Bertsotan kataluniarekiko distantzia txikitzen DA

Bertsotan kataluniarekiko distantzia txikitzen DA –

Amaia Ereñagak GARAn.


Bartzelonako Pol.len Edicions argitaletxeak bigarren urtez hartu du erakusmahaia Azokan. Bertan, euskal ekoizpena katalanez eskura daiteke eta, horrez gain, «Bertsoglosada» izeneko saioan bertsoa eta glosa elkartu zituen. Atzoko egun arrakastatsuak aurreko biak gainditu zituela esango genuke. Lan erdiak eginda, asteburuan sartu da Azoka.

 

Bertsotan kataluniarekiko distantzia txikitzen DA
Berta llos eta Esther Santos, lanean, beste guztiak adi dituztela. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

 

Aparkaleku gehienak lepo, eta Landakotik gertuen zeudenak itxita. Ez zen auto gehiago sartzen. Hala hasi genuen atzo Azokaren hirugarren eguna; dena den, lagunarteko afarietan bezala, euskal kulturaren plazan beti egingo zaio tarte bat azken orduan etortzen denari. Eta, egunean zehar, Azoka jendearen “peregrinazio” etengabearen isla izan zen.

Pandemiaren aurreko Azokara bueltatu garela dirudi, atzo goizean Landakoko ate guztietan sortu ziren ilarak ikusita, bederen. Gunea beteta egon zen egun osoan zehar, eta zenbait unetan sarbidea mugatu behar izan zuten antolatzaileek, edukieraren protokoloari jarraituta. 3.000 bat laguneko edukiera mantendu nahian, batez ere bisitaldia erosoa izan zedin, sarrerak itxi egiten zituzten tarte batez. Kopurua jaisten zenean, berriro ere sartzen uzten zioten jendeari. Kalean ziren ilarek pandemia garaiak ekarri zizkiguten gogora.

Egunaren hasiera ilundu zuen albiste bakarra sexu-jazarpen kasu bat izan zen. Ostegun iluntzean Azokan bertan gizon batek emakume bat jazarri zuela jakin zuten antolatzaileek eta, horren aurrean, «babesa eta elkartasun osoa» azaldu nahi izan zioten jazarritako emakumeari, baita haren ingurukoei ere. «Ez dago lekurik emakumeen eskubideak urratzen dituztenentzat. Aurrera begira, Durangoko Azoka espazio segurua izateko lanean jarraituko dugu», aipatu zuten ohar batean.

GAZTEAK ETA BERTSOAK

Ilara luzetxoa egin zen Toti Martinez de Lezearen sinadura eske -“Artadi” (Erein) nobelaren euskarazko bertsioarekin etorri da Gasteizko idazlea, eta emakume honek tiradizo handia du beti; jarraitzaile fidelak ditu-; ilara luzeak ere, ohi denez, gure musikako ‘izarren’ erakusmahaien aurrean… eta, bien bitartean, Durangoko kaleetan, gazte ugari, poltsaz beteta. Botiloiren bat ote? Ez, bigarren urtez antolatutako Gazte Eztanda.

Elkarrekin bazkaltzeko aukera eman zieten gazteei Landako ikastetxean eta bazkalostea bingo musikatuarekin girotu zuten. Eguna amaitzeko, goizaldera arte musika Landako plazan ezarri den karpan, Katu taldearekin eta MadariKatuak DJekin.

Guneetako egitarauan ere gazteei begirako ekintza ugari izan ziren atzo ere. Adibidez, Izaroren bideokliparen estreinaldia, Ahotseneko hainbat aurkezpen… eta, gazte ugari izan ziren iluntzean museoan egin zen bertso saio berezian ere. Katalunia eta Euskal Herria lotu zituen, bertso eta glosen errimen bidez, “Bertsoglosasaio. Bertsolariak eta glosadoreak” Bartzelonako Pol.len Edicions argitaletxeak antolatutako saioak. «Katalanera euskarazko liburu gehien ekarri duen argitaletxea da gurea -aipatu zigun lehenago Jordi Panyellak, Pol.len Edicionseko arduradunak-. Hau da Durangora etorri garen bigarren urtea, iaz ere etorri ginelako, eta orain hainbat itzulpenekin gatoz. Guk liburuak ekoizten ditugu bi kulturen arteko zubiak eraiki nahi ditugulako, eta zubi horien bitartez lotzen ditugu maite ditugun bi kultura: gurea eta zuena».

Zazpi emakume, horietatik bi bertsolariak eta bi glosadoreak, parez pare museoan: Uxue Alberdi, Onintza Enbeita, Berta Llos, Esther Santos eta, horien ondoan, Ines Osinaga, trikitiarekin. Aurkezle lanak Mari Luz Estebanek egin zituen; xuxurlatzailea, berriz, Esti Lizaso izan zen.

Xuxurlatzailea? «Bertsolari eta glosadoreen artean itzultzaile lanak egiten ditu, ‘lanean’ egitea errazagoa gerta dakien», argitu zigun Jordi Panyellak. Azokan ezarrita duen erakusmahaian hainbat euskal ekoizpen, katalanez argitaratuta, aurkituko ditugu, horien artean Mari Luz Estebanen beraren hiru lan -horietako bat “Manifest de la nova dona vella” da- eta Uxue Alberdiren “Revers. Testimonis de dones bertsolaris” (“Kontrako eztarritik” jatorrizko bertsioan), 2020an Euskadi saria irabazi zuen saiakera apurtzailea.

“Kontrako eztarritik” izan zen saioaren haria. Uxue Alberdiri eta Onintza Enbeitari horrelakoak entzun genizkien: «Ez dela feminismo molestatzen ez duena», matxismoaren kontra «tiro egiten dugu eta diana ez da mugitzen»… Saioak balio izan zuen emakumezko glosalarien mezu eta errimen konpromisoa bertatik bertara ezagutzeko. Kantatzeko beste modu bat dute -mugitu egiten dira agertokian, koruak eginez ere bai-, baina badago zerbait amankomuna. Saioa hasi aurretik aipatu ziguten mugimendu honek, galzorian egon zen tradizioa berreskuratu ondoren, ez duela oraindik bertsolaritzaren indarra. Baina bertso ederrak josten dituzte, poesiaz beteak.

Bertsotan kataluniarekiko distantzia txikitzen DA Bertsotan kataluniarekiko distantzia txikitzen DA Bertsotan kataluniarekiko distantzia txikitzen DA