“Galdu eta irabazi”, Iñaki Artolaren bertso jarriak
Galdu eta irabazi –
Estitxu Eizagirrek, ARGIAn.
Hamabi bertsoko sorta dotorea jarri du pilotariak, galtzeari eta irabazteari buruz. Inspirazioa 2024an Larrun aldizkarirako egindako mahai-inguruak piztu zion, Jokin Altunarekin gai horri buruz aritu baitzen gogoetan. Bertso sorta musikatuta entzun daiteke Bertso Ikasgela webgunean: “Edozein alorretan nahi badugu hazi, horixe da erronka: bitatik ikasi“, horra buruz-buruko finalaurrekoa prestatzen ari den pilotariaren azken errematea.
Bertsoa landu nahi duenak bilatuko du materialik Bertso Ikasgela webgunean. Bertan dago ikusentzungai Iñaki Artolak jarri duen bertso sorta, Iñaki Artolak berak, Eñaut Agirrek eta Ainhoa Sarasuak ederki abestuta eta Ainhoa Elizondok (eskusoinua), Ainhoa Sarasuak (gitarra) eta Manex Pagolak (biolina) musikatuta.
Bertso sorta horretatik abiatuta, bertso eskoletan lehiaz gogoeta egiteko hainbat galdera planteatzen dira.
Alegiko bertso eskolako ikasleentzat jarritako sorta, denon eskura
Bertso Ikasgelak jaso duenez, Iñaki Artolak Alegiko bertso eskolako ikasleekin abesteko jarri zuen sorta hau. Eta bertso sorta eragin ziona Jokin Altunarekin galtzeaz eta irabazteaz izandako elkarrizketa izan zen, ARGIAk Larrun hilabetekarian argitaratu zuena, hain zuzen.
Finalaurrekoetan den buruz buruko txapelketan, lau aukeretako bat da Altunak eta Artolak finala jokatzea. Izango lukete orduan elkarri bertsoak kantatzeko gairik.
Poto egitea irakaspenaren parte bihurtuta
Bertso sortak barruan potoa duela aitortzen du Bertso Ikasgelak, eta Artolak horrelaxe uztea erabaki duela: “Akatsak ere bidearen parte direnez eta ikasteko balio dutenez”. Potoa antzeman al duten, entzuleen teilatuan jarri dute pilota, hori ere jolas bihurtuta.