Eli Pagola: "Nork bere modura egiten du topo bertsozaletasunarekin"

Eli Pagola –

Alba Cabrerak Aiurri hedabidean.


 

Errimez nahiz doinuez gozatzeko parada ematen du Urnietako helduen bertso eskolak. Hirugarren urtez jarraian, bertsoarekin hartu-emana izateko aukera izango dute urnietarrek, Eli Pagola bertsolariaren gidaritzapean.

 

Eli Pagola

 

Ikasturtea hastearekin batera ekin dio Urnietako bertso eskolak klaseak emateari hirugarren urtez. Zein nolako harrera izan du?

Hala da, 2018. urte hasieran ekin genion bertso eskolari, eta, harrezkero, oso harrera ona izan du urtero, behar bati erantzuten dion seinale. Aurten ere taldea osatu dugu; astean behin elkartuko gara. Urnietaren gisako herri batean taldea sortzeak aditzera ematen du harrera ona duen ekimena dela bertso eskola.

Eskualdeko bertsozaletasuna sustatzeko asmoz egin zenuten Urnietan bertso eskola irekitzearen aldeko apustua. Hutsunerik sentitzen al zenuten?

Herri bertsozalea da Urnieta. Badago afizioa, beharbada, bertsolari baino gehiago, bertsozale izatekoa. Hainbat urnietar ibili dira Hernaniko bertso eskolan, eta plazaz plaza ere banuen zenbaitekin harremana. Beraz, nire ustez, egokia zen Urnietan bertan eskola sortzea. Ez dakit hutsune bati erantzuteko zen ala ez, baina ondo zetorkion herriari, eta horri erantzunez sortu zen.

Aipatu duzun bezala, beraz, bertso eskolak agerian utzi du Urnietan ere badela bertsozalerik, ezta?

Agerikoa da, bai; bertso eskola sortu aurretik antzematen zen hori. Ondoren ere, ez nuke esango herriko zaleak bertso eskolara gerturatzen direnak soilik direnik. Antolatzen diren zenbait ekimenetan, interesa azaltzen da herritarren partetik.

Eskolan bertsozaletu direneni horretan trebatzen jarraitzeko aukera bermatzen die helduen bertso eskolak, ezta? Era berean, beste askok lehenengoz bertan egingo dute harremana bertsoarekin…

Nork bere modura egiten du topo bertsozaletasunarekin; etxetik datorkie hainbati; beste batzuek, aldiz, eskolan izaten dute lehenengoz harremana bertsolaritzarekin; eta, bada, bertso munduan gehiago trebatzeko asmoz, bertso eskolan sartzen denik ere. Nire ustez, gaur gaurkoz, gure klasean, nor bere eremutik, kezkatik dator. Bertsoa oso toki eta modu ezberdinean jasotako jendea biltzen gara.

Adinari dagokionez ere, askotariko jendea bildu ohi zarete klaseetan. Aberasgarria, ezta?

Bai, bakoitza bere bizi momentuan egon arren, bateragarriak dira guztiak. Aldi berean, beste

hainbat faktore ere gehituko nizkioke adinari: generoa zein bertsoa bizitzeko era, tartean.

Zenbaitetan, erraza egiten ez zaigun arren, horrek ematen dio xarma herriko bertso eskolari.

Hirugarren ikasturtea betetzera goaz; bertso eskolak zerbait ematen digunaren adierazle: izan deskonektatzeko aukera gisa, lagunen artean biltzeko, edo doinu eta errimak estutzeko.

Labur aipatuta, zer ikasiko du bertso eskolara gerturatzen denak?

Nire buruari dinamizatzaile deitzea dut gustoko. Gure martxa zein den ikusita, ikasteko baino gehiago, praktikatzeko aukera ematen digu bertso eskolak. Astean behin ordu eta erdiz elkartu eta hizketaldiak izaten ditugu, baina bertso neurrian sartuta.

Interesa duen orok, non eman dezake izena?

Aukera zuzenena niri deitzea da: 669 068 388 zenbakira. Bestela, bertso eskolara gerturatzea ere beste aukera bat da; esku zabalik hartuko dugu. Astean behin elkartzen gara, arratsaldeko 18:30etik 20:00tara. Maila ez ematearen beldur da jende asko; bertsoak aukera ematen du kolektiboki ariketak egiteko, baina, era berean, lanketa pertsonaletik ere asko dauka: zuk zure maila daukazu eta maila horretatik osatuko duzu zure bertsoa, nahiz eta aldamenekoa askoz hobea ala okerragoa izan. Elkarrekin egin behar den ariketa bat da baina zuk zure ekarpena egin behar diozu. Askotariko ariketak egin daitezke bertso eskolan, eta maila ezberdinak aldi berean jarduteko aukera asko ematen dituen praktika da bertsolaritza.

Eli Pagola Eli Pagola