Beñat Hach Embarek: «Bertsolaritza sano dagoen eduki bat da hain sano ez dagoen edukiontzi batean, euskara»

Beñat Hach Embarek –

Amagoia Mujikak Gaur8-n.


 

2015eko abenduan hasi zen “Bertsolari” aldizkarian lanean, hasieran komertzial modura eta webgunearen ardura hartuz geroxeago. Erredakzioan sartu zen ondoren eta 2017ko udaz geroztik aldizkariko koordinatzailea da. «Profesionaltasuna eta militantzia uztartzen diren toki bat topatu dut. Oso txikia izateak baditu desabantailak, baina baita abantailak ere. Horietako bat nire ustez malgutasun handia duela da, ideiak aurrera eramateko eta sorkuntzarako toki ona da; lan egiteko, ekarpenak egiteko… malgutasun handiko proiektua da», esan du. Bertsolaritzaz asko dakien jendea ere topatu du. «Lantalde finkoa oso txikia da, baina aldizkariaren inguruan sare zabala dago, laguntza eta aholkua emateko jende asko, kolaboratzaile sare zabala eta anitza. Haiei esker dauka aldizkariak daukan kalitatea».

 

Beñat Hach Embarek
Arg: Iñigo Uriz / FOKU

 

Egungo erreportajeei eta kolaborazioei begiratuta, esan daiteke bertsolari eta bertsozale gazteengana iristen ere asmatu duela. «Harpidedunez gain, badakigu ‘Bertsolari’ esku askotatik pasatzen dela; etxeetan, bertso eskoletan, kuadrilletan… Bertso belaunaldi berria gerturatzen ari da aldizkarira eta espero dugu datozen urteetan ere horrela jarraituko duela. Bertsolaritza mundu txikia da eta bere baitan beste mundu txiki asko biltzen ditu. Saiatzen gara ahal den neurrian segmentu desberdin horien gustukoak diren edukiak eskaintzen».

Urtean paperean lau ale, urtaroei lotuta. Horrez gain, azken urteotan oso nabarmena izan da webgunea berritzeko ahalegina eta sare sozialetan presentzia handitzea. «Buru-belarri aritu gara webgunea berritzen. Aldizkarian argitaratzen diren edukiez gain, hemeroteka bat sortu dugu eta sare sozialetan mugimendua areagotu. Horrez gain, argazkitegia digitalizatu eta etiketatu egin dugu. Azken 30 urteetako argazkiak hor daude, webgunean. Nolabait, erabaki genuen webguneak ez zuela izan behar aldizkariko edukiak jasotzeko tokia bakarrik, dinamika propioa izan behar zuela. Bideoak eta podcastak ere egin ditugu. Bagenuen audiogintzan hasteko gogoa eta ‘Makarrizketak’ izeneko audio pilulak egin ditugu. Aurten ere ildo beretik jarraituko dugu», azaldu du.

Bada abiatu duten beste bide bat, azken urteotan egindako apustu garrantzitsua; komikigintza. 2015ean “Nork” komikia argitaratu zuten eta 2019an “Nori”, Xabi Payak eta Patxi Gallegok elkarlanean jositako bi lan arrakastatsu. Hirugarrena falta da trilogia osatzeko. Tartean, 2018an, Mikel Begoñak eta Adur Larreak sortutako “Arditutakoak” komikia argitaratu zuten “Bertsolari”-n.

Hach Embarek pozik dago apustuarekin. «Euskarazko komikigintzak gorakada izan du azken urteetan eta guk ere egin dugu gure ekarpena alor horretan. Uste dugu bertsoa eta marrazkia oso ondo uztartzen diren bi alor direla eta jarraituko dugu bide horretan datozen urteetan ere. Argitaratutako komiki guztiek sekulako harrera izan dute».

Bertsolaritzak ertz asko ditu eta seguru hari mutur asko ematen jarraituko duela, ugariak eta anitzak. «Bertsolaritza bor-bor dago eta gauzak oso ondo egiten ari direla uste dut. Betiko beldurrak hor jarraituko du, bertsolaritza sano dagoen eduki bat baita, hain sano ez dagoen edukiontzi batean. Edukiontzi hori euskara da eta hori da bertsolaritzaren muga. Baina bertsolaritza bera oso osasuntsu ikusten dut, biztanleriaren segmentu desberdinetara iristen ari da eta gurea bezalako aldizkari batek oraindik hazteko elementu asko dauzkala uste dut. Jendeak ezagutu egin behar gaitu eta hori da gure erronka datozen urteetan; jendeak ezagutu gaitzala, egiten dugun lan txukuna ezagutu dezala. Horrez gain, paperezko komunikabideen etorkizunaren inguruko eztabaida hori ere adi jarraitu beharko dugu, gu non kokatzen garen aztertzeko. Egia da ‘Bertsolari’ aldizkariak jendeak ez dituela botatzen, apaletan pilatzen dituela. Bilduma pieza bat da eta horrek balio erantsia ematen dio paperezko aldizkari bezala. Baina aztertu beharko dugu aurrera begira zer aukera ditugun».

Beñat Hach Embarek
Beñat Hach Embarek