Eta gehiagori

Eta gehiagori –

Ruben Sanchez bertsolariak Argia aldizkarian.


Aurrekoan irakurri nuen Rikardo Arregiren zutabe batean Iban Zalduaren arabera euskal zutabegile batek noizean behin euskarari buruz idatzi behar duela, baldin eta entzute pixka bat nahi badu. Bestalde, zutabeetan nork bere egunerokotasuna agertzea ere estimatua dago, literatur lan potoloagoetan autofikzioaren gainean dauden eztabaiden aldean. Biak betetzera noa gaur. Azken urtetan, bertso-irakasle eta Auzoko proiektuaren dinamizatzaile ibili naiz.

Eta gehiagori

Gasteizko Alde Zaharreko bertso eskola nahiko bitxia da. Ramon Bajo eskolako Guraso Elkarteak bultzatzen badu ere, GOIAN elkartearekin eta Landazuri ikastola publikoarekin batera zabaltzen da, eta beste eskola askotako umeak ere izan ditut: itunpeko eskoletakoak, publikoetakoak, eskola libre batekoak, eta hizkuntz-eredu ezberdinetakoak.

“Nigeriako emakume hori bezala, izan ditut beste emakume batzuk ere, eurak Auzoko-ra etorri eta euren umeak A ereduko eskola batean edo bestean dauzkatenak”

Iaz, A ereduko neskato bat izan nuen. Gainera, haren ama, Nigeriakoa, ostiraletan etortzen zitzaidan euskara ikastera Auzokora. Beraz, ama euskara ikasten eta 10 urteko alaba A ereduko eskola batean egonagatik bertsolaritzan apuntatuta!
Aurten, duela urte bat Marokotik Gasteiza etorritako bi anaia –12 urte eta 10 urtekoak– eta euren 9 urteko lehengusina dauzkat, hirurak A eredukoak. Latinoamerikako beste 10 urteko mutil heldu-berri bat dut euskara gutxi dakiena, zorionez hau D eredu publiko batean dabil.

Auzoko proiektuan euskara ikasi eta bestelako hizkuntza eta kultura batzuk ezagutzen saiatzen gara. Nigeriako emakume hori bezala, izan ditut beste emakume batzuk ere, eurak Auzokora etorri eta euren umeak A ereduko eskola batean edo bestean dauzkatenak. Ze arraroak diren etorkin hauek, ezta? (Izan ere, auskalo bihar hemen biziko diren, beraz, matrikulatu A ereduan umeak, izan ere, eskola horretan haien herrialdeko guraso gehiago daude, izan ere…).

Beti izan dut sentipena Auzoko oso polita izan arren –eta niretzako dilistak (eta ardoak) ordaintzeko soldatatxo bat ekarrita ere– oasitxo bat dela basamortuaren erdian. Gasteizen eta EH osoan –eta hemen berdin dio nongoa zaren zu, irakurle hori– beste lurralde batzuetatik etorritako milaka lagun ari dira bi erdarak ikasten, debalde. Ez dute matrikularik ordaindu behar eta, ondorioz, ez dute eskolen %80ra joan behar dirua itzul diezaieten. Izango dute azterketa bat, bai, nazionalitatea lortzekoa.

Badakit astuna naizela ume guztientzat euskara murgiltze eredu publiko eta unibertsal bat eta helduen euskalduntze eta alfabetatze osoa debaldekoa eskatzen. 2020aren hondarrean.

Eta gehiagori