Bertsolaritza, ahozko literaturaren adierazpide

Iratxe Retolaza Gutierrez. Literatura ikertzailea; Vigoko Unibertsitateko Contemporary Poetry and Politics: Social Conflict and Poetic Dialogisms (POEPOLIT II, PID2019-105709RB-I00) ikerketa-proiektuko kidea; Eusko Ikaskuntzaren Kultur eskubideak, parte-hartzea eta gobernantza-ereduak proiektuko kidea; euskaltzain urgazlea.

Iturria: FISKALITATE TXOSTENA – LANARTEA – I. eranskina

ahozko literaturaren adierazpide –

XIX. mende bukaeran eta XX. mendean zehar Literatur Teoria zientzia autonomo gisa ezarri zenetik, bere xede nagusietariko bat literatura kontzeptua definitzea eta zedarritzea izan da. Izan ere, literatura nozioaren izaera dinamikoa eta historikoa da, berau zehazteko unean erabilitako ikuspuntuaren araberakoa, baita kultur esparruaren eta tokian tokiko errealitateen araberakoa.

ahozko literaturaren adierazpide
Arg: Skitterphoto

1960ko hamarkadaren hasieran, teoria formalistek, estrukturalistek eta estilistikoek hartu zuten indarra mendebaldeko Literatur Teorian, eta berehala zabaldu zen ikuspegi hori euskal kulturaren eremuan. Teoria horiek literatur hizkeraren ezaugarri erretoriko-estilistikoak aztertu zituzten, eta hain zuzen ere, bertsolaritza ikuspegi erretoriko-estilistiko horren begiradatik aztertu duten ikertzaileak ugari izan dira. Izan ere, ahozko euskal literaturaren lan aitzindariak ere badu korronte erretoriko-estilistiko horren arrastorik: Manuel Lekuonaren Literatura oral vasca (1964). Gerora, Juan Mari Lekuonak Ahozko euskal literatura (1983) liburuan sakondu zuen ikuspegi erretoriko-estilistiko horretan, eta biek ere bertsolaritzaren adierazpideak kokatu zituzten literaturaren eremuan. Berrikiago erretorikaren markoan ere kokatu dituzte bertsolaritzaren ekarpenak, esate baterako, Joserra Garzia, Jon Sarasua eta Andoni Egañaren Bat-bateko bertsolaritza. Gakoak eta azterbideak (2001).

Ikuspegi erretoriko-estilistiko horiek guztiek testuaren eraikuntza eta arkitektura formalaz aritzeaz gain, eta testuen balio estetiko, literario eta estilistikoen inguruko ikerketa egiteaz gain, osagai formal-estilistiko horiek sistema kulturalarekin eta testuz kanpoko ideologiekin ere harremanetan jarri dituzte (filosofia, hizkuntzalaritza, hizkuntzaren pragmatika, soziologia…). Are gehiago, testu literarioa aztertzean bere balioaniztasun semantikoa, anbiguotasuna, balio ikonikoa edo irekitze semantikoa aztertu izan dituzte, besteak beste. Hain zuzen ere, bertsolaritzaren adierazpidean ere antzematen diren ezaugarriak guztiak ere, ikertzaile askok azpimarratu bezala (Lekuona, 1964; Mujika, 1979; Lekuona, 1982). Ez da harritzekoa, beraz, ikuspegi erretoriko-estilistiko horren begiradatik Juan Mari Lekuonak Ahozko Euskal Literatura (1982) liburuan bertsolaria herri poetatzat definitu izana.

Aipatu denez, lekukoan lekuko kultur esparruan hitzartzen da zer den literatura eta zer ez den literatura, eta, besteak beste, literaturaren lan historiografikoek izan ohi dute literatura zer den zedarritzeko funtzioa. Euskal Literaturaren Historiografiari begiratuz gero, ugariak dira bertsolaritza literaturaren historiaren katean kokatzen dutenak, eta, ondorioz, literatur adierazpidetzat dutenak. Luis Mari Mujikaren (1979) ekarpen historiografikoak genero lirikoaren bilakaera du kontagai, eta, bide horretatik, hari narratibo bakarrean biltzen ditu ahozko tradizio lirikoa eta idatzizko adierazpide liriko modernoagoak. Jon Kortazarrek, bestalde, Euskal Literaturaren historia txikia (1997) liburuan bertsolaritza herri literaturaren genero bat dela azpimarratzen du: entzuleen aurrean, bat-batean sortuz edo aldez aurretik espresuki idatzitako ahapaldiak kantatuz, egin ohi den jarduna. Patri Urkizuk UNEDen 2000. urtean argitaraturiko Historia de la literatura vasca liburu mardulean, genero literarioka bereizten du euskal literaturaren historia, eta atal garatu oso bat eskaintzen dio bertsolaritzari, eta hortaz, euskal literaturako genero literarioen artekotzat du. Ikuspegi historiografikoa garatu duten lan berriagoetan ere bertsolaritza kokatzen da euskal literaturaren adierazpideen artean, baita euskal literaturaren kate historikoan ere: Joseba Gabilondoren Babel aurretik. Euskal literaturaren historia bat (2020), edota Gorka Aulestiak 2020. urtean Sancho el Sabio guneko aldizkarian argitaraturiko Oralidad y bertsolarismo vasco artikuluan.

Euskaltzaindiak ere modu honetan definitu du bertsolaritza Literatura Terminoen Hiztegian (2008): “Jendearen aurrean kantaturiko ahozko estiloko euskal literatura da, herri bertsolariek gehienetan bat-batean eginiko jarduera poetikoa”. Are gehiago, Euskaltzaindiak osaturiko Literatura Terminoen Hiztegia (2008) horretan bertan Ahozko literatura izeneko sarrera bat dago, eta ahozko literaturaren adierazpideen artean kokatzen du bertsolaritza, eta ahozko literaturaren ezaugarri literarioen bilduma egiten da (irudien eta ideien mugimendu azkarra, artifizio erritmikoa, teknika ez-klasikoak…). Edozein modutan, ikertzaile gehienak eta erakunde literarioetako eragileak bat datoz ikuspegi honetan: bertsolaritza hitzaren bitartez garaturiko adierazpide artistikoa da, eta hartara, literatur adierazpidea da.

Ikuspegi akademiko horien ondorioz, EHU/UPVko Euskal Ikasketan graduko 4. mailan Ahozko Literatura (6 ECTS) izeneko ikasgai bat dago, eta Espainiako Gobernuko ANECA zerbitzuak onarturiko programa ofizialean adierazten den moduan, gaitegiko 2. gaia hau da: “Bertsolaritza: ezaugarri orokorrak, periodizazio historikoa eta testu aipagarriak”.

ahozko literaturaren adierazpide  ahozko literaturaren adierazpide  ahozko literaturaren adierazpide