Bertso jarriak Haizea Berueteri

Bertso jarriak Haizea Berueteri –

Doinua: Nere gorputza dardarka daukat

 

Bertso jarriak Haizea Berueteri

 

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Begiak itxi ta nago nola
bandera bat apalean;
zure frexkura munduratuko
al dudan, eginahalean…
Firfira batez usaindu zaitut
Askizuko kresalean,
sumatu zaitut garagardotan
Kutxilleria kalean,
txorakeritaz ta maite kontuz
bete gutunazalean,
burupeko oihalean,
ahots gozo apalean…
Hutsera jauzi eginagatik
argi baita itzalean
ihesi doan izar bat zara
maskor baten magalean

 

Irati Majuelo Itoiz

Tximeletaren hegalak bezain
ahaltsu ta sentibera
ilargi erdi irribarrean
neurri librez kantaera
behin izan nuen haize goxo bat
ezagutzeko aukera
bertso eskolan ahizpatasunak
egin baitzigun harrera
orduz geroztik gure bidea
marraztu dugu batera
bizitzaren arauera
iraultzearen plazera
hegal berdeko tximeleta bat
ikusi dut orain hega
nire sorbaldan pausaleku bat
duzu hemendik aurrera

 

Amaia Elizagoien Varela

Zu zinenari kantatzea da
sentsazio bat gazia
sinets gaitza den, egia baten
lur hartuz doan hazia
laguna zinen, ahizpa bat zinen
bide lagun berezia
baina badago ikusezina
izan ahal den gabezia
ideiak ere gaixotzen dira
zurekin dut ikasia
negarra da, garraxia
bihotzaren aharrausia
nahizta barrena sentitzen dugun
betea bezain hautsia
zaren oroitzapenen lekua
Izanen da oasia

Saioa Alkaiza Guallar

Arrano batek malkoz busti du
Aralar mendi-gailurra;
Txantrean, berriz, mina hazi da,
nola haritzan ezkurra;
Errekaleor auzo askean
aldaretxo bat, zuhurra;
Ilunabarrak Alde Zaharra
ez zezakeen gehio urra…
Negar egiten dugu taldean,
emanez azken agurra,
herio, bidelapurra,
bizia, galde-ikurra,
Eskatu gisan, epairik gabe,
besarkada bat, xamurra.
Atseden hartu ezazu eta
arina bekizu lurra.

 

 

Bertso jarriak Haizea Berueteri