Txapelketen historia: bertso jarriak. Manex Agirre

Txapelketen historia: bertso jarriak. Manex Agirre

 

Txapelketen historia: bertso jarriak. Manex Agirre
Doinua: Jardin bat zuretzat

 

60ko harmakada

 

Ai, gerraoste luze

Ilun ez bestea

Debeku ofizialen

Kronika tristea

“Bertsolariak izan

Behar du ilustrea”

Basarrik nahi du zerbait

Abiaraztea

Zein zail, baina ederra den

Zerotik hastea.

Hamarkadan aurrera

Apur bat eginez

Istilu batek jartzen

Gaitu oroiminez

Txistu olatu bati

Zer esan jakin ez?

Xalbador zenak ondo

Bazekien zinez

Nola eman lezio bat

Modu atseginez.

 

80ko hamarkada

 

Aita bat, naufrago bat

Errimak abaro

Ahots bat bizarraren

Azpitik igaro

Amurizak txapel bi

Ta gauza gehiago

Berrikuntzarik gabe

Gerorik ez dago

Bertsoa egin zuen

Ukigarriago.

Txapeldun Xebastian

Ta txapeldun Baltza

Ta aldaketa bat dator

txapelketarantza

bertsozaleek sartu

lokatzetan hatza

Ardurak eskualdatze

Horrexetan datza

Autogestiorako

Lehenengo urratsa.

 

90eko hamakada

 

Bertsoak egin du boom!

Berotu giroa

Anoeta inguruan

Jende exodoa

Historiak handia

Du bere hondoa

Txapelketa bertara

Iruditan doa

ta irudi horien parte

da belodromoa.

Lau txapelen azpian

Kopeta bat garden

Hunkidura soil bat han

Ta ziri bat hemen

Ume garaian berak

Zaletu gintuen

Zarauztar horren erruz

Ikasi genuen

Bertsotan birtuoso

Izatea zer den

 

00-13ko hamarkada

 

Asmatua ezin da

Berriz deskubritu

Baina bai horizonte

Berriak aurkitu

BECera joan eta

Pantaila handitu

Lekualdatze batek

Ze ondorio ditu?

Lekuz aldatu eta

Azalez berritu.

 

Milurteko berri bat

berria lilura

Egañaren aulkiak

Jartzearen hura

Lehenengo emakumeak

Txapela burura

Beste bat Lapurdira

(non zegoen muga?)

Totem-ak hausten doaz

Eta gu gustura.

 

 

2017ko txapelketa

 

Bi mila ta hamazazpi

badoa oholtzara

Nerbioak, txaloak

Poza, hotzikara

Txapelketak zer dakar?

Hotsa, burrundara

Baina zirrikitutik

sartu begirada:

Konparatu ezin den

Ikuskizun bat da.

Eta eskaera bat

Doa bukaeran

Nola apur bat geldo

Gabiltzan aukeran

Txapelketa ikusten dut

olatuen eran

Aldaketak errotzen

Baditu, primeran

Bertsoarengan eta

Bertsozaleengan.

Txapelketen historia: bertso jarriak. Manex Agirre