Prentsa historikoko perlak. Udazkeneko alea kalean

Prentsa historikoko perlak –

‘Izan zirelako gara…’, dio esaerak. Beraz, izan zirenei buruz gehiago jakingo bagenu garen hori hobeto ulertzeko modua izango genuke akaso.

 

Prentsa historikoko perlak

 

Bertsolaritzak distira soziala eta oihartzun mediatikoa irabazi ditu azken hamarkadetan, angelu guztietatik atera zaizkio argazkiak, ikuspegi askotatik gogoetatu da, baina izan ziren haiei buruzko ezagutzan ez da askorik aurreratu 1963an Zavalak Bosquejo de historia del bertsolarismo hura argitaratu zuenetik. Gerora egin dira aldizkatzeak, bertsolari belaunaldien sailkapenak, azalpen sintetikoak, artikulu luzeak eta kapitulu xeheak, baina zirriborroa osatzeke dago oraindik.

Hemeroteka digitaletan ibili gara arrasto gehiagoren arrantzan, baina baita Zavalak berak jasotakoak gordetzen dituzten kaxa zaharrei hautsa kentzen ere. Orain arte inondik sumatzen ez genituen bildumazalearen harra eta ehiztari sena piztu zaigu gure baitan, eta hainbat hilabetetako lanaren ondotik bertsolaritzari buruzko 4.000tik gora pieza bildu ditugu 1980 aurreko prentsan.

Eskura dauzkazunak lauzpabost dozena dira, historiaren puzzlea osatzeko egokiak direla edo testu nahiz bitxikeria gisa balio bat badutela iruditu zaigulako apartatutakoak.

Etxahunen edo Txirritarren epaiketen kontakizuna. Egunkari austriarrean bertsolaritzari buruz duela 180 urte alemanez argitaratutako testua. Pello Errotaren saioa ingelesez luze kontatzen duen kronika. Bertso saio bat wenstern bat balitz bezala deskribatzen duen ipuina, edo bertsolari bat zaldunen istorio baten protagonista jartzen duena. Iparragirreren emanaldi xelebre baten edo Bilintxen kalbarioaren testigantzak. Tangoaren notak sumatzen zaizkion testua. National Geographicen Xalbadorri eta Mattini egiten zaien soslaia. ABC egunkarian 1950eko hamarraldian zezenketa kronikan toreatzailearen bertsolaritzarako gaitasunari egiten zaion aipamena. Euskara gorrotatu baina bertsolariak maite zituen frankistaren ekarpenak. Amurizak Lopategiri duela 50 urte egindako elkarrizketa sasoiz betea. Arestik, Atxagak, Sarrionaindiak eta Letek oso aspaldi batean bertsolaritzaren inguruan argitaratutakoak… Bakoitza bere testuinguruan kokatua.

Euskadi Irratiak Euskal Perlak izenarekin emititu zituen Patxi Mujikak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan grabatutako saioak. Hortik sortu zaigu lanari Prentsa historikoko perlak izenburua jartzearen ideia. Horiek ere harribitxiak direla uste dugu, tamaina nahiz kolore guztietakoak, eta asko oso zaharrak.

Izan ziren haiei buruz gehiago ezagutuz, garen hori hobeto ulertzeko aukera duzu esku artean. Edo, horrelako kezkarik nahi ez baduzu, arratsalde pare bat entretenituta pasatzekoa.

 

Prentsa historikoko perlak

 

 

Prentsa historikoko perlak

 

 


 

Ale hau eskuratu nahiko bazenu idatzi administrazioa@bertsolari.eus helbidera, edo jo ELKAR-eko dendetara zein zure herriko/auzoko liburudendara. 

Prentsa historikoko perlak