Frankenstein piztia balitz
Frankenstein piztia balitz –
Maider Galardi Fernandez de Agirre EHUko irakasle eta ikertzailearen analisia, 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren webgunean.

Hor ikusten gaitut batzuk harmailan, besteak pistako aulkietan. Bina ilara izkinatan, diskretu, bakoitza bere lanetan. Oholtza gainean sei gehi bat lagun, norberak atzetik hamaika bertso eskola kide, gai-jartzaile lantalde, bere etxeko kuttun. Hara hona kamera euren besoaren luzapena duten ziborgak, petoa bigarren azaltzat duten izaki-inurriak. Pasa den larunbataz geroztik, etxeko sofatik saioa segitzen ari diren Tartaloak, kazetari, ikerlari, kritikari eta tuiteroak. Entzuna dut bertso-sistema gorputz bat dela, eta corpusa batik bat txapelketetan berresten dela. Baina, gurea gorputz bakarra bada, gutxienez Frankenstein gara.
Horregatik diot Frankensteinena, gorputz zati diferenteek osatzen dugulako. Ez hainbeste munstrotasunagatik, esamesak esames, eta handicapak handicap, normal xamar geratu baita txapelketaren bigarren fase hau.
Jone Miren Hernandez antropologoak azpimarratzen du askotariko subjektuok osatzen dugula bertso-sistema, eta areago gorputza oholtzan ikusten dugun bi oineko silueta horrek baino gehiagok marrazten duela, edo ahotsak, nola ahots horrek entzuleongan sortzen duen bibrazioak. Kepa Matxain ikerlariarentzat, berriz, gorputz inplikatua dugu orain bertso plazetan. Haren esanetan, bertsolariek beren subjektibotasunari eta benetakotzat jotzen duten barne ahotsari fidel izanez kantatzen dute. Nik ere nire subjektibotasunari eta barne ahotsari nahiko fidel entzuten ditut bertsoak, eta entzule askok eta askok hala egiten dutela imajinatzen dut, nahiz eta oraindik dezentek pentsatzen duten matematikan abilak eta beren gustu pertsonalekiko partzialak direla. Donna Harawayk ezagutza kokatua existitzen dela esaten duen bezala, entzuketa kokatua ere existituko ez da ba, askotariko frekuentzietan bibratzen duena. Horregatik diot Frankensteinena, gorputz zati diferenteek osatzen dugulako. Ez hainbeste munstrotasunagatik, esamesak esames, eta handicapak handicap, normal xamar geratu baita txapelketaren bigarren fase hau.
Ez nator ezer berria kontatzera, ezpada burbuilari dagokion neurria ematera. Askotan entzun dut (txapelketa honen aurretik, herrialdetakoak baino lehen, duela lau urteko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan, eta aurrekoan, eta tarteetan; bai, askotan, askotan, askotan, lehiaketarik ez dagoen tarteetan), bertso-sistema aldatzen ari dela, gure gorputza delako hau azalberritzen ari dela, plazaren erdigunean gizon zisak ez, besteak daudela (eta ez borrokaz eta indar kolektiboz plaza hartu dutela), haiek saio gehiago dituztela (eta gu, 40 urtetik gorako gizon heteroak, bazterreratuta gaudela), eta baita plaza ez dela edonolako hooligan grada bat sortzeko tokia, baizik eta kultura (horrela hutsean, aseptiko eta neutroa balitz bezala) kontsumitzeko (ez al ginen sistema beraren parte bada?) toki bat. Alegia, batzuek irudikatzen dute balizko gorputz hau piztitzen ari dela, eta ni gero plazara noa, begiratzen dut han-hemen, entzuten dut hau eta beste, eta kosta egiten zait (gure zoritxarrerako) gorputz kolektibo hau arautik kanpo dagoela sinistea.
Ni gero plazara noa, begiratzen dut han-hemen, entzuten dut hau eta beste, eta kosta egiten zait (gure zoritxarrerako) gorputz kolektibo hau arautik kanpo dagoela sinistea.
Maddi Aiestaranek webgune honetan bertan aipatua da honakoa: “Iruditeria konpartituan ez daude hainbat ahots, gorputz eta errealitate; mundu guztia ez da inoiz, egiaz, mundu guztia. Bertsolari gehientsuenek ere iruditeria edo oinarri komun hori bera izaten dute abiapuntu; baita entzulearen parte handi-handienak ere”. Ekhi Erremundegi gai-jartzaile eta kazetariak ere ohartarazten du gai-jartzaileek auzi honetan duten rol garrantzitsuaz. Eta horretaz guztiaz jakitun, eta jakinda ere sistema honen parte diren askok sekulako lana egiten dutela mundu hau eta bere normaltasuna arrakalatzeko, estu geratzen zaio Frankensteini jantzia.
Bigarren fase honetan dauden emakume* gehienak 30-40 urte artekoak dira; horietako askok gorriak eta bi ikusi dituztenak plazetan eta txapelketetan. Horrek esan nahi du, gorputz kolektibo honen burmuinak Señorak soilik lotzen dituztela “transfeminista horien asmakizuna den sariketarekin”. Ez da kasualitatea emakume bertsolari batek publikoki aldarrikatu beharra, adin batetik aurrerako andreek ere txapelketan egotea merezi dutela, kontuan hartuta bere adin bueltako lau gizonezko daudela bigarren txanda honetan, eta ez zaigula hain deigarria egiten. Alderantziz ere gertatzen da. 30 urtetik beherako sailkatu guztiak dira gizon zisak, parte hartzaile bat izan ezik, nahiz eta txapelketa hasieran adinkide diren horien arteko oreka handiagoa izan. Eta bollerak, marikak, mariokerrak non daude? Lehen galgak irentsita, publiko artean hor nonbait.
Diodana pizti eta piztizaleon konspirazioa litzateke, ez balitz gertakari sistematiko bat. Belaunaldi berrien bultzadari itxaroteko esan zitzaigun noizbait, eta behin garai berriak iritsi direla corpus eta gorputz kanona ez ote den ari beste aro batzuen antzeratsu geratzen, horixe dut zalantza. Bien bitartean, Frankenstein honetan segituko dugu pausua narras, traje zaharrak zartatzen, baina munstrotzeak seinalatu eta handikapatuen iparra ongi ez badugu, gorputz atalak joango gara bidean galtzen, eta normaltzen, normaltzen, normatzen.

