Elkarrizketa: Itxaso Paya

Elkarrizketa: Itxaso Paya –

Izar Mendiguren Cosgayak, ARGIAn.


 

“Euskal emakume sortzaileen ‘macdonalizazioa’ agerian uzten duen satira musikala izango da ‘eMCumeak’”

 

Itxaso Paya Ruiz (Algorta, 1988) sortzaile askotarikoa da. Pokemonek bezala, bizitza du jolas eta eboluzio. Antzerkia, bertsolaritza eta telebista jorratu ditu azken urteetan. “Publiko aurrean etxean sentitzen naiz” dio, baina plazan “hazi” arren, ez du ezkutatzen tarteka txiki sentitu dela. Kultur eragile eta sortzaile dabil egun, Zelako Kultur Ideiak Kooperatiba sortuta. eMCumeak ikuskizunari azken astindua ematen harrapatu dugu.  

 

Elkarrizketa: Itxaso Paya
Argazkia: Pello Maudo Herrero

 

Bertsolari, aktore… edo biak? Zein putzuk busti, indartu edo ito zaitu tarteka gehiago?
Biek, batzuetan bertsolari eta besteetan aktore; putzutik putzura saltoka goazen ero batzuk gara, zuk ere badakizu horren inguruan zerbait, ezta Izar? Bertsolaritza eta antzerkia oso gertukoak dira: inprobisaketak, entzuketa kolektiboa, neurtutako hitzak, doinu eta erregistro aukeraketak,  elkarlana, bakarkako lanketa, memoria, gorputza oholtza gainean jartzea, hartzailearen beharra… Bertsolaritzarekin harreman handiagoa izan dudanez gero, horri dagokion putzua da gehien busti, indartu, eta proportzio berean, ito nauena. Hala ere, plaza maite dut, eta sarri nagia edo beldurra sentitzen badut ere, publiko aurrean etxean sentitzen naiz; bertsotan, aktore lanetan, dantzan, zein kantuan.

Kultur sortzaile edo eragile? Zein uretan dabil egun Itxaso?
Kultur sortzaile aritu naiz betidanik eta gerora ohartu naiz eragile ere izaten ari nintzela, sorkuntzaren bidez. Korrontearen eta marearen arabera, ur batean edo bestean aritzen naiz, itsaso bereko kontuak dira horiek denak eta. Kultur sortzaile, esaterako, azken aldian gidoigintzan, antzerkian eta musikan aritu naiz, batez ere. Eragile gisa, aldi berean, Zelako Kultur Ideiak Kooperatiba Elkarte Txikia sortu genuen iaz, eta kultura, elkarlana, berdintasuna eta euskara sustatzen dituzten proiektuak gauzatzen ditugu. Oso momentu gozoan nago, oso sortzailean eta gozagarrian. Anarik kantatzen du “behingoz erabaki duzu zauden lekuan geratzea”. Ba ni abestiaren zati horretan nago: nahi dudan lekuan, nahi dudan jendearekin eta nahi dudan baloreetatik.

“Aspaldi ohartu nintzen amestu ohi nituen plaza desiratuak ez zirela errealitatean existitzen eta eraikitzen hasi beharra zegoela”

Askotariko plazandrea zaitugu. Plazak hazi ala txikitu egiten du?
Ez dizut gezurrik esango: plazan handi sentitzen naiz. Are gehiago, plazan hazi egiten naizela aitortu izan didate ingurukoek askotan, eta nik ere bai, aitortzen dut. Badaukat gaitasuna, pasioa eta ezagutza. Hala ere, tarteka, hamaika oztopo azaltzen dira bidean. Txiki senti ninteke tarteka, baina nire joera nagusia plazan haztea da.

Nor da Maurizia! ikuskizuna taularatu zenuten iaz. Maurizia Aldeiturriagak errekonozimendu sozialaz gain, kultur aitortza falta zuen, akaso?
Ezin da errekonozitu ezagutzen ez dena.  Nor izan zen Maurizia? Pokemon bat balitz, beharbada, umeek ezagutuko lukete, baina zoritxarrez, 14 urteko edozein euskal gazteri galdetuz gero ez du jakingo Maurizia nor izan zen. Azken aldian, egia da Maurizia Aldeiturriagaren irudia eta izena indar handia hartzen ari direla, ez izana, ordea. Nor da Maurizia? ikuskizuna taularatzean nor izan zen azaltzen dugu, eta zergatik den gure kulturaren parte. Kultur sortzaile eta eragile gisa ezinbesteko funtzioa du transmisioak; jakin behar dugu zein izan diren gure erreferenteak, gero erabakitzeko zer bide hartu.

