Hasieratik ereiteko

2022-07-30

Hasieratik ereiteko –

Unai Andak BERRIAn.


Doinua: Pertsonok ez al daramatzagu

 

 

Esan ziguten iluntasunak
irentsiko gintuela.
Esan ziguten egun argitan
soilik ibil gintezkeela.
Basoko hotzak ta hezetasunak
hil gintzakeela bestela.
Ta gu, jakinda sua pizteko
egur lehorra behar zela
bi harri hartuta txinpartak pizten
hasi ginen dena dela.

Nahiz eta baikor ekin genion
ilunpeko bidaiari
pentsatu baino gehio luzatzen
hasi zitzaigun, nabari.
Kolpe lehor bat lurraren kontra
hilotzaren salatari:
Ai! Gure kide bat erori zen
eutsi ezinik hotzari.
Erori ziren gerora ere
beste hainbat bidaiari.

Gehiengo batek baikortasuna
alboratu zuen gero:
Eroak omen ginen bidaia
txinpartaka segiz gero.
Batzuk eguzki-argitan jarri
ziren eroso ta bero.
Besteak, gaua bere eginda,
bihurtu ziren borrero.
Ez ziren inoiz itzuli eta
ez genituen espero.

Nahiz ta harriak higatu eta
kideak utzi atzean
harri gehiago, kide berriak
bazeuden bide ertzean.
Ta agertu zen egur lehorra
baso hotz eta hezean.
Itzaltzear zen azken txinparta
bere gainera heltzean
piztu genuen, azkenerako,
su txiki bat gau beltzean.

Handitu ahala zabaldu zenez
zuhaitzetik zuhaiztira,
behin gure aurka jarri zirenak
hurbiltzeko eguzkira
itzuli ziren probestu nahian
su handi horren distira.
Suak betiko erre zituen
ez barkamen, ez gupida,
ta pixkanaka zabaldu zuen
argia baso guztira.

Baina geroa ta iragana
behin betiko bereizteko,
baso guztiak erre behar dira
hasieratik ereiteko.
Nahiz ta agian asko falta den
une hori iristeko,
aski motibo badenez egin
daitekeela sinisteko,
prest gaude sua iritsi arte
gauez txinpartak pizteko.

 

Hasieratik ereiteko

Arg: Bertsozale Elkartea

Hasieratik ereiteko