Emakunde: emakume bertsolarien esperientziak jasotzen

Emakunde: emakume bertsolarien esperientziak jasotzen

Emakunde- Emakumearen Euskal Institutuak “Emakume bertsolariak. Ahanzturatik diskurtso propiora ” izenburuko ikerketa aurkeztu du. Ikerketa hau Emakundek urtero genero eta berdintasuna gaiak lantzen dituzten lanei ematen dizkien hiru beketako baten emaitza da. Gema Lasarte EHUko irakaslea izan da ikerketaren zuzendaria, eta lan taldea osatu du beste lau ikerlarirekin batera: Amaia Álvarez Uria, Ana Isabel Ugalde, Pablo Lekue eta Judit Martínez. Aurkezpenaren bideoa ikusi nahi izanez gero klikatu hemen

Ikerketa egiteko, sakoneko elkarrizketak egin zaizkie 35 emakume bertsolariri, eta jardunean dauden 200 bertsolariren informazioa jaso ahal izan da galdetegien bitartez.  Egindako sakoneko elkarrizketetatik ondorioztatu daiteke emakume bertsolariek ahalduntzerako lurralde berri bat sortu dutela eta bide honetan kontzienteki lanean dabiltzala, aurrean aurkitutako zailtasun guztien gainetik eta historikoki jasan duten isiltasunaren gainetik.

Hegemonikoki gizonena izan den eremura emakumeen hurbilketa ahalbidetu duten faktoreen artean daude bertsolaritzaren modernizazioa, bertso-eskolen sorrera eta garapena (ikasleen artean orekatua dago emakume eta gizonen presentzia), genero identitatearen eraikuntza, erreferenteen agerpena (Maialen Lujanbio da zalantzarik gabe XXI mendeko erreferentzia nagusia denentzat), eta emakumezko bertsolariek egindako ekimenak.

Ikerketak azaltzen duenez, alde emozionala oso faktore garrantzitsua da emakumeak oholtzara atera ahal izateko eta bertsolaritza munduan jarraitzeko. Izan ere, oraindik ere txapelketetan nagusi da gizonen kopurua. Autoestimua eta segurtasuna lantzea erabakigarria da entzuleen aurrean inprobisatu ahal izateko, hain justu, segurtasun falta izaten baita emakumeen bertsolaritza aktiboa uzteko arrazoietako bat. Zentzu honetan, emakume bertsolariek lan handia egin dute emakumeen ahalduntzea bultzatzeko. Horrela, 2009. Urtean Bertsozale Elkarteak Genero Batzordea jarri zuen martxan.

Emakunde: emakume bertsolarien esperientziak jasotzen