Donostiaren historia bertsolaritzaren bidez

2021-03-17

Donostiaren historia bertsolaritzaren bidez –

Beñat Parrak Irutxuluko Hitzan.


 

Donostiak baditu oso ezagunak diren bertsolari batzuk, baina beste asko ia guztiz ahaztuta daude. Hiriaren historiarekin gauza bera gertatzen da: pasarte batzuk aski ezagunak dira, baina beste batzuk ez horrenbeste. Bataren zein bestearen dibulgazio lana egiteko, ‘Bertsolaritza Donostian barrena’ egitasmoa sortu du Bagera elkarteak.

Donostiaren historia bertsolaritzaren bidez

Antzoki Zaharrean kokatutako audiogidan, Bilintxi buruz hitz egiten da; gaur egun, antzokiaren ondoko kaleak bere izena darama. (Argazkia: Beñat Parra)

 
 

Duela urte batzuk, Amara Berriko euskara elkartearentzat prestatzen ari zen ikastaro bat dela eta, Manex Mujika irakaslea Donostiako bertsolaritzari buruzko informazioa biltzen hasi zen, eta ohartu zen kontatzeko asko zegoela: “Ikastaroan ordubete inguruko hitzaldia eman behar nuen, eta hasieran ez nekien nola beteko nuen. Informazioa bildu nuenean, ordea, zer kenduko nuen erabakitzea zen nire kezka bakarra. Ikastaroaren ondoren, gaiari bueltak ematen jarraitu nuen, eta liburu bat idazteko gaitasunik ez dudanez, bisita gidatu moduko bat idatzi nuen”.

Bagera Euskaltzaleen Elkartekoek Mujikak idatzitakoa irakurri zuten, eta bisita gidatuaren ideia garatzeari ekin zioten: “Interesgarria iruditu zitzaigun, eta erabaki genuen Manexek idatzitakoa audiogida batzuetara eramatea”, azaldu du Elene Lopetegi Bagerako kideak. Horren emaitza da Bertsolaritza Donostian barrena egitasmoa: “Parte Zaharreko zortzi tokitan kokatzen diren beste horrenbeste audiogida labur sortu ditugu, eta sarean daude dagoeneko. Horrela, bakoitzak bere etxean entzun ditzake, edo Parte Zaharretik paseo bat egiten duen bitartean, geldialdiak eginez”. Hala ere, aurrerago bisita gidatuak antolatzeko asmoa ere badutela kontatu du Bagerakoak. Sei hizkuntzatan entzun daitezke audioak: euskaraz, katalanez, gaztelaniaz, galegoz, ingelesez eta frantsesez.

1813ko erreketaren ondorengo Donostiaren historia errepasatzen dute audiogidek, garaiko bertsolariei zein gaur egungoei erreferentzia eginez. “Bertsolaritza gustuko duen edonok jakin beharreko gauzak kontatzen dira audiogidetan, beraz, gaiarekiko interesa duten guztiei gustatuko zaie ibilbidea; izan ere, Bilintxi, Jose Bizente Etxegarairi, artolatarrei eta kalonjetarrei buruz hitz egiten da, besteak beste”, nabarmendu du Mujikak. Era berean, Lopetegik azpimarratu du audiogidak aproposak direla historiarekiko interes handirik ez dutenentzako ere: “Bilintx eta halako bertsolari historikoez gain, gaur egungo bertsolariei buruz ere hitz egiten da, hala nola, Maialen Lujanbiori eta Miren Artetxeri buruz. Beraz, nahi duenak horietan jar dezake fokua”. Mujikaren esanetan, bertsolaritzari buruzko “pista batzuk” dira audiogidak: “Hortik tiraka, nahi duenak bere kabuz informazio gehiago bilatu dezake, pixkanaka bertsolaritzaren munduan murgiltzen joateko”.

 

Donostiaren historia bertsolaritzaren bidez

XX. mendearen hasierako emakume arrain saltzaileez hitz egiten du kaiko audiogidak, eta inprobisatzeko zuten gaitasuna azpimarratzen du. (Argazkia: Pascual Marin / Kutxa Fototeka)

 

Lopetegik azaldu du “edozein adinetako pertsonentzako aproposak” direla audiogidak, eta, nabarmendu duenez, «modu arinean gauza asko ikasi daitezke». Harago joan da Mujika: “Donostiari buruzko bitxikeria ugari ikasten dira, eta konturatzen zara urte askoan Donostia euskal kulturaren erdigunea izan zela; harrotasun puntu bat ere ateratzen zaizu. Gainera, pote bat hartzera joan aurretik, ez dago gaizki burua eta gorputza lantzeko ibilbide bat egitea”.

Dibulgazioa haur eta gazteen artean
Egitasmoaren helburu nagusia da Donostiako bertsolaritzaren historiari buruzko dibulgazio lana egitea, baina Lopetegik kontatu du unitate didaktikoak ere sortu nahi dituztela: “Bertsolaritzaz gain Donostiako eta Euskal Herriko historiaren pasarteak ere kontatzen direnez, ikastetxeek haur eta gazteekin ibilbidea egitea interesgarria izan daitekeela iruditzen zaigu, baita horrekin eskolan jorratzeko unitateak sortzea ere”.

Bestalde, Bertsolaritza Donostian barrena egitasmoa gehiago garatu daitekeela azpimarratu du Bagerakoak: “Errazena denez, audiogidak Parte Zaharrean kokatu ditugu, baina ez ditugu ateak ixten: Donostiako edozein auzotako ikastetxe batek ibilbide hau egiten badu ikasleekin, bere auzoko bertsolaritzaren historia bilatu dezake, eta hori ere jorratu”. Ildo beretik jo du Mujikak: “Auzo guztietan egon dira bertsolariak, eta informazioa badago. Saltsan pixka bat ibiliz gero, informazioa aurkitzen hasiko zara”.

Donostiaren historia bertsolaritzaren bidez
Donostiaren historia bertsolaritzaren bidez