Asier Galarza eta Aitor Servier Osinaldeko finalera

2018-03-14

Asier Galarza eta Aitor Servier Osinaldeko finalera –

Goierriko Hitzatik hartuta edukia.


Osinberde sariaren 6. edizioa jokatu dute asteburuan Zaldibian, Osinalde sariketarako aurreneko kanporaketa ere badena.  Asier Galarza muxikarrak irabazi du epaimahaiak emandako saria, eta harekin batera, Aitor Servier azkaindarra ariko da apirilaren 7an, Gabiriako finalean. Entzuleen saria, Eneko Araiztegi segurarrak jaso du.

Asier Galarza eta Aitor Servier Osinaldeko finalera

Saats Karasatorre (Etxarri Aranatz), Aitor Servier (Azkaine), Paule Loizaga (Sopela), Eneko Araiztegi (Segura), Asier Galarza (Muxika) eta Danel Olano (Getaria) izan dira Osinberde elkartean bildutako bertsolariak. Gai jartzaile lanetan berriz, Joxi Irastorza aritu da. Koplen atalean, Ander Matxain eta Unai Beloki trikitilarien laguntza izan dute. Bertsolari guztiek oroigarri bana jaso zuten; horrez gain, Galartzak trofeoa eraman zuen etxera, eta Araiztegik, egurrezko taila bat.

Afaltzen 55 lagun elkartu ziren, baina saioa entzuteko, 70 lagun inguru batu ziren. “Afari ederra, giro aparta eta bertso saio dotorea” izan dituzte, antolatzaileen hitzetan.

Hurrengo kanporaketa, larunbatean

Bertsolari gazteen Osinalde Sariketarako hurrengo kanporaketa, larunbat honetan, hilak 17, jokatuko dute. Aztiriako Aztiri Elkartean izango da. Hurrengoa berriz, Ordiziako Argi Berri elkartean, hilaren 24an. Saio bakoitzetik, bina finalista aterako dira, apirilaren 7an, Gabiriako Osinalde elkartean jokatuko den saiorako.

Asier Galarza eta Aitor Servier Osinaldeko finalera