Ganbara atontzeko garaia

Ganbara atontzeko garaia –

Andoni Rekondo KRONIKAn.


Hastear da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Getxon ekingo dio hilaren 24an, eta abenduaren 18an amaituko da Iruñeko Nafarroa Arenan. Ordezkaritza zabala izango du Urumea bailarak, bertsolari nahiz epaileekin. Besteak beste, Eñaut Martikorena eta Agin Laburu jardungo dira txapelketan, postu eta klasifikazioez gain, haien bertsokera erakutsi eta bertsozaleak gozarazteko asmoz. 

 

 

Berandu, baina seguru. Aurreikusitakoa baino urtebete beranduago, oraingoan bai, hastear da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Ostegunean aurkeztu zen Villabonan, parte hartuko duten bertsolari askoren presentziarekin, eta irailaren 24an izango da lehen saioa, Getxon. Gabonen bezperara arte luzatuko da txapelketa, abenduaren 18an jokatuko baita final handia, lehen aldiz, Iruñeko Nafarroa Arenan.

Aurtengo edizioan ere ordezkaritza zabala izango du Urumea bailarak, bailarakoak diren edota bailararekin lotura duten bertsolari nahiz epaileekin. Bertsolariei dagokienez, kanporaketa fasetik hasiko dira gehienak: Agin Laburu, Asier Azpiroz, Eñaut Martikorena, Nerea Elustondo, Nerea Ibarzabal eta Unai Gaztelumendi. Aldiz, 2017an txapelketako finalean abestu zutenak finalerdietatik abiatuko dira; horixe da Unai Agirreren, Aitor Mendiluzeren eta Beñat Gaztelumendiren kasua. Azkenik, abenduaren 18a laneguna duela dakien bakarra, oraingoz, Maialen Lujanbio da; zuzenean finalean abestuko baitu egungo txapeldunak. Epaile lanetan Bakarne Urreaga eta Amaia Otxotorena ariko dira.

Aipatu bezala, protagonistetako bi dira Eñaut Martikorena hernaniarra eta Agin Laburu astigartarra. Estreinakoz abestuko du Euskal Herrikoan Martikorenak, Gipuzkoako Txapelketan egindako lan txukunaren ondorioz. Orduko hartan, finaletik kanpo geratu zenean, hala aitortu zuen bukaerako agurrean: «kolpia jo nayian banun nahiko lañez». Bada, hernaniarrari orain iritsi zaio kolpea emateko beste aukera bat, eta gogotsu dago: «Txapelketako aparrak aspaldi jaitsi zitzaizkidan, baina orain oso motibatuta nago. Niretzat lehenengo aldia da Euskal Herriko Txapelketan, eta horrek, noski, ilusioa eragiten dit».

Laburuk, aldiz, hirugarren Euskal Herrikoa du aurtengoa. Aurreko bi edizioetan finalerdietara iritsi zen, eta 2019an bigarren geratu zen Gipuzkoakoan, nahiz eta lorpen horiek ahaztu xamarrak dituen dagoeneko: «Egia esan, Gipuzkoakoa urruti ikusten dut, nahiko ahaztuta daukat. Gainera, udara bertso aldetik oso lasai joan da niretzat, eta sentsazioa da aurtengo txapelketak deskolokatuta harrapatu nauela». 

Deskolokatuta bezain goiz harrapatu du; izan ere, lehen saioan abestea egokitu zaio Labururi, Getxon. Kantukide izango ditu Eneko Lazkoz, Nerea Elustondo, Oihana Bartra, Peru Abarrategi eta Unai Mendizabal. Bertigo puntu bat baduela aitortu du astigartarrak, lehenengo saioan abesten duen bertsolariak ez daukalako erreferentziarik: «Lehen saioa tokatzeak esan nahi du udatik iritsi eta bat-batean txapelketan sartzea. Alde batetik lasai nago despistatuta ibili naizelako, baina, bestetik, urduri arrazoi beragatik». Kanporaketa fasean ohikoak izaten dira saio bereziak, eta, baten batekin sekula kantatu ez duen arren, egokitu zaionarekin gustura dago Laburu: «Agian, paperean ikusita, ez da saio potenteena, baina kantukide onak dira».