eMcumeak lana plazaratuko duzu aurki Maria Rivero abeslariarekin batera.
Zelakoren lehen produkzio serioa izango da eMcumeak ikuskizuna, euskal emakume sortzaileen macdonalizazioa agerian uzten duen satira musikala. Olatz Beobidek zuzenduko du, gainera. Dudarik gabe, eMcumeak ikuskizunaz gozatzera datorren jendea gogoeta eta barre eginda aterako da. Azaroaren 26an izango da estreinaldia Getxoko Muxikebarri antzokian, agendan fosforitoz markatzeko moduko data!

Goazen telesaileko aktore ere izan zinen aspaldi. Antzerkitik bizitzea, errealitatea baino fantasia da? Zerk zailtzen edo errazten du bidea?
Fantasia hutsa, zoritxarrez. Nire ustez, Euskal Herrian ez dago inor aktore izatetik bizi dena; beti ere, beste lan batzuekin uztartuko ditu aktore lanak (irakaskuntza, ostalaritza, produkzioa…). Eta hizkuntza gutxitua duen herri bateko aktorea zarenean eta hizkuntza gutxitu horretan egiten duzunean lan, izugarri areagotzen da zailtasuna. Goazen telesailean parte hartzea esperientzia zoragarria izan zen eta oso gustura errepikatuko nuke uda bat Basakabin. Zorteduna izan naiz eta antzerki ikasketak amaitu nituenetik beti izan dut antzerki proiekturen bat esku artean.

Fokupean edo proiektuak argitzen, non sentitzen zara gusturen? Zergatik?
Fokupean, argi eta garbi. Aurreko batean aktore bati zera entzun nion: ametsak ez dira betetzen, ametsak lantzen dira. Zenbat denbora eman ote nuen nik plaza baten zain? Ez dakit, hala ere, gehiegi, seguru. Aspaldi ohartu nintzen amestu ohi nituen plaza desiratuak ez zirela existitzen eta eraikitzen hasi beharra zegoela. Horregatik, tarteka fokupetik ateratzen naiz eta itsasargia beste nonbaitera bideratzen dut, proiektuei argia emanez eta ingurura begiratuz.

Sorginetik ez dakit, sortzeko grinetik asko duzu. Zein da beti amestu eta osatzeke duzun proiektua?
Bakarra? Ozeano eta erdi daukat proiektu platonikoz beteta. Musikal bat protagonizatu, film bat zuzendu, disko bat grabatu, telesail bat ekoiztu, frantsesa eta galegoa ikasi, euskal parke tematiko bat martxan jarri, itsasontziko lizentzia atera… Zerrenda amaigabea da. Une honetan eMcumeak ikuskizuna da osatuko dudan amestutako azken proiektua, sorginkeria ote?

 

Elkarrizketa: Itxaso Paya
Argazkia: Pello Maudo Herrero. ARGIA CC BY SA

 

(Ab)izena baino, izana
 

“Paya Ruiztarra da gure familia, berez,  eta horri esker jaso dugu plazandre, eszena, sorkuntza eta horrelako kontzeptuekiko ezagutza. Gure aita, Alfredo Ignacio Payá Santamaría, itsasgizona izan zen; denbora gehiago ematen zuen itsasoan etxean baino. Itsasontzian kristoren kontzertuak ematen zituen eta etxean ere bai. Gure amak, Carmen Ruiz Bracerasek, antzerki ikasketak egin zituen, eta Espainiako Estatuko sari garrantzitsu bat irabazi zuen aktore lanetan. Itsasgizona eta plazandrea, bikote magiko baten emaitza gara Fredi, Xabier eta hirurok. Abizenaren markak bidea errazten du kasu batzuetan eta besteetan zaildu. Paya Ruiztarra izateak ematen dizkidan gauza on guztiei Itxasotik gehitzen ahalegindu ohi naiz”.

Elkarrizketa: Itxaso Paya Elkarrizketa: Itxaso Paya Elkarrizketa: Itxaso Paya
Elkarrizketa: Itxaso Paya Elkarrizketa: Itxaso Paya Elkarrizketa: Itxaso Paya Elkarrizketa: Itxaso Paya Itxaso Paya Ruiz (Algorta, 1988) sortzaile askotarikoa da. Pokemonek bezala, bizitza du jolas eta eboluzio. Antzerkia, bertsolaritza eta telebista jorratu ditu azken urteetan. “Publiko aurrean etxean sentitzen n