[Kanpotik] Malko kontrabandistak

Gaizka Aranguren-(r)en argazkia Gaizka Aranguren 2026-11-03

Malko kontrabandistak –

IKASTOLA

Ikastolan izan zen. 13 edo 14 urte inguru genituela, orduko Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko 7. edo 8. mailan eta Imanol Arzalluz irakasle santuarekin (ona baino hobea baitzen bere ontasunean). Bertsolaritzari buruzko lehenengo azalpen haiekin jabetu nintzen bertsoa ez zela gure zain zegoen kanta, uneoro sortu beharra zegoena baizik.

Euskara klasean azaldu zigun Imanolek, bere pazientzia eta umiltasun guztiarekin, bertsoak bazuela neurria eta hartara egokitu behar gintzaizkiola, hitz-jolas hutsa bertso bihurtzekotan.

Orduantxe iruditu zitzaidan bertsoa matematikara hurbiltzen zela, musika bezala, eta nire aurkako ekaitz perfektua sortzen ari zela.

Izan ere, gurasoak eta etxeko zein Iruñeko giroa osoki erdalduna bazen ere, “Euskaran” nota onak lortzen nituen. Eroso sentitzen nintzen euskararekin eta modu zeharo naturalean barneratuta neukan gure familian duela hiru-bost belaunaldi galdutako hizkuntza. Adierazkortasuna eta solaserako joera fabrikatik zetozela uste dut.

Matematikaren alorrean, ordea, larri nenbilen. Oso larri. Ez nien zenbakiei edertasunik antzematen eta, are guttiago, haien arteko harremanei. Ordurako gorrotagarriak iruditzen zitzaizkidan.

Hortaz, iruditu zitzaidan hitzak neurtu behar izatea matematikek euskararen gainean ezarritako itzal ziztrin eta goibela zela. Logika matematiko zurrun eta txikitzailea hizkuntzaren emozio sortzaile anarkikoa diziplinatzera zetorren. Akabera.

Ez nintzen haur bertsozalea eta ez nintzen nerabe bertsozalea izan. Nire munduan ez zegoen ez bertsolaririk eta ez bertsozalerik. Tira, gerora jakin nuen Eugin, Esteribarren, Urbano Egozkue izenekoa ibilia zela. Ezer gutxi gehiago.

 

Malko kontrabandistak

 

JOTA

Ahal bezainbertze euskaraz bizitzeko asmoz, euskaraz ikasi nahi nuen eta Leioako EHUko Kazetaritza Fakultaterako bidea hartu behar izan nuen. Han, jotak kantatzeko joera areagotu zitzaidan.

Ostegunetan, Bilboko Alde Zaharrean elkartzen ginen Nafarroa Garaikoak gure burua nabarmentzeko; nola eta jotak botatzen (barka biezagute orduko Zazpi-kaleetako atsoek eta agureek). Begiradak gureganatu eta ligatzen saiatzeko modua  zen edota, nire kasuan, gehienetan bederen, Nafarroa euskal herritarron adierazpen juridiko-politiko burujabe bakarra izan zela azaltzeko aukera irekitzeko.

Familian betidanik entzundako “hori kultura aragoiarra da” esaldiari kasurik ez eta jotazale peto bihurtu nintzen. Iruñeko Estafeta karrikako Nafarroako Jota Eskolan eman nuen izena. Bizpahiru klasetara joan nintzen bakarrik. Ordurako hogeita piku urte banituen eta klasekide guztiak 12-16 urte bitarteko neskak ziren. Deseroso sentitzen nintzen; aitor dezadan.

Tafallako Jota Lehiaketa urteroko erreferentzia izanik, bazen nekagarri bezain astun antzematen nien zerbait, baina ez nekien zer zen. Jose Mari Esparza Zabalegi tafallarrak erakutsi zidan, honetan ere bai, neke pisutsu haren gakoa.

Jotas heréticas de Navarra liburuxka ezagutu eta Esparzarekin izandako lehen solasaldietatik ulertu nuen jotak fosilizatutako koplak eta bertsoak zirela. Aspaldi erromantzatutako Nafarroa Garaiko eremuetako garai bateko ahozko literaturaren aztarnategi liriko-arkeologikoa.

Bardeetako poligonora egindako martxa haietako baten ondotik, Arguedaseko Yugoko Ama Birjinaren Baselizan, ardotan itotako Josemari eta bion eztarriek Santxikorrotaren belarrietaraino eraman zituzten bertso ziren jotak eta jotak ziren bertsoak.

Jota heretiko haien altzotan hurbildu nintzen, zuhur, bertsotara, bertsolariengana eta bertsozaletasun epelera.

