Iker Zubeldia: «Euskerak daukan sorginkeria hori pixka bat galtzen ari dela iruditzen zait»

«Euskerak daukan sorginkeria hori pixka bat galtzen ari dela iruditzen zait» –

Amaia Nuñez Yarzak, Txantxangorri hedabidean.


GOIERRIKO BERTSOLARI BETERANOENETAKOA DA IKER ZUBELDIA. URTEAK DIRA TXAPELKETAK ALDE BATERA UTZI ETA PLAZETAN BETE-BETEAN ARITZEN DELA

Amaia Núñez Yarza

 

 

«Euskerak daukan sorginkeria hori pixka bat galtzen ari dela iruditzen zait»

 

Goierriko bertsolari beteranoenetakoa da Iker Zubeldia. Gaztetan hasi zen bertso-eskolan eta txapelketetan ere aritu izan da. Hala ere, urteak badira txapelketak alde batera utzi eta plazetan bete-betean aritzen dela. «Ez neukan behar adina asti txapelketa bat prestatzeko. Denbora asko behar da», azaltzen du. Izan ere, bertso-eskoletan egiten diren ariketa teknikoez gain, burua ere horretan zentratuta egon behar da denbora horretan. «Irratian albiste bat entzuten duzu eta txapelketan zaudenean, hausnartu egiten duzu. Igual ez duzu kantatuko, baina irtenbideak, hemen zer esango nuke…», dena lehiaren bueltan mugitzen da eta, bere kasuan, «bukatzen nuen beti argalduta, kontsumitu egiten zaitu». Plazetan aritzeko txapelketen parte hartzerik ez du behar. «Nahikoa saio ateratzen zait bestela ere».

Bera gaztetxotan hasi zen Ordizian dagoen Goierriko Bertso Eskolan. Adin nagusitasunarekin lan munduan murgildu zenean, bertsolaritza eten egin zuen pare bat urtez, lagun batek Gabiriako Osinalde sariketan parte hartzeko izena eman zion arte. «Bigarren geratu nintzen, pixka bat pizten hasi nintzen, Lizardin ere bigarren geratu nintzen. Eduki nituen urte pare bat ez nuena ezer irabazi, baino beti bigarren-hirugarren…», oroitzen du.

Orain txapelketetatik kanpo badago ere, gaiei dagokionez denetatik jakitea edo informatua egon behar izaten dute bertsolariek, saioetan edozein gai tokatu diezaiokelako. «Niri beti lotu izan naute gai arinagoetan, barre egitekoetan, baino ez dakizu zer gaien gainean etorri daitekeen zure inspirazioa».

Esperientziaren balioa

Gainera, «adin bat duzunean, asko abestutakoa zara, jende askorekin… eta horrek edozein lekutan abesteko taulak ematen dizkizu», dio. Oraindik gogoan du bera taldeko gazteena zen garaia. «Lehen Lizasorekin kantatzera joaten zinen eta zen nire semeak Messi ikusiko balu bezala», baina aldi berean, «gauzak asko errazten zizkizuten, beraiek aurrekoekin ere horrela bizi izan zutelako. Bai kantatzeko, bai kobratzerakoan ere».

Horrela, ahozko bertsoen unean-unekotasuna defendatzen du Zubeldiak. «Batzuetan abestu eta gustura gera-tzen zara, jendeak eran-tzun egiten du. Gero entzuten dituzu bertso haiek handik astebetera, kotxean, beste ordu batean, beste umore batekin, eta ez zaizu hainbesterako iruditzen».

Azken urteetan ber-tsolaritza jaialdiek eta txapelketek, bereziki, jende ugari erakartzen dute. Hala ere, «ikusleak igo egin diren bezala, euskararen maila jaitsi egin da» bere ustez. «Euskarak, hizkuntza berak daukan sorginkeria hori pixka bat galtzen ari da. Hitz-joko hori galtzen ari da» eta horrek «kezka» sortzen dio. «Egokiera hori ikusten dut ahuldu egin dela».

Hori, hein batean, bizimodu aldaketak ekarritako ondorioa dela pentsatzen du. «Denok kaletartu egin gara eta bertsoa baserritarren pentsamendutik sortu den gauza bat da» eta aurreko belaunaldietakoek gorde zuten. «Baserritarrak beti behar izan du pikareska hori bere tratuetan, azokara joaten direnetan, herri-kirol apustuak egiten zituenetan… Orain beste norabide bat dauka».

Dena den, bertsolaritza osasuntsu dagoela ikusten du, oraingo gazteek baliabide ugari dituztelako. «Kantatzen dutenak oso onak dira. Eta frikiak dira. Gustuko dutenak eta punta-puntan dabil-tzanak», dio.

«Euskerak daukan sorginkeria hori pixka bat galtzen ari dela iruditzen zait» «Euskerak daukan sorginkeria hori pixka bat galtzen ari dela iruditzen zait»