Martikorenak tarte handiagoa izango du prestatzeko. Urriaren 8an hasiko du ibilbidea, Donostian, bosgarren kanporaketan. Oholtzan izango dira, hernaniarraz gain, Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Iguaran, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeita. Gehienekin abestu gabea da, eta horrek bereziki motibatzen du: «Asko gustatzen zait jende berriarekin kantatzea. Ohiko bertsokideak estimatzen ditut, baina beti izaten dut berriekin nola moldatuko naizen ikusteko gogoa». 

 

Plazatik txapelketara 

«Erregistro oso desberdina da plazakoa edo txapelketakoa. Biak dira bertsolaritza, noski, baina zeharo ezberdinak», azaldu du Laburuk. Udan ez du gehiegi abestu astigartarrak, eta horrek ahalbidetu dio txapelketarako arriskutsutzat dituen gauza batzuk ekiditea: «Festetako jaialdiek daukaten arriskua da automatismoak hartzen dituzula, eroso egoteko joera hartzen da. Nik, gutxi abestu dudanez, orain ez ditut automatismo horiek». 

Txapelketaren erregistroetara moldatzeko asmotan, nor bere modura, entrenatzen hasita daude bi bertsolariak. Teknikari baino, edukiei erreparatzen die gehiago Laburuk: «Orain arte gaien posizionamenduak landu ditugu gehienbat; zalantzak sortzen dizkiguten gaiekin jardun, tonuak probatu, kideak hartzen duen bideari nola erantzun… Finean, esperimentatzen gabiltza». Esperimentu handirik gabe entrenatzen du, ordea, Martikorenak: «Nik ez dut ariketa zehatzik egiten bertsokera lantzeko; inguruko bertsokideei hitz egin, geratu eta bertsotan egin, ez dago besterik». Hori bai, bertsotan entrenatzeko gehiegi ez nahasi arren, burua bertsotan zentratua edukitzeko lanketa egin nahi du Martikorenak: «Asmoa daukat txapelketako saio gehiago entzuteko, burua erregistro horretan kokatzeko. Uste dut entzutetik ere asko lantzen dela bertsoa».

Teknika eta formula ezberdinak erabiliz, helburu batzuk betetzeko ari dira entrenatzen biak ala biak. Txapelketa batean askotarikoak izan daitezke xedeak; hala ere, kasu honetan, helburuei buruz hitz egiterakoan, antzeko ikuspegia dute bi bertsolariek: haien bertsokera plazaratu nahi dute. «Erakutsi nahi dut nola egiten dudan bertsotan; estilo bat daukat, eta estilo horretan kantatu nahiko nuke. Jendeak jakin dezan hala egiten dudala nik bertsotan; gustukoagoa izango dute batzuek, gutxiago besteek, baina erakutsi nahi dut zein den nire estiloa», azaldu du Laburuk. Epe luzerako helbururik ez aipatu arren, logikoki, fasez fase aurrera egiten joatea da bien nahia: «Nik ez dut helburu zehatzik markatzen, baina mugatu ere ez. Saioz saio goaz, lehenik kanporaketan aurrera jarraitzea da nahia, eta hortik aurrera beste helburu batzuk bilatuko ditut», dio Martikorenak. 

Norberak dituen helburuez gain, eta horiei lotuta askotan, presioa eta urduritasunak sartzen dira jokoan txapelketan. Bertsolaritza inguruak baldintzatzen du, eta aldagai asko dira eragiten dutenak. Esaterako, Martikorenari etxetik gertu kantatzea egokitu zaio: «Ez dit presio gehiago jartzen, ez oraindik behintzat. Egia esan, presioa azken momentuko zerbait bezala bizi dut, eta ez naiz gaizki pasatzen dutenetakoa. Donostian izatea ez zait ez ongi ez gaizki iruditzen; turismo nazionala egiteko aukera bat gutxiago dudala, besterik ez». Hernaniarrak presioaren zama ez du sekula jasan behar izan, baina urduritasunak beharrezkotzat ditu oholtzatik txukun jarduteko: «Uste dut nire buruak hobe funtzionatzen duela urduri nagoenetan, bestela zaila egiten zait estutzea».