 

XALBADOR

Mende honen lehen hamarkadaren amaiera aldera, herririk herri zaharren bizitza istorioak biltzen ari ginela, Iragira egin nuen. Egozkueko mendatean goiti dagoen Esteribarko herri horretan kontrabandista izandako familia ezaguna bizi zen. Hain zuzen ere, herrian eta haran osoan euskararen transmisioari, belaunaldiz belaunaldi, eutsi dion bakarrenetakoa.

Senideen artean oraindik bizirik zirauen kontrabandista buru inportanteenetarikoa izan zenak. Euskaldun eta euskaltzale, nirea euskara ez zela bota zidan elkarrizketa hasi baino lehen. Hark euskara egiten zuela, baina nik ezetz. Elkarrizketa galtzeko arriskuaz jabetuta, hau erantzutea otu zitzaidan: “Tira, nirea euskara ez bada ere, elkar ulertuko dugulakoan nago”. Onartu ninduen elkarrizketatzaile gisa. Euskaldun gisa… oraindik ez.

Solasaldiari bide eman genion eta, gai nagusira iritsi ginenean, argi eta garbi adierazi zidan:

  • Sekreto profesional.
  • Baina, ezer erranen didazu…
  • Sekreto profesional!
  • .. (…) Fernando Aire, Xalbador, ezagutu zenuen?
  •  
  • Eta?
  • Artzain txarra.
  • …
  • Bertsolari ona.
  • …!
  • Kontrabandista bikaina.

Pirinioetako eskualde haietako kontrabandista buruarentzat Xalbador bertsolari “ona” bertzerik ez bazen, gaueko lanetan nolakoa izanen zen irudikagaitza zitzaidan. Bertsolaritzarekiko nire jarrera epela berotu zuen pasadizoak.

Ordurako, noski, ikusia eta entzuna nuen 1967ko finalean Donostian gertatutakoa. Xalbadorrek jasotako txistuak eta hark emandako erantzuna. Euskal iruditeriaren eta are lurraldetasunaren aldarrikapenik gorenetakoa.

Erreferentzia haiek guztiak buruan, halako batean, Xalbadorren bilobak Iruñea haiz ederrago jota kantatzen ikusi eta entzun nituen. Orduantxe egin zuten bat pieza guztiek. Jota eta bertsoaren arteko harremana gorpuztuta zegoen, belaunaldien arteko transmisioa bermatuta eta nigan emozioa pizteko gaitasun handiena daukaten gure kultura ondare immaterialaren bi adierazpen hauek ezkonduta ikusi nituen. Amorante bederen.

 

MALKOA

Bertsolaritza gero eta erakargarriagoa egin zait urteetan aitzina egin ahala, baina aitortu behar dut ez dudala ahalegin berezirik egin bertsoak entzuteko. Irratian edo telebistan agertzen bazaizkit kasu eginen diet, baina ez dut bilaketa berezirik eginen haien bila joateko asteburuan edo besta egunetan edo Interneten.

Lehiaketak dira gakoa. Nafarroa Garaiko Txapelketa eta Euskal Herrikoa, bereziki. Final erdiak eta finalak. Azken urteotan, familian gozatzeko uneak. Ez dut bertze inolako ekitaldira joateko beharrik sentitzen.

Alta, nahi gabe bertsoarekin topo eginez gero, ez diot izkin eginen. Hari so, adi geratuko naiz; telebistan, irratian edo karriketan. Bertsolariak, joteroak bezala, nire emozio puntu nagusien inguruan dantzan ari diren artistak direla sentitzen dut. Partekatzen dugun iruditeriarekin jolasean dabiltzan hitzen akrobatak.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean aritzen diren bertsolari zerrenda euskal kulturaren eremu zabal horretako intelektual gorenen podiumtzat daukat.

Euskal iruditeriaren elementu nagusien ezagutza sakonena duten sortzaile ausartak.

Milaka herritarren aitzinean isilik gelditzeko aukerarekin borrokan dabiltzan artistak.

Jardun gordinaren balioa une zehatz bateko hutsegitearen gainetik dagoela uste dutenen panteoia.

Irulegiko eskuaren aitortza kriptikoa oinarri, datozen mila urteetako euskararen orubea lantzen dihardutenen tailerra.

Eta horrekin batera, esnea mami bihurtzen duenaren gaitasuna; informatikariaren logika; gaztagilearen mekanika; panderojolearen sistematika… uranioaren gaitasun enpatikoari irri egiten dionaren musikagilea.

Gaur, oinarrizko emozioen errimetan zein konpromiso politikoaren neurrian egositako bertso saio sakon eta luzeetan egiten dit ihes malko kontrabandistak. Eztarrian korapilo, kokotsean zimur, begietan laino.

Jainkosak bota zuen bezala, euskaratik eta euskaraz.

Malko kontrabandistak  Malko kontrabandistak  Malko kontrabandistak  Malko kontrabandistak  Malko kontrabandistak