CNTko militantea eta Xalbador bertsolaria

CNTko militantea eta Xalbador bertsolaria –

Jokin Irigoien Euskalerria Irratian.


 

CNTko militantea eta Xalbador bertsolariaAgur. Jovino Fernandez Ezkabako presoen ihesaldiko bat izan zen. Leongo CNTko militante horrek ihes egitea lortu zuen Nafarroako alde batetik bertzera.

Aurreko egunean Jovino Fernandezen alaba agurtu ahal izan nuen eta entzun nion ez gaudela gerran bezain gaizki, baina Jovinoren borrokaren arrazoiak ez direla gehiegi aldatu.

Sorogainen hitz horiek hausnartu eta gero, Urepelera joan nintzen lagun mendizaleen bila. Izan ere, kuadrillako zenbait lagun bi egunez ibili dira Ezkabako gotorlekutik Urepeleraino: lagunek gerra zibilean ihes egin zuten presoen ibilbidea egin dute. Bertze lagun batzuk haien bila joan ginen autoz, etxera bueltan ekartzeko. Aipagarria da iheslarien bidea ederra dela eta ongi markatua dagoela: gomendagarria zeinahi mendizalerendako. Oihan eta zelai ederrak, erreka saltokariak eta txorien kantu zoragarriak aditu ahal izan ditugu egunotan. Horrez gain, jende xaloa ezagutu eta otordu ederrak egin ditugu. Halere, bidean ikusi ahal izan dut Nafarroako zenbait egoera desberdin; hala hemen nola mugaz bertzaldean.

Baten batek erranen luke mugak bereizten dituen lurraldeek arras egoera desberdinak dituztela. Hori ukatu gabe ere, erantzunen nioke, euskaraz eginez, etxekoago sentitu naizela hala hemengo aldean nola mugaz bertzaldean.

Txorien kantuen lelo argiak entzun ditut, bai eta Xalbador bertsolariaren etxaldea ikusi ere; une batez irudikatu ditut Jovino Fernandez eta
Urepeleko artzaina elkarrekin eta, berriz ere, Xalbadorren hitzak gogoratu ditut: “ez behe eta ez garai: euskarak Nafarroa batzen du”.

CNTko militantea eta Xalbador bertsolaria