Festarik eta bertso plazarik ez aurten Gasteizko jaietan

Festarik eta bertso plazarik ez aurten Gasteizko jaietan-

Aitor Biainek Berrian idatzi artikulua pasa den astean, Gasteizko festen harira.


Azken urteetan, Geu euskara elkarteak kudeatu izan du Aihotz plazako euskararen txokoa. Txosna diru iturri garrantzitsua da elkartearentzat, eta zulo horri aurre egiteko kanpaina bat abiatu dute. Jaiak amaitu arte egongo da aukera ekarpena egiteko.

Festarik eta bertso plazarik ez aurten Gasteizko jaietan
Raul Bogajoren argazkia, Geu elkarteko kideak

 

Aihotz plaza da euskarak Andre Maria Zuriaren jaietan duen arnasgune nagusia. Euskararen presentzia hiriko beste leku batzuetara hedatu bada ere, Erdi Aroko plaza gotorleku da oraindik hizkuntzarentzat. Kontzertuak, dantza ikuskizunak, bertso saioak, antzerki emanaldiak… Euskara ardatz duten askotariko kultur ekintzak izaten dira han festak irauten duen egunetan. Aurten, ordea, jairik ez denez, euskarak ere ez du plazarik izan Gasteizen.

Jaietan, ekintza gehienak udalak antolatzen ditu han ere, baina Geu Gasteiz Euskalduna elkartea arduratzen da plazako txosna kudeatzeaz. Azaitza Unanue elkarteko kideak azaldu du «urteen poderioz eta pixkanaka» bilakatu dela txokoa euskararen arnasgune, baina aitortu du aldaketa nabarmena izan zela elkarteak txosnaren ardura hartu izana. «Hasieran, zeregin hori Blusa eta Nesken Batzordearena zen. 2012an, ordea, ituna egin genuen batzordeak eta Geu-k. Akordio horrekin, euskararen presentzia indartu nahi zen, txosnan batez ere. Eta lortu genuen». Ordutik, elkarlanean aritu dira, baina, iaz, elkarteak berak hartu zuen Aihotz plaza kudeatzeko ardura osoa.

Urtero, 160 boluntariok baino gehiagok egiten dute lan han, eta 200 txanda baino gehiago osatzen dituzte denera. «Hori ere bada gure motorra», esan du Unanuek. Eta horrek guztiak sortzen duen giroa nabarmendu du: «Polita da, eta hori ere bada txokoaren ezaugarrietako bat. Lan gogorra da, eta buruko min handia ematen digu, baina ederra da ordainetan jasotzen duguna. Falta sumatuko dugu aurten».

Pena hori du Josu Pedruzok ere. Txokoak Gasteizko euskalgintzari egiten dion ekarpena azpimarratu du elkarteko kideak. «Garai hartan, eragile asko borrokatu ziren toki hau sor zedin. Oso garrantzitsua da Geu elkartearentzat, baina baita Gasteizko euskalgintzarentzat ere». Izan ere, arnasgune izateaz gain, erakusleiho bat ere bada elkartearentzat, urte osoan antolatzen dituzten ekintzen berri emateko ere baliatzen dutelako. «Proiektu eta ekimen askoren atzean Geu dagoela erakusteko ere balio digu. Euskara eta elkartea bera ikusarazteko, azken finean».

Ekintza horietako batzuk dira, esaterako, mintzalagun programa, musika kontzertuak, Begi-Belarri izeneko dokumental zikloak, helduentzako eta hezitzaileentzako formakuntza saioak… Dorleta Martinez de Albenizek dioenez, «askotariko ekintzak egiten ditugu, eta ez beti aisialdiari edo euskaltegiari lotutakoak. Eskoletan ere egoten gara, adibidez, eta Euskaraldiaren kudeaketa ere gure ardura da».

Dirua biltzeko kanpaina

Txosna diru iturri garrantzitsua ere bada elkartearentzat, hortik eskuratzen dutelako urteko finantzaketaren zati handi bat. Unanuek adierazi duenez, «autofinantzaketa eredu bat da gurea, eta diru horri esker egiten ditugu diru laguntzetatik kanpo geratzen diren proiektu asko». Eta erantsi du finantzaketa eredu horrek «askatasuna» ematen diola elkarteari. «Estrategia propio bat garatzeko balio digu batez ere».

