Bertsoa eta glosa

2022-03-29

Bertsoa eta glosa –

Ane Labaka Mayoz BERRIAn.


 

Arrotz sentitu izan gara sarri, euskara hutsezko geure jardun inprobisatua medio, kanpora bidaiatzeko aukera izan dugunetan. Urratu izan dugu eztarria, besteak beste, Mexikon, Kuban, Sardinian, Galizian, Leonen, Londonen eta Belfasten. Eraiki izan ditugu, halabeharrez, zubi melodikoak eta lelo partekatuak, eta hitz egin dugu geurearen eta besteenaren arteko desberdintasunez gauerdira arte luzatutako bazkalondoetan. Aldeak alde, geure mundutxotik kanpora ere, elkartu izan gara geure antzekoekin. Geure mundutxotik kanpora ere, hasi gara ahizpatzen geure antzekoekin.

 

Bertsoa eta glosa

Ilustrazioa: Malen Amenabar Larrañaga

Beti da zaila norbere etxearen berri kanpoan ematea. Egongelaren erdian distira egiten duen lanpara nabarmentzeko arriskua dago, eskuzabal loratzen den orkidea zuriaz edo etxera sartzen den nornahi xarmatzeko gai den atariko koadroaz soilik hitz egitekoa. Apalategia estaltzen duen hauts geruza aipatu ez, eta alfonbra azpian pilatutakoak isilean gordetzekoa.

Espollan (Gironan) izan ginen duela bost urte inguru. Escola d´estiu de glosa-ra gonbidatu gintuzten Oihana Iguaran eta biok. Lauso samar gogoratzen dut zeri buruz mintzatu ginen orduan, zenbateraino arriskatu ote ginen. Duela gutxi, berriz, Bartzelonan izan gara. Bost urteko tarte horretan zerbait lehertu da hemen; zerbait lehertu da han.

Reverso —Uxue Alberdik idatzitako Kontrako eztarritik liburuaren gaztelaniazko itzulpena— aurkeztera joan ginen oraingoan. Ohi baino gehixeago izerditu genuen euskaraz jada hain mamurtuta daukagun diskurtsoa gaztelaniaz ahalik egokien egituratzeko ahaleginean —nola esaten da bazterreko? nola kristalezko sabai?—. Hala ere, beso zabalik hartu gintuzten eta alfonbrapekoak astindu ahal izateko konpainia ezin hobea topatu genuen bertan.

Kasualitatez, Cor de Carxofa elkarteko glosadore guztien artetik, emakumeak baino ez ziren izan Llibreria Calders-era gu entzutera bertaratu zirenak. Emakumeak eta bi gizon; beraiek zehaztu zuten moduan, bi gizon marika. Kasualitatez, bi gizon horiek izan ziren gure mahai-ingurua bukatu orduko jendaurrean hitza hartu zuten lehenak. Eta, bazkalostean kantuan ari ginela, ahots-kordak gehiegi behartzen ari ginela ohartu ginen, mahai-buelta hartan ere gizonek jarritako tonuak gailentzen baitziren, kasualitatez.

Ez dakit nor izan zen patriarkatua garro ugaridun munstro gisara ilustratu zuena. Indartsua da gero munstroa; bi kokapen geografiko, bi hizkuntza gutxitu, bi jardun inprobisatu, bi tradizio… hain desberdin aterpetzen dituzten bi etxe apartekootan ere alfonbrape homologoak sortzeko bestekoa.

Bertsoa eta glosa