Gabiria: Bertsozaletasunak emandako berezitasuna aztergai

Gabiria –

Mintzolaren ataritik.


“Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian” proiektua aurkeztu zuten egileek pasa den urriaren 1ean Ordizian. Kilometroek eta Mintzolak elkarlanean deitu dugun bigarren ikerketa bekaren bidez garatuko da proiektua.
 
Gabiria
 
 

“Txapelketa Nagusia denean edo inguruko herriren batean saioa dagoenean, taldean mugitu izan gara; eta zer esanik ez, dauzkagun bertsolari pila. Berezia da”, azaldu du Eresti Oiarbidek, Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian proiektuaren egileetako batek. Arrazoi horiek eraman dituzte gabiriarrak herriko bertsozaletasuna aztertzera. Betidanik izan dute hori aztertzeko eta dokumentatzeko gogoa, eta Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak eskaini dugun bigarren ikerketa beka aukera bikaina izan da lanean jartzeko. 3.000 euro eskuratu du taldeak ikerketa garatzeko eta urtebeteko epea izango du.

Kilometroak jaia izan ohi den urriko lehen igandearen bezperatan egin zen proiektuaren aurkezpena: urriaren 1ean izan zen, ostiralez, Ordiziako Barrena Jauregian. Ikertzaile taldearen ordezkariak ez ezik, deialdian parte hartu duten erakundeek eta elkarteek ere hartu zuten hitza. Mintzolako Beñat Gaztelumendik ikerketak egin ez ezik, haien aplikazioak duen garrantzia azpimarratu zuen, eta horretarako, iazko deialditik eratorritako Aiztondoren zirtotsa ikerlana jarri zuen adibide. Kilometroak Kultur Elkarteko Nekane Artolak honelako lanek euskararen sustapenean duten garrantzia jarri zuen balioan, eta kezka hori izanda, “etxeko lanak egiten jarraitu” eta Mintzolarekin abiatutako lankidetzarekin jarraitzeko prestutasuna adierazi zuen. Halaber, Gerriko Kultur ElkartekoInaxio Usarraldek ikerketa bultzatzeko katebegian egotea “ohorea” zela adierazi zuen. Goierriko ikastolen izenean, San Benito ikastolako Xabier Maizak hartu zuen hitza: “Goierritik joango da Kilometroak bukatutakoan, baina joan aurretik ahozkotasunaren inguruko lan bat eskaini nahi zaio herriari”. Hori izango da Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian.

“Guretzat ere polita da ikustea hau nondik datorren: zenbat kasualitate gertatu diren edo zenbat lan egin den”

Eresti Oiarbidek eta Maialen Akizuk sinatu dute aurkeztutako proiektua, baina taldean egingo dute ikerlana beste zenbait gabiriarrekin batera. Aratz Igartzabal eta Eresti Oiarbide izan ziren taldearen ordezkari aurkezpena egiterakoan, baina agertu ziren taldekide gehiago ere; tartean zen Endika Igartzabal: “Txikitatik jaso dugu bertsoa zerbait ohiko bezala. Guretzat ere polita da ikustea nondik datorren hau, zergatik gauden egoera honetan, zenbat kasualitate gertatu diren edo zenbat lan egin den hona iristeko”.

Kideek erosoen sentitzen diren horretan egin ahal izango dute ekarpena, eta hala banatu dituzte egitekoak: elkarrizketak egiten eta dokumentazioa jasotzen ari dira orain. Gabiriarekin eta bertsolaritzarekin lotutako anekdota, ikus-entzunezko, irudi edo antzerakorik izanez gero, helbidera bidaltzea eskertuko dute.

Gabiria