Lazkao Txikiri omenaldia egin diete lazkaotarrek honen heriotzaren 30.urteurrenean

Lazkao Txikiri omenaldia egin diete lazkaotarrek honen heriotzaren 30.urteurrenean –

Maider Insaustik Goierriko Hitzan.


30 urte dira Lazkao Txikiren heriotzatik eta lazkaotarrek omenaldia egin diote Lazkaoko Plazako frontoian. Musika, dantza eta jai giroa izan dira nagusi eta frontoia lepo bete da. 

 

Lazkao Txikiri omenaldia egin diete lazkaotarrek honen heriotzaren 30.urteurrenean

 

Adin guztietako lazkaotarrek zein inguruko herrietakoek hartu dute parte omenaldian, bakoitzak bere modura ekarpena eginez. Trikitixaz jotako agurrarekin eman diete hasiera ekitaldiari. Ondoren herriko bertsolari txikien txanda izan da. Goierriko Bertso Eskolako (GoiBe) bi ikasle lazkaotar aritu dira bertsotan, Lazkao Txikiri jarritako bertsoak bota dituzte eta bertsolaritza mundutik aitortza egin diete gaztetxoek. Ondoren, Lazkao Txiki musika eskolako helduenen txanda izan da. Hauek, erritmo bizia jarri dute perkusioarekin eta ondoren erritmo hori pausoetara eraman dute esku banatan zapiak hartuta. Andre Madalen eta Behin batian Loiolan abestiak ekarri dituzte gaurko plazara.

Lazkao Txiki musika eskolako haurrak izan dira hurrenak, kantu koralekoak, hain zuzen ere. Zenbait euskal abesti abestu dituzte, garai zahar zein berrietakoak uztartuz. Jarraian, musikatik dantzara egin dute jauzi, Oin Arin dantza taldeko gazteek eskainitako ikuskizunarekin. Amak taldearen ‘Eragin nazazu’ abestia dantzatu dute. Lazkaotarrez gain bi beasaindar ere izan dira gaurko omenaldiaren parte. Maddi eta June Aiestaran bertsolari beasaindarrek ere esan nahi izan diete zerbait Lazkao Txikiri, jarritako bertsoen bitartez. Hauek ere, honen bertsolari ibilbidea goraipatu dute. Trikitixak eta panderoak izan dute nahikoa presentzia gaurkoan Lazkaon; ekitaldi guztian zehar entzun ahal izan dituzte bertaratu direnek. Hala ere, ez dira edonolako trikitilari eta panderojoleak izan bertan, izan ere, V. Lazkaoko trikiti txapelketako irabazleak izan dira bertan, Irati Arzelus lazkaotarra eta Mirari Plazaola.

 

Lazkao Txikiri omenaldia egin diete lazkaotarrek honen heriotzaren 30.urteurrenean

Lazkao Txikiri omenaldia egin diete lazkaotarrek honen heriotzaren 30.urteurrenean