Gazteak prest, eskolartekorako

Gazteak prest, eskolartekorako –

Noticias de Navarratik hartua.


Euskal Herriko Eskolartekoa Lurraldez lurralde aritu ondoren, jada erabakita gelditu da Sarako finalean parte hartuko duen 13koa.

 

Gazteak prest, eskolartekorako

 

Pasa den asteburuan ospatu zen Bizkaiko Eskolartekoa;bat-bateko saioa eginda ezagutu genituen Euskal Herriko Eskolartekoan ariko diren ordezkari bizkaitarrak, eta osatu da oholtzaratuko den talde osoa. Sara prestatzen ari da ekainaren 8rako.

13 parte-hartzaile izango ditu 2019ko Euskal Herriko Eskolarteko Bat-bateko Txapelketak. Edonola ere, beste hainbat lagunek ere hartu du parte lurraldez lurralde Eskolarteko egitasmoan. Apirilean ezagutu genituen Gipuzkoako eta Nafarroako bertsolari sailkatuak, gerora Arabako, Baxenabarreko, Lapurdiko eta Zuberoakoak, eta, azkenik, pasa berri den asteburuan jakin dugu zeintzuk izango diren ordezkari bizkaitarrak.

Ekainaren 8an izango da Saran, hirugarrenez, Euskal Herriko Eskolartekoa. 11:00etan jokatuko da XXXI.bat-bateko txapelketa, Sarako trinketean. Hauek izango dira parte-hartzaileak: Arabatik, Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001) eta Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002);Baxenabarretik, Ekhi Perrier (Anhauze, 2001) eta Unai Harluxet (Irisarri, 2002);Bizkaitik, Maite Sarasola Isazelaia (Deustu, 2001) eta Bittor Altube Sarrionandia (Abadiño, 2001);Gipuzkoatik, Aitor Tatiegi Loidi (Oñati, 2001) eta Aner Peritz Manterola “Euzkitze” (Zarautz, 2002);Lapurditik, Naia Etxeberri Larzabal (Baiona, 2002) eta Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001);Nafarroatik, Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001) eta Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002);eta Zuberoatik, Leire Casamajou (Sohüta, 2002). Julene Etxeberrik jarriko ditu gaiak eta Joana Itzainak egingo ditu harrera eta amaierako aurkezle lanak.

Irabazleari Maddi Sarasua Laskaraik jantziko dio txapela, Aitor Sarasuari esker onez eta Sarasua sendiaren izenean.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dugu Eskolartekoa.

Ekainaren 2ra arte, bazkarirako txartelak

Bat-bateko finalaren ondotik, otordua eskainiko da Sarako Lur-Berri aretoan, 15:00etan, Iparra-Hegoako kideen eskutik. Txartelak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eusatarian 15 euroren truke. Igandera arte egongo dira eskuragai.

Zure inguruan Sarara joateko autobus zerbitzurik antolatu ote den jakiteko, jarri harremanetan zure lurraldeko Bertsozale Elkartearekin. Ez galdu aukera bertso besta erraldoi honetara bertara-tzeko!

Gazteak prest, eskolartekorako