Laburuk ere ez du presiorik sentitzen oraingoz, nahiz eta jakin badakien lehen saioak arriskuak dituela: «Aurreko txapelketetara prestatuago iritsi naizela uste dut. Aurtengo asmoa txapelketan zehar hobetzen joatea da, baina badakit lehenengo saioan kalera joateko arriskua hor dagoela». Arriskuak arrisku, ez dio inguruari gehiegi erreparatu nahi: «Norberak egin behar du bere lana, ni ez nago beste inori begira. Badakit nire lana eginez gero aurrera egiteko aukerak ditudala».

 

Ganbara atontzeko garaia

 

‘Gazteak’ ba omen datoz

Aurtengo edizioa ere berritasunekin iritsi da. Azken urteetan bertsolari gazte ugari sartu dira herriz herriko jardunaren gurpilean, eta ideia berri asko entzun dira plazan. Ahots horietako batzuk txapelketan sartu dira, urrutira iristeko esperantzarekin sartu ere. Plazetan, esaterako, azken hilabeteetan tarteka entzun izan da «gazteak badatoz» ideia orokortua. Hari horri tiraka, belaunaldi berrien kontuari ñabarduretatik begiratzen dio Martikorenak: «Erreleboa nahiko partziala izan da, eta partzialtasun horren zati bat entzuteko aukera ez da beti izaten. Hori bai, entzun izan ditudan gazteek oso ondo egiten dute bertsotan, txapelketetan nahiz hauetatik kanpo».

Ñabardurak ñabardura, «gazteak ba omen datoz» esaldiari antzeko erantzuna eman diote bi bertsolariek: «Bai, jende berria badator, baina ez dira hain gazteak». «Aldaketa generazionala plazan dezente igarri da, eta txapelketan, noski, ikusiko da. Baina, gazteak badatozen? Lehenik esan beharko genuke zer den gazte izatea: 18 urteko jendea edo 28koa. Hor dago gakoa», adierazi du Laburuk. Martikorena ere ados dago ideia horrekin: «Maila aldetik hain indartsu bai, hain gazte ez dakit». 

Ziurtasun osoz esan daitekeen beste gauzetako bat da finalean aurpegi berriak ikusiko direla, joan den edizioko finalistetatik bik, Aitor Sarriegik eta Igor Elortzak, txapelketa utzi dutelako. Bi zulo horiez gain, sorpresak ere sar litezke kinieletan: «Sorpresa eman dezake bere jardunaz gehiegi espero ez den pertsona batek, ni ere sartu naiteke zakuan, plazan hainbeste ez dabiltzan beste askorekin batera», azaldu du Martikorenak. Gainera, sorpresen arteko bereizketa ere egin du hernaniarrak, txarrak ere izan daitezkeelakoan: «Onak jasoko dituztenak, seguraski, aipatu dudan profilekoak izango dira, eta txarrak bertsolari kontsagratuek jaso ditzakete, nahiz eta zailagoa den».

Final berrituko kinielan askotan azalduko da, seguruenik, Agin Labururen izena, Gipuzkoakoan egindako lan onaz gain, ez delako urruti ibili aurreko edizioetan. Hala ere, astigartarrak ez du horretan pentsatzeko tarterik ere hartu: «Derrigor sartuko da jende berria finalean. Nik oraindik nahiko urruti ikusten dut, bai aukera aldetik, baita data bera ere. Beraz, lehenengo Getxo eta gero gerokoak».

Astebete eskas gelditzen da dena martxan jartzeko, eta azken astea dute bertsozaleek berotzen joateko. Laburu eta Martikorena, Agin eta Eñaut, gozatzeko asmotan iritsi dira zitara, eta hernaniarrak argi dauka: «Espero dut entzule eta partehartzaile bezala gozatu ahal izatea, gozatu gabe ez baitago gozarazterik». Bada, orain dute tartea, preso dituzten ideiak kartzelatik askatu, eta entrenamendu bidez atondutako ganbarara eramateko.

Ganbara atontzeko garaia Ganbara atontzeko garaia Ganbara atontzeko garaia Ganbara atontzeko garaia Ganbara atontzeko garaia Ganbara atontzeko garaia Ganbara atontzeko garaia Ganbara atontzeko garaia Ganbara atontzeko garaia