[TTAKUN-HERREN] Zapatu goizetan / Igandetan
Etxahun Lekue eta Ane Zuazubiskar
2026-11-04
Zapatu goizetan / Igandetan –
ZAPATU GOIZETAN

Doinua: Abade bat bizi zan
Kontatu gura nuke
eman arren pena
zapatu goizetako
nire plana dena,
nirea eta beste
guraso askorena,
segurienik ez da
planetan onena.
Ez da izara artean
luzaro nahastea,
ez da mendiko haize
gozoa arnastea,
ez da bertso sorta bat
lasai idaztea,
baizik seme-alaben
partida ikustea.
Alabak hamarretan
partida etxean,
semeak Zamudion
bestea amaitzean.
Aita txar sentitzen naiz
besteen antzean
partida bietara
hurbildu ezean.
Nahiz ta sasoiz heltzea
den beti asmoa,
partidaren batera
berandu banoa
alboan tokatzen zait
(bete da susmoa)
partidako guraso
energumenoa.
Behinola esan nion
(nahikoa lotsati)
baloia esfera dela
ez dakien bati
zure seme-alabak,
edozeinek daki,
ez dira Leo Messi
ta Aitana Bonmati.
Norbera defendatuz
bere koloreak
komentario denak
ez dira nobleak,
harmailetako berrehun
entrenadoreak
aulkitxoetan dauden
biak baino hobeak.
Nahiz eta jarrera hauek
ez izan begiko
neuk ere inoiz esan
dut (ez oso tinko)
gureek jasotzean
hiru-lau ostiko
besoak zabalduta
no jodas arbitro!
PI PI PI partidua
amaitu da jada
batzuen tristurari
besteen algara.
Gaztetxoak astiro
aldageletara
gurasoak korrika
doaz tabernara.
Zapi kafe, lau pintxo
kaña bat, pattarra…
biak daude beteta
VAR-a eta barra
bloke baxu lau-lau-bi
presing eta abarra
partida amaitu da
baina ez tabarra.
Horrela gabiltza ba
belarriak ketan
asmatu ezinean
hurrengo asteetan,
denboraldia amaitu
berri den honetan
zer egingo ote dudan
zapatu goizetan.
IGANDETAN

Doinua: Euskaldun bat zen itsu I
Adinez tartetxoa
badugunez, klaro,
galdetu nahi nizukeen
zeozer badago,
futbol harmailak heldu
baino lehenago,
zer egiten zenuten
koska bat beherago?
Ze guk gertu izanik
hogeita hamarrak
bi talde ditu bereiz
aukeraren marrak:
larunbat gauekoak
okertu xamarrak
edo besteak (ni maiz)
kasik-kasik “zaharrak”.
Nahi dugu igandeak
ajez murriztea,
edo lehengo plana da
guretzat tristea,
hogeita askorekin
ez da albistea
gutxitan gertatzen zait
tabernak ixtea.
Beraz larunbat gaua
bada gau isila,
kubata baino loa
baduzu hurbila
komeni da igandez
norbait dadila
ezer ez egiteko
planen baten bila.
Lo egiten baduzu
askotan erdizka,
seietan prest baduzu
lehen begi-kliska,
ahaztu izarapea,
ahaztu telebista:
egin korrikalari
edota ziklista.
Zer errenditu nahi zer
buruko osasun,
zer orain arte piztu
ez zaizun gaitasun…
Decathlonek badauka
hamaika erantzun,
zure frustrazioak
kudea ditzazun.
Guk ere baditugu
nahiz izan “zaharrak”,
gure talde-kolore
zein ustezko VARak,
epaileen kexak zein
zaleen marmarrak,
multikirola eta
extraeskolarrak.
Extraeskolar berriak
bilatzen hasita,
beti har dezakezu
sormenean zita,
beti egongo dira
ate-zabalik ta
irakurle taldeak
eta zeramika.
(Nire inbidiarik
ez dezazun zuk har,
futboleko harmaila
zein umeen sukar,
nire kezkak bihurtu
daitezen mundutar.
igande batzuetan
izan nahi dut zutar).

