuak eskegi dituzte elkartetik.