Bertsoa tresna didaktiko bihurtzeko

Bertsoa tresna didaktiko bihurtzeko –

ERRAN ataritik.


‘Bertsolaritza Irain Eskolan’ proiektua garatu dute, bertsolaritza eskolan hasten direnetik eskola uzten duten arte lantzeko. Proiektuaren helburua, bertsolaritza haurrengana hurbiltzea, eta haurrek kantatzeko ohitura berreskuratzea da

 

Bertsoa tresna didaktiko bihurtzeko
Eneko Fernandez Irain eskolako irakaslea eta proiektuaren sustatzailea eskolan egindako liburuxkak esku artean dituela.

 

Bertsoa eta kantua egunerokoan presente izatea eta bertsoa erreminta didaktikoa bihurtzea. Horixe da Bertsolaritza Irain Eskolan proiektuaren helburua. Irailaz geroztik, bertsolaritza lantzeko modu berri bat baitute Irain eskola publikoan, 2 urtetan hasi eta 12 urtera bitarte landuko dute, zeharka lehen urteetan, eta 5. mailatik aitzinera zuzenean. 

Gabezia baten ondorioz sortu dute proiektua, izan ere aspaldi nabaritu zuten haurrek kantatzeko ohitura galdua zutela. Hori berreskuratu nahi izan dute proiektuaren bidez, haurrek kantatzeko ohitura ttikitatik landu dezatela. Baina, ez hori bakarrik, LH 5. mailan bertsolaritza zuzenean lantzen hasten direnerako bertsoaren guttieneko ezagutza bat izatea ere bermatu nahi dute, ikasleek doinu batzuk ezagutzea.

Horretarako, bertsoa tresna didaktiko bihurtu dute. Errutinak eta arauak ikasteko tresna, baina baita ipuinak eta emozioak lantzekoa ere. «Gelan ipuin bat lantzen denean, hori ahoz kontatu ondotik, bertsotan aditzen dugu», azaldu du Eneko Fernandez eskolako irakasle eta proiektuaren sustatzaileak. Hilabeteak ikasteko kantak egin dituzte, baina baita Lesakako txokoen berri ematen duten bertso sortak, eta igerilekura joaten direnerako arau multzoen koplak ere. Adibide bat paratu du Fernandezek: «Geografia lantzen ari ginen gelan, eta erakutsi nien Euskal Herriak zazpi probintzia dituela eta eta zein diren horien hiriburuak. Errepasatzean, ordea, konturatu nintzen ez zutela batere barneratua. Orduan, kopla batzuk egin genituen elkarrekin hori ikasteko, eta horiek kantatuta ikasi zuten. Oraindik ere gogoan dituzte koplak». 

Eskolako ikaste guztiak elkartzen dituen proiektua da

Irainen garatu duten proiektua da, baina erro sakonagoak dituena. Azken urteetan, bertsolaritza ikasgelan lantzeko ikastaroak eman izan dizkie Fernandezek hainbat irakasleri. Hori, ordea, gelan gelditzen zela azaldu du, eta «burbuila» modukoak sortzen zirela. Horregatik erabaki dute proiektua eskola osoan garatzea.

Behin proiektua idatzita, egin beharreko lan garrantzitsuena materiala prestatzea izan da. Fernandezek azaldu duenez, material parrasta dago sortua Bertsozale Elkartearen bertsoikasgela.eus atarian, eta hori antolatu dute lehenengo, eta ondotik, gabeziak atzeman dituzten lekuetan material berria sortu dute. Batez ere txikienentzako materiala sortu behar izan dutela azaldu du, eta pixkanaka ari direla bertso sortak sortzen, eta horiek musikatzen.

Hori dena antolatu egin dute, eta orain ikas mailaka, eta arloka dute antolatuta, denak klik batera. «Hori eginda ematen zaion erabilpena da gakoa. Orain klik batera dago, eta irakasleek sarbide zuzena dute».

Bertso ipuina elkarrekin

Eskola osoa elkartzen duen proiektua da, eta horren adibide da ikasle denek parte hartu duten bertso ipuina. «Haur hezkuntzako ikasleek gustuko bi ipuin aukeratu dituzte, eta ondotik LH 5. eta 6. mailako ikasleek ipuin horiek bertso bilakatu eta grabatzen dituzte. Bertsoak eginda, 1. eta 2. mailako ikasleek marrazkiak egin dituzte eta 3. eta 4. mailakoek, irudiekin bideoa eta ipuinaren edizioa eta inprimaketa». Dagoeneko sei ipuin osatu dituzte, eta aurten bertze bi egitekoak dira. «Eskolako azokan saldu genituen, eta guraso batek baino gehiagok erran digu etxean erabiltzen dituela haurrei kantatzeko». Horrez gain, urtero bertze bi proiektu garatzeko konpromisoa ere hartu dute: 4. mailan Lesaka eta bertsolaritzarekin duen historiari buruzkoa bat, eta bertzea 6.mailan eskola uzten duten  ikasleek beren despedida bertso bidez egitekoa. 

Hurrengo helburua gizarteratzea da. Horretarako, Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatuta irakasleentzako formakuntza eginen dute urtarrilean Lekarozen eta Uharten. Ikastaro horietan Irainen egindako proiektuaren nondik norakoak azalduko dituzte. Fernandezek nabarmendu duenez, helburua eskola sare bat lortzea da, materiala partekatzeko, eta denen artean elkar elikatzeko. Interesa erakutsi dute dagoeneko ikastetxe batzuk, eta horiekin elkarlanean aritzeko prest da Fernandez: «Ez nuke nahi hau alde batera utzita dagoen liburu bat bezalakoa izatea, baizik eta bizirik dagoen eta erabiltzen den tresna izatea». 

Bertsoa tresna didaktiko bihurtzeko Bertsoa tresna didaktiko bihurtzeko Bertsoa tresna didaktiko bihurtzeko