Lehiaz harago bada gehiago

Lehiaz harago bada gehiago –

Miren Mujika Telleriak BERRIAn.


Irailetik abendura bitarte, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketari begira egon ziren bertsozaleak. Plazako zirkuituak, ordea, bere horretan jarraitu zuen. Hain justu ere, bertsolaritzaren genero bi dira egun txapelketa eta plaza; elkarren isla dira askotan, baina lehia arautua dute desberdintasun nagusi.

 

Lehiaz harago bada gehiago
Bertso saio bat, Hendaian, urtarilarren 14an. GUILLAUME FAUVEAU

 

Komunikazio dimentsio berezi bat dauka bertsolaritzak; hitz lauz esango ez liratekeen zenbait gauza esateko modua ematen baitu kantuak. Komunikazio ekintza horrek, gainera, badu estu samarra den kortse bat; neurri jakin baten barnean, inprobisatuz eta errimatuz kantatu behar baita, besteak beste. Nolanahi ere, hori alde teknikoa besterik ez dela dio Joxerra Garziaren, Andoni Egañaren eta Jon Sarasuaren Bat-bateko bertsolaritza: gakoak eta azterbideak liburuak (2001). «Bertsoari kalitate maila bere arrazoibidearen indarrak edo bere balio poetiko erretorikoek emango diote». Bat-bateko bertsolaritza aztertu eta ulertzeko marko teoriko berri bat proposatu zuten orduan, erretorika klasikoaren ildotik.

Adiera horretatik abiatuta, jaio dira bertsolaritzaren gaineko definizio berriak geroztik. Jendaurreko espektakulu gisa definitu izan da, esaterako; nolabait, inprobisatzen eta errimatzen dakien artistak publiko baten aurrean ematen duen ikuskizun gisa.

Kepa Matxain kazetaria bat dator definizio horrekin; «baina ez da hori bakarrik», dio. Izan ere, haren ustetan, ikuskizun formatutik kanpo ere bada bertsolaritzarik, eta, beraz, bertsolaritzaren adiera zabalago bat erabiltzen du berak. «Espektakulutik kanpoko bertsolaritza bada bertsolaritza bat, esan dezagun, bizi munduko situazioetan gertatzen dena. Are gehiago, tradizioz, bertsolaria gehiago egon da lotua bizi munduari ikuskizunari baino. Hain justu, hori izan da, neurri batean, bertsolaritzaren bilakaera: batetik besterako jauzia».

Ez da denbora asko bertsolaritzara gerturatu zela Matxain, baina azkar «harrapatu» zuen jardunak. Hizkeraren auziak piztu zion jakin-mina hasieran, eta, auzi horrek formarekin duen loturaz jabetuta, horretan jarri zuen fokua gero. Interes horretatik abiatuta, EHUren Mikel Laboa katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak elkarlanean sortutako ikerketa kontratua lortu zuen duela hiru bat urte, euskarazko ahozko kultur sorkuntzari buruzko doktoretza tesia egiteko.

Nagusiki, garaiari eta lekuari erantzuten dion komunikazio ekintza gisa definitu izan da bertsoa. Zer funtzio bete behar du, baina, bertsolaritzak? Are, funtzio bat bete behar al du? Bada, hiru dimentsiotan banatu ditu funtzio horiek Matxainek: «Bertsolaritzaren funtziorik primarioena denbora-pasa edo bi lagunen arteko jolas bat da, kasik. Situazio horretan bertsoak hartzen du halako traza dialektiko batailazko bat, nork nor garaituko. Nolabaiteko hitzezko borroka jolas hori da bertsoaren funtziorik oinarrizkoena».

Aldiz, bertsoa kolektibizatzen denean, beste dimentsio bat hartzen duela azaldu du. «Gauza erritualago bat izatera pasatzen denean, biderkatu egiten dira bertsoaren funtzioak». Kolektibo baten identitatea markatzea edo kolektibo horren identitatera moldatzen saiatzea, komunitate bat sortzea eta indartzea, irakaspen bat eman nahi izatea edo entzulea zerbaitetarako limurtu nahi izatea… Besteak beste, horretan datza bertsoaren errituak, Matxainen iritziz.

Nolanahi ere, erritua eta ikuskizuna elkarri oso lotuta dauden elementu bi direla dio. «Gradu kontua da batetik bestera dagoena, baina errituaren barruan, biderkatu egiten dira bertsoaren funtzioak».

Ikuskizunean, berriz, funtzio bat nagusitzen da besteen gainean: entretenimendua. «Hiru dimentsio horien arteko harreman gradual bat balego, bertsoak funtzio gehien betetzen dituen esparrua izango litzateke erdiguneko erritu hori. Aldiz, egiten duenean jolaserantz edota ikuskizunerantz, funtzioak gutxituko lirateke».

 

Lehiaren «distortsioak»

Nolanahi ere, bertsoak ez du balio edo pisu bera lehia arautua denean tarteko. Are gehiago, Matxainen iritziz, alferrik da bertsoa komunikazio ekintza gisa definitzea txapelketa giroan; nolabait, lehia arautuak «distortsioak» sor ditzakeelako definizio horretan. «Txapelketa hemen dago, bertsolaritzaren parte da, ez du ematen hura kentzeko inolako asmorik dagoenik. Ondo dago hori, e? Baina, hori hala bada, ezin gara ibili bertsolaritzaren definizio erromantiko bat egiten eta esaten komunikazio ekintza bat dela».

