Bertsoa hezkuntza arautuan: etengabe egokitzen eta berritzen

2021-03-04

Bertsoa hezkuntza arautuan –

Bertsozale Elkartearen webgunetik.


 

53 irakasle eta 29.500 ikasle ari dira egunero hezkuntza arautuan bertsolaritza lantzen; beste zenbait eremutan bezala, hemen ere bertsoa egokitzen ari da egunerokora eta honek aldaketak ekarri ditu.

 

Bertsoa hezkuntza arautuan

 

Bertsozale Elkartean sekulako indarra hartu du azken urteetan hezkuntza arautuan dugun proiektuak. Une honetan, 229 herritan eskaintzen da bertsolaritza, 511 ikastetxetan, eta 29.500 ikaslerengana iristen gara, 53 irakasleri esker. Zenbaki horien atzean, baina, pertsona ugari dago egunerokoan bertsoa irakasteko prozesuan hobekuntzak egiten eta gauza berriak probatzen.

Haurrei bertsolaritza nola irakasten zaien aztertzen ari da Bertsozale Elkarteko Mikel Artola azken urteetan eta, egindakotik abiatuta, metodologia berria probatu eta proposatu du. Oinarrian, haurrei bertsotan bat-batean irakastean datza: plazakotik gertuago dago, eta jolasetik ere asko du. “Eskatzen diegun horretan dago koska”, dio Mikel Artolak. “Bertsoa osorik egiteko eskatzen badiegu, zaila izango da bat-batean egitea. Baina puntu bat beste puntu batekin erantzuteko gai izaten dira ia denak; baita kopla bat egiteko ere, biren artean”, azaldu du. “Horrela, bertsolariek egiten duten bezala egiten dute: belarriz, eta ez silabak kontatuta”, dio.

“Bertsoa osorik egiteko eskatzen badiegu, zaila izango da bat-batean egitea; baina puntu bat beste puntu batekin erantzuteko gai izaten dira ia denak”

Gure irakasleen artean “aldaketa handia” izaten ari da batzuentzat, eta “ez horrenbeste” beste batzuentzat. “Eginez ikastea da orain kontua, eta ez horrenbeste bertsoaren gramatika ikasi eta gero praktikan jartzea”, esan du Artolak. Hori bai, gelako jarduna “dezente” aldatzen dela dio.

Aldaketa horretan bete-betean sartuta dago Nerea Urra irakaslea: “Gelako dinamika biziagoa eta parte hartzaileagoa da”, azaldu du. “Ikasle bakoitzari bere gaitasunak garatzeko aukera gehiago eskaintzen dizkio funtzionamendu honek”, gaineratu du. Bat-baterako jauzia “naturalki” egiten dutela dio, saioei eta dinamikei esker. Ikasleen motibazioaz galdetuta, hauek “motibazio handiagoz” sumatzen dituela dio, “jolasa bihurtzen baita bertsoarekin esperimentatzea”.

Ikasgela barruan bakarrik ez, kantuan ere jarri ditu Urrak bere ikasleak topaketa batean. “Ikastetxeko aretoan egin dugu, eta ikasle gehienek hartu dute parte bat-bateko zatian”, azaldu du. “Askok errepikatu nahi izan dute ariketa”. Pertsonalki, aurreneko esperientzia izan du Urrak hau, eta “oso positiboa” izan dela dio. “Ikasleak eroso, motibatuta eta lasai ikusi ditut”.

Asier Alcedo irakasleak dio “bitxia” dela umea kantuan ari denean ingurukoen erreakzioa ikustea. “Lehenengo tokatzen zaionak ariketa ondo burutzen badu, gela osoan eragiten du; batzuetan, txalotu ere egiten dute ezinezko zerbait egin duelakoan”, dio. “Gero haien txanda datorrela jakitun, urduri sumatzen ditut, baina behin abestuta, harrotasun puntu batekin ere egoten dira”, gaineratu du.

Honek guztiak irakasleen formakuntza eskatzen du, jakina, eta horretan ere ari gara. “Lehendabizi gogoeta orokor eta sakona egin genuen bertsolaritzaren ikasketa prozesuaz, eta orain gelan grabatutako bideoak aztertzen ari gara; irakasle-ikertzaile figura da interesatzen zaiguna”, azaldu du Mikel Artolak.

 

Hezkuntza, zenbakitan

229 herri

511 ikastetxe

29.500 ikasle

53 irakasle

 

Karta-jokoak eta gehiago

 

Etengabeko egokitze horretan, bertsolaritza lantzeko ikasmateriala sortzen ari gara etengabe. Horrela adierazi du Ixiar Eizagirrek, Bertsozale Elkarteko materialgintza arduradunak: “Irakasleak dira gelan erabiliko duten materiala sortzen dutenak”, azaldu du. Azken urteotan haurrei zuzenduta sortu dugun material guztia www.bertsoikasgela.eus atarian dugu eskura. “Orain, haurrek bat-batean egiteko metodologia geletan gauzatu ahal izateko materiala sortzen ari gara irakasleekin, eta karta jolasak dira horren emaitzetako bat”, dio Eizagirrek. “Ikasturte berriari begira, ikasliburua berritzeko prozesuan ari gara”, gaineratu du.

“Irakasleak dira gelan erabiliko duten materiala sortzen dutenak”

Karta jolasak Bertsozale Elkarteak eta Lanku Kultur Zerbitzuek sortu dituzte, irakasle lantaldearen ekinez. Sei sortaz osatutako bilduma da, eta zailtasun mailaren arabera antolatuta datoz. Bakoitza ariketa jakin bati dago zuzenduta: lehen puntua eta oinak emanda, azken puntua eta oinak emanda, lau edo zortzi oinak emanda, gaiak sortzeko kartak, errima kartak eta pasa hitza asmakizun jolasa. Karta jolasen bilduma bana bertso-eskola guztiei oparitu zaie eta, horrez gain, bertsolaritza irakasleen bidez eskoletan ere erabiliko dira.

Karta jolas horien sorkuntza prozesuan aritu da Asier Alcedo irakaslea. Oraindik ez ditu berriak probatu, baina sortze lanetan ibili zirenean eraman zituen gelara zenbait lagin. “Gustura ibiltzen dira, karta errazenetan, bereziki ondo ateratzen denean. haiengandik ateratzen zaie beste bat eskatzea: hori seinale ona dela esango nuke”, dio.

Karta jolasak ikusteko eta probatzeko aukera dago www.bertsoeskola.eus atarian, Hasiberriak atalean, PDF bertsioan deskargatuta.

 

Bertsoa hezkuntza arautuan

 

Ikasturte berezia

 

Pandemiaren eraginez ikastetxe guztietan hartu dira neurriak eta, hori dela eta, egokitu egin behar izan gara ikasgeletan: ariketak, dinamikak eta jarduerak osasun neurrien arabera moldatu behar izan dira. “Distantziak eta eskutik eskura ezer erabili ezinak zaildu egin du zenbaitetan hainbat jarduera garatzea”, azaldu du Nerea Urrak. Dena dela, ikasturteak aurrera egin ahala, bai irakasleak eta bai ikasleak egoera berrira moldatu direla esan du, eta normaltasunez funtzionatzen ari direla.

Antzekoa dio Asier Alcedok ere: “Lantaldeetan ezin batzeak, gelak ezin nahasteak, kantaldiak, topaketak eta eskolako jaialdiak kolokan izateak… esango nuke zail samar egiten ari zaigula helburu zehatzak markatzea”, dio. “Irudipena dut musukoaren erabilerak eragin zuzena duela haurren euskararen ulerkeran eta gure ahozko jardun eta transmisioan traba dela”, gaineratu du, maskararen erabileraren beharrezkotasuna zalantzan jarri gabe.

Argi dago, ikasturtea berezia izanagatik, bertsoak moldatzen jakin duela lekuz leku eta momentuz momentu. Horrela jarraituko dugu aurrerantzean ere, daukagunari eta datorkigunari ahalik eta erantzunik onenak ematen.

Bertsoa hezkuntza arautuan
Bertsoa hezkuntza arautuan
Bertsoa hezkuntza arautuan