 

Aurten, ordea, ez dute diru hori izango, eta, galera horri aurre egiteko, dirua biltzeko kanpaina bat abiatu dute: Euskararen txanda leloa du kanpainak. Banakako diru ekarpenak egiteko itsulapiko birtual bat jarri dute sarean, itsulapikoa.eus atarian. Esti Rodriguezek azaldu duenez, «10, 20, 50, 100 eta hortik gorako ekarpenak egin daitezke, eta ekarpen bakoitzak sari bat du ordainetan».

Gutxienez 6.000 euro biltzeko erronka jarri zuten, eta aise gainditu dute langa hori kanpaina ixteko bi egunen faltan, 8.000 euro baino gehiago jaso baitute dagoeneko. «Oso pozik gaude lortu dugunarekin; emaitza bikaina izan du, egia esateko. Txoko fisikorik ez dugu izango aurten, baina atzean jendea badugula ikusi dugu, eta baikortasun puntu bat ere eman digu horrek». Halere, dei egin dute 10.000 eurora iristeko azken ahalegin bat egiteko. Igandea izango da ekarpenak egiteko azken eguna.

Nolanahi ere, Unanuek esan du Geu elkartearentzat «urte zaila» izaten ari dela. Zazpi langilek osatzen dute taldea, eta haien lanaldiaren heren bat aldi baterako enplegu erregulazioan dute. Ondorioz, uste dute zailtasunak izan ditzaketela ekintza batzuk egiteko. «Egoera zaila da, baina baikor gaude, eta aurrera begira jartzeko gogotsu».

Lanketa sarean

Konfinamendua ere erronka «handia» izan da elkartearentzat. Gainerako kasuetan bezala, bat-batean utzi behar izan zituzten eguneroko jarduerak. Ekintza ugari zituzten prestatuta udaberrirako, baina bertan behera utzi behar izan zituzten guztiak. Horiek hala, «eremu digitalera salto» egitea erabaki zuten, Rodriguezek azaldu duenez: «Aurretik aztertuta geneukan zerbait zen, baina bat-batean eta halabeharrez jo genuen sarera, eta gure ohiko jarduerak eremu digitalera moldatzeko ahalegina egin genuen».

Mikroipuin lehiaketa bat, elkarrizketak sare sozialen bidez, mintzalagun saioak, bisita gidatu birtualak, bingo saioak… Ekintza ugari egin zituzten, eta askotarikoak denak. Emaitza uste baino hobea izan zen: «Herritarrekin interakzio bat izatea lortu genuen, baina baita gu trebatzea eta jendeari baliabideak eskaintzea ere». Pedruzoren ustez, «argi dago etorkizunera begira bide berri bat izango dela guretzat ere. Entrenamendua izan da denontzat».

Baina Unanuek uste du itxialdiak kalte egin diola euskararen erabilerari: «Presentzia murriztu da, eta bigarren planoan utzi du». Hori dela eta, iritzi dio beharrezkoa dela arreta sarean ere jartzea. «Euskara toki fisikoetara ez ezik beste eremu batzuetara ere eraman behar dugu. Sarean lanketa bat egin beharra daukagu. Ikusi dugu Gasteizen horren beharra dagoela, eremu askotan euskararen presentzia eta erabilera bermatu daitezen».

Aukerak badituztela dio, halere. Eta azpimarratu du aukera horiek baliatuz egin dutela gaur arteko bidea ere. «Urteetan esan da Gasteiz ez dela euskalduna, baina herritarren erdiek dakite euskaraz, eta, erabileran, bigarren hiriburua gara. Sekulako saltoa egin dugu azken urteetan, eta hori euskalgintzako eragileen lanari esker izan da».

Festarik eta bertso plazarik ez aurten Gasteizko jaietan-
Festarik eta bertso plazarik ez aurten Gasteizko jaietan-
Festarik eta bertso plazarik ez aurten Gasteizko jaietan-