Horrek, beraz, kazetariaren ustez, zailduko luke bertsolaritza ulertzea ikuskizunetik kanpo. «Badago bertsolaritza eta bertsolaria ulertzeko modu ezarri bat ez duena toki handirik uzten bertsolaritza eta bertsolaria irudikatzeko bestelako modu batzuetarako».

Publikoarengan ere, oro har, eragin desberdina izan ohi dute txapelketan kantatzen diren bertsoek eta plazan kantatzen direnek. Izan ere, txapelketetan kantatzen direnak luzaroan oroitzen ditu askok; aldiz, plaza arrunt batean, kantatu ahala existitzen da bertsoa, eta isildu ahala, sarri, desagertu.

 

Lehiaz harago bada gehiago
Ezker-eskuin, Iker Ormazabal, Oihana Arana, Aner Peritz eta Miren Amuriza, bertsolari gazteentzat antolatutako ‘Zapla!’ saioan. ANDONI CANELLADA / FOKU

 

Gipuzkoako Txapelketan, gazte sariketetan eta plazetan kantatutakoa da Eli Pagola bertsolaria. Haren hitzetan, bertsokeran dago, besteak beste, txapelketen eta plazaren arteko aldea. «Txapelketan oso egituratuta dago dena, bertsolariak aurrez jakiten du zein diren egin beharko dituen ariketak, eta horiek jakinda gauzatzen ditu entrenamenduak. Formatua ere zurrunagoa da txapelketan; gai emaileak ez du izaten plazan besteko askatasunik». Hala eta guztiz ere, argi du lehia bera dela biak bereizten dituena.

«Esperientzia polita» gordetzen du Gipuzkoako Txapelketan parte hartu duen bi aldietatik, nahiz eta gusturago aritu den plazaz plaza. «Hala ere, plazak ez dira neutroak», gaineratu du. «Plaza kopurua ez da mugitzen egin duzun txapelketaren arabera bakarrik: zer sinbolizatzen duen bertsolari bakoitzak, zer adierazten duen, zer irudikatzen duen… Horrek guztiak ere eragin handia du egokitzen zaizkizun plaza kopuruetan».

Nola izaten da, baina, plaza batean kantatzeko kontratazioa? Bada, Pagolak azaldu duenez, hainbat bide daude horretarako, baina, orokorrean, bertso saioaren antolatzaileek Lankuren bitartez —edozein kultur ekitaldi antolatzeko giza baliabideak zein materialak kudeatzen dituen enpresa— gauzatu ohi dute kontratazioa. Are, saiorako zein bertsolari profil nahi duten ere antolatzaileek hautatzen dute sarritan.

 

Parekatu gabeko ehunekoa

Pagolak kontatu du, halaber, bertso plazako jardunean guztiz parekatu ezinik dabilela sexuen arteko oreka. Bertsozale Elkarteko datuek diote nabarmen aldatu dela 2019tik. Urte hartan, plazako bertsolarien %64 gizonezkoak ziren, eta, ordea, %36 izan ziren emakumezkoak. Dezentez txikiagoa da egun bien arteko aldea. Bertsolarien %53 dira gizonezkoak, eta %47, berriz, emakumezkoak.

Datu horiek zehatzago azaldu ditu, ordea, Pagolak: «Ehunekoak horrela ikusita badirudi lortu dela, kasik, berdintasuna plazetan, baina ehuneko horiek aletuz gero, ikusten da datua ez dela horren parekidea». Gaineratu du, bertso bazkarietan, esaterako, nabarmen egiten duela gora gizonezkoei dagokien ehunekoak, eta beraz, saio bereziak deitzen diren horiek —Ez da kasualitatea eta Señora Sariketa bezalako saioek— igotzen dutela emakumezkoei dagokien ehunekoa. «Emakumeek propio sortutako plazek puzten dute grafikoa, baina neutrotzat jotzen diren saioetan, gizonezkoak dira bertsolari gehienak».

Hargatik dio Aner Peritzek bertsolaritza «biolentoa» izatera irits daitekeela zenbaitsutan; hain zuzen ere, bere hitzetan, «zenbait ahots, zenbait diskurtso eta zenbait gorputz isilduago daudelako». Haren ustez, «azpiratze» hori ez da modu berean gertatzen plaza denetan. «Biolentoagoa izango da guretzat, adibidez, ehiztari elkarte bateko gizon jubilatuz betetako saio bat Infernuko saio transmaribollo bat baino. Beti joango gara erreparo handiago batekin elkarteko saio horretara, nahiz eta bertan ikaragarri ondo zaindu, seguru. Beste batzuei, agian, alderantziz gertatuko zaie».

 

Zenbat gazte plazetan?

Gainera, dioenez, gazteek ez dute erraz plazetarako sarbidea gaur egun: «Nik nahiko argi ikusten dut plaza orokorrean oso leku mugatuak dauzkagula gazteok, eta, beraz, leku horiek jende jakin batek hartzen dituela. Hau da, normalean izaten dira goren aldian dabiltzanetako gazte bat, edo, gehienez, bi». Saio horietan, gainera, rol jakin bat izaten da gorpuzten dutena. Hala adierazi du berak: «Argi esanda, ez da bakarrik jendeak gