Bertsoikasgela: Umeekin bertsoa gozatzeko webgunea

Bertsoikasgela: Umeekin bertsoa gozatzeko webgunea –

Estitxu Eizagirrek, Argia aldizkarian.


Bertsoikasgela: Umeekin bertsoa gozatzeko webgunea

Agian etxean kontatuko du, eskolan bertsolaritza lantzen dutela. Izan daiteke ikastetxeko irakasle bertsozaleren baten bidez, edo Bertsozale Elkarteak Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan ematen dituen klaseetan: 2017-2018 ikasturtean 507 ikastetxetan aritu dira 50 irakasle, 26.300 ikaslerekin bertsoa lantzen.

Hauei zuzenduta dago webgunea. Eta etxeko helduenek ere gozatzeko moduko bertso pila aurkituko dugu bertan, hainbat formatotan: bideoak dira gehienak, badira propio musikatutako bertso sortak, irakurgai dauden bertsoak, norberak bertsoak egiteko bidea errazten duten ariketa-jolasak… Bertsozale Elkarteak etengabe elikatzen du webgunea, asko, Hitzetik Hortzera telebista programarako grabatzen diren saioekin, baina galbahe lana eginda: umeek ulertzeko modukoak dira bertan aurkituko ditugun bertsoak.

Hauxe aurkituko dugu, atalez atal

Bertso munduko albisteak. Motz eta ulergarri idatzita, umeentzako egokituta.

“Ikasleen txokoa” atalean daude bertsoa gozatzeko edukiak: “baliabideak” atalean, norberak bertsoak egiteko ereduak eta pistak. “Bertso sortak” atalean, nahi beste bertso jarri, musikaz lagunduta, eta zer gai lantzen duen labur azalduta aurkezpenean. “Bat-batekoak” atalean, plazan kantatutako bertsoak (umeentzat ulergarri direnen hautaketa). “Gure bertsoa” atalean, ikasgelan egin duten bertsoak daude entzungai.

Bertsozaletasunarekin gozatzeko webgune oso erabilgarria da, eta bada mugikorraren bidez kotxe bidaiak bertsoak entzuteko baliatzen duenik ere. Egungo baliabideekin umeekin kultura gozamenez eta helduekin partekatuz landu daitekeenaren adibide on bat.

Bertsoikasgela: Umeekin bertsoa gozatzeko webgunea