Bertso berriak, XXI. mendean jarriak

Hilean behin egin ohi dugu Bertsolari aldizkariko erredakzio bilera, betiere tabernaren batean, ohitura onei jarraituz. Gure etxeko kontuei buruz ari ez ginela, bilera seriosa hasi baino lehentxeagoko hitz aspertuan entretenituta, aipagai izan genuen gazte batek Twitter bidez zabaldutako bertso sorta; eta jarraian, beste batek duela hiru urte antzeko ezaugarriak zeuzkan beste kasu bat gogorarazi zigun.

Bertso berriak XXI mendean jarriak –

Zeren eta bi sorta hauek, haien artean zeharo ezberdinak direla kontutan hartuta, (bat txioa eta bestea bideoa, bertsokera, bertsoak jartzearen arrazoia…) badute zerbait amankomunean: desagerrarazitzat geneukan xori erresinula kantari dabilela. Hau da, oraindik ere badirela arazo zehatz bat izan eta “bertsoak jarri behar diti(n)at ba” pentsatzen duten euskaldunak.

“Azti ibili, bertsoak jarriko dizkigute eta”. Ez zen edonolako beldurra. Garai batean bertsoak jartzen bazizkizuten zure ospea eta ohorea zeharo kaltetuak izan zitezkeen, eta oso zaila zen horri buelta ematea, ez bazen tamainako beste bertso sorta batekin erantzunda. Aldizkari honetan ere makina bat aldiz hitz egin dugu gisa horretako bertsoek eragindako epaiketez, eta nola sarri bertsopaperak froga gisa erabiltzen ziren.

Antzeko zer ezaugarri dauzkate, bada, bertso hauek?

  • Ez ditu plazako bertsolari batek sortu. Herritar bertsozaleek edo plazarik egiten ez duten bertsolariek jarritakoak dira.
  • Ez dira enkarguz hedabide batean argitaratutakoak.
  • Arazo zehatz bati erantzuten diote (lehenengoan sagardotegi batean gaizki eman dietela jaten, eta bigarrengoan luizi batek bere baserrirako bidea moztu eta udalak ez diola laguntzen).
  • Bi kasuek (bezeroa VS sagardotegia, baserritarra VS udala) oihartzun handia lortu zuten. Hots, uste dugu bertsoen kalitateaz harago, igorleak, hartzaileak eta gaiak ere badutela zerikusirik zabalkundean. Zeren eta bertsoak ez lirateke berdin pertzibituko sagardotegi bati beharrean, demagun, Zizurreko Burger Kingari jarritakoak balira (sarri pasatzen naiz paretik eta beti egin dit grazia teilatuan jarria duten leloak, “A la parrilla desde 1954”. Haragia ez da ona izango, baina inork ezingo du esan gutxi egina dagoenik); baserritarra beharrean kaletarra, eta herri txiki bateko udala izan beharrean hiri handi batekoa balitz. Kritikak jaso dituena ez da marka handi baten atzean ezkutatzen (Burger King edo Bilboko Udala), “gertukoa” da.
  • Norabide bakarrekoak dira: sagardotegikoek ez dute erantzun, udalekoek ere ez. Ez da ika-mika edo beef
  • Ez dira idatziz zabaldu, bere horretan. Lehena argazki bidez hedatu da sare sozialetan (idatzita, noski), eta bestea bideoz.

Herri bertsolaritzaz hitz egiten dugunean gauza asko etorri ahal zaizkigu burura, tartean atzera egin dutenak edo zeharo galdu direnak. Bat izan liteke Asier Azpiroz bertsolariak duela gutxi etxe honek ekoizten duen Makarrizketak podcastean (Su pizte txikiak atalean) botatakoa: “Hala sentitzen dut nik, gero eta garbiago: bertsoak behar ditu txapelketak, jaialdiak, libreko saioak, poteoak, oholtza handiak eta txikiak, baina baita tarteka inork deitu gabeko eta inork aurrez antolatu gabeko su pizte txikiak ere… Ez naiz ari ardo zahatoa hustu osteko taberna zuloko oilar borrokak bere horretan erreskatatzeaz, bai baitakigu horren zimentuak zein diren, zeri jo izan zaion txalo halakoetan eta zein geratu den zokoratua. Funtsean, bertsoa tarteka bizi-egoeretara ekarri beharraz ari naiz, espektakuluaren logikatik askatuta. Familiako egoeretan, lagun giroan eta abar ere egin liteke bertsotan, eta uste dut bertsoaren dimentsio hori asko argaldu zaigula edo dugula, eta ederregia iruditzen zait erabat lurperatzeko”. Hau da, lagun giroan, bestelako motiborik gabe, bertsotan hastea. Taberna batean, erosketak egiten edo beste edozein egoeratan, jendea  bertsotan edo antzeko egoeretan topatzea (“—Zer habil Txomin, letxero? –Bai, esnea partitzen, etxero”). Eta herri bertsolaritza gisa ere ulertu ditzakegu hurrengo orrietan ekarri ditugun bi kasuak. Ez zuten erreklamazio orririk eskatu, edo instantzia bat sartu, edo ez ziren horretara mugatu, bederen. Bertsoak jartzea erabaki zuten, eta bertso horiek zabaltzea.

Gaiari buruz ingurukoekin hitz egin dugu, baina ez gara kapaz izan azken urteetan zabaldu diren antzeko sorta gehiago aurkitzeko (informaziorik bazenu, zinez eskertuko genizuke gurekin kontaktuan jartzea). Agerikoa da aski fenomeno puntuala dela, eta bertsopaperen galerari eskutik helduta joan dela bertsoak jartzeko ohitura. Paradoxikoa da, egungo formatuek ematen dituzten aukerak bertsoaren potentziala biderkatu ahal dezaketelako, edizio zein zabalkundean. Hizpide ditugun bi sortek izan zuten oihartzuna adierazgarria da oso. Nahiz eta bertsoak jartzeko praktika ia desagertu den, norbaitek hori egiten duenean hartzaile komunitate zabal bat dago mezua jaso eta zabaltzeko gogotsu. Horri lotuta, azken balio erantsi bat ere badu kontuak: zabalkundea lortuz gero, bertsoak jartzearen xedea bera lortzea ere gertuago egon ahal dela (zure arazoa sozializatuz konponbide bat aurkitzeko aukera biderkatzen baita).

Beraz, badakizu, bertsozale. Ahaztu Tripadvisor, Change.org eta txepelkeriak, eta sortu bertso koskor batzuk.

 

UNAI GALATAS: “Sagardotegi bat baino oilo toki bat ematen zuen hark, 200 pertsona inguruk lasai bazkaltzeko toki batean ia 500 pertsona sartuta”

Bertso berriak XXI mendean jarriak
Arg: Sagardoa Route

 

2024ko otsailaren 24a. Kuadrillako plan ederra zeneukaten: bazkari legea sagardotegi batean.

Bai. Badira urte batzuk añorgatar dexente elkartu eta sagardotegira joaten garela urtero. 30 lagun inguruko talde batentzat tokia bilatzea zaila da eta denborarekin hartu genuen tokia. Inoiz ez ginen bertan egon eta halaxe joan ginen. Bidean autobusak, makina bat bazebiltzan gora eta behera, baina bertara iristean nolako sorpresa. Sagardotegi bat baino oilo toki bat ematen zuen hark, 200 pertsona inguruk lasai bazkaltzeko toki batean ia 500 pertsona sartuta. Horrek dakarren guztiarekin: zarata, txotxera joateko arazoak, janariaren kalitatea edota komuneko kolak.

Bertsoetan salatzen duzue turismoaren eragina ere majo nabari dela sagardotegi batzuetan. Nola aldatu dira gauzak azken urteetan? Duela urte batzuetako zer oroitzapen dauzkazu zuk? Zure jirako belaunaldi zaharragoek zer diote egungo sagardotegi ereduaz?

Badira urte batzuk Hernani inguruak jendez lepo betetzen direla urtarriletik maiatzera bitartean. Sagardotegiak betiko kontua izan dira, baina gaur egun ezagutzen dugunak ez du zerikusirik duela urte batzuk zegoenarekin. Gaur egun ere egoera asko aldatzen da larunbat batean bazkaltzera joanez gero edo asteko beste edozein egunetan afaltzera joanez gero. Astean zehar lasai afaldu eta kupeletako sagardoa lasai dastatzeko aukera dago, baina larunbat eguerdietan parranda eta desfaserako tartea bakarrik dagoela dirudi.

Sagardotegi guztiak zaku berean sartzea ere ez da justua, badira kalitatezko zerbitzua ematen duten sagardotegiak eta badira negoziorako eta larunbat eguerdietarako lan egiten duten sagardotegiak.

Ezagunak dira Euskal Herritik edota kanpotik (Espainia zein Frantziatik) asteburua inguruan pasatu eta sagardotegietara etortzen direnak desfasearen kontura. Nik, adibidez, aurten ezagutu dut Bilbotik sagardotegietarako autobus zerbitzu bat dagoela, eta horrek egoeraren nolakotasuna eta jendearen helburua argi uzten du, etorri-mozkortu-joan.

Desfasearen kultura honek ondorio garbiak ditu, sagardotegi denboraldian sagardotegietan, tabernetan, kale garbiketan eta abarretan ibiltzen diren langileen egoera okerragoa da: kontraturik gabeko lanak, atseden tarteak ez errespetatzea… Emakumeenganako erasoak ere igo egiten dira txotx denboraldian…

“Hori eginez gero bertsoak jarriko zizkigutek”. Aspaldiko esaera da hori, “bertsoak jartzea”, baina egiazki ia-ia guztiz galdu den praktika bat da. Nola okurritu zitzaizuen bertsoak jarri eta zabaltzea? Bertsoak zureak dira, edo taldean sortuak?

Bazkaldu aurretik añorgatar batzuk Gipuzkoako Bertso Txapelketarako argazkiak ateratzera joan ziren eta bertan hainbat oroigarri eman zizkieten, horien artean koadernoa eta boligrafoa. Bazkaltzen ari ginela batek koadernoa atera zuen, polita zela erakusteko, eta hortxe atera zen ideia: gure kexak bertsotan idatziko genituela. Aurretik esan bezala talde handia ginen eta bertsolari zein bertsozale dexente geunden mahaian, Erratz bertso eskolako kide gehienak horien artean. Batek ideiak bota, besteak errima proposatu, besteak idatzi eta horrela hasi ginen idazten. Bertsokerari dagokionez, garai bateko bertsokera imitatu nahi izan genuen, bertsoak jartzea garai bateko ohituratzat daukagulako.

Kontua bere horretan geratu zen, edo bertsoek soka gehiago ekarri zuten?

Bertsoak idatzita sare sozialetara igotzea erabaki genuen eta nahiko harrera ona eduki zuten. Handik egun pare batera Euskadi Irratitik deitu zidaten elkarrizketa bat egiteko, baina gaia bere horretan uztea erabaki genuen.

 

Doinua: Norteko trenbideari

 

Gaur otsailak 24a

larunbata eguerdiya

lagun kuadrilla batek zapaldu

degu sagardotegiya

eman diguten serbiziyua

izan da penagarriya

Etxeberrian pasa ditugu

gosia ta egarriya

 

 

Hilabete lehenago deituta

lekuba zegon altxorra

ta bayezkua eman ziguten

tokiya zutela sobra

txotxian kolan ordu erdiya

eta zazpi maniobra

sagardo ahula ta txotxerua

txuleta bezin legorra.

 

 

Talde osuan bi edo hiru

genitun belar jaliak

gu gixa egin nahi zuten janka

nola antxua baliak

hiru lau aldiz adierazita

desnutritu señaliak

azkenerako jarri dituzte

poteko ilar aliak.

 

 

Turismuari saldu diyote

sagarduaren kultura

hirurehun oilo sartu ta gero

hogeita hamarren lekura

gaur eguerdiyak Etxeberrian

pasa behar du faktura

parrik geyago ez dute hauek

egingo gure kontura.

 

ZEGAIAKO BERTSOAK

Bertso berriak XXI mendean jarriak
Zegaia baserrirako bidea itxita. Arg: Uztarria

Matxinbenta auzoan, Ezkioko lurretan kokatuta dagoen Zegaia baserrirako bidea itxi zuen luizi batek 2020ko abenduan. Kaltetuetako batek konponbideak eskatuz egindako bertsoak asko zabaldu ziren sare sozialetan, bideo bidez.

 

 

Urte haueta iritsi eta   

hola ibili beharra  

lur jausi batek eraman zigun   

gendukan bide zaztarra 

ta udalari egin nahi diot  

galdera ozen ta azkarra  

zergak ordaintzeko bakarrikan  

al naizen ezkioarra.

 

 

Hau gertatu zan bi mila ta hogei   

abenduan 12an   

ordua ere esango nuke   

hamabiterdik aldian   

seme zaharrena ta neu genbiltzan  

lur jausi horren gainian  

abitu bazan abitu zan ta  

laister zan beheko bidian.

 

 

Hura kendu nahi ta han genbiltzan   

biok e erdi etsiak  

harritu gintun lur jausi harek  

abiatu zun martxia   

juxtu-juxtuan pasa genitun   

goitik genduzkan kotxiak  

gure ingurun gertatzen dira   

beti honelakotxiak.

 

 

Hilabete bat pasa da eta   

ez dago makina hotsik   

atxurrez berriz ezin mugitu  

hor pilautako lokatzik   

askok diote udal horretan    

ez ote daukate lotsik   

eta nik berriz duda eitten det  

ba ote dagon bihotzik.

 

 

Pentsuak hartu bizkarrian ta

kastellanuen gurdira

semeak heldu sokatik eta

bagoaz bultza ta tira

aitte ta ama zeruetatik

negarrez daude begira

hamairu seme-alaba hazi ta

hezi zituzten tokira.

 

Ez nuen ba nahi gai hau hartuta   

bertsoak jartzen hasterik  

lokatz hariyan nola gabiltzan  

indarka eta tristerik  

ez deu eskatzen autobiarik   

ez deu nahi autopistarik   

autoz lanera juan ta etorri   

ibiltzeko lain betserik.

 

 

 

Mikel Igartuak behin esan zidan   

autoki zaztar malkarra  

neretzat berriz mirakontxa ere  

ez da hau bezain earra   

han zer dago ba? Ura gaziya   

eta hondartzan hondarra   

hemen mizperak, sagar ta intxaur,

naanja kiwi ta abarrak.

 

 

Mikelek dio bigarren mailan  

dago zuen baserria   

nik zergak txukun-txukun ordaindu   

ta ez al da harrigarria   

bi bizitzako etxea da hau   

bere izena Zegaria  

ta jakin nahi det nola lortzen dan     

lehen-lehengo kategoria.

 

 

Jada ez daukat umorerikan   

eta ez daukat indarrik    

bertso batzuek moldatu eta   

kantatzeko lain bakarrik   

promesa bat e egina daukat   

hau ere alper samarrik   

gure bide hau konpondu arte   

ez det moztuko bizarrik.

 

 

Ez dakit ondo aritu naizen   

bertsoz esan eta esan   

baina ez nintzan hola ariko  

konponduta egon bazan   

nahi deguna da gu tratatzea   

beste baserrien gisan   

momentuz ez det besteik esango  

agur eta ondo izan

 

Bertso berriak XXI mendean jarriak  Bertso berriak XXI mendean jarriak  Bertso berriak XXI mendean jarriak  Bertso berriak XXI mendean jarriak  Bertso berriak XXI mendean jarriak  Bertso berriak XXI mendean jarriak  Bertso berriak XXI mendean jarriak  Bertso berriak XXI mendean jarriak  Bertso berriak XXI mendean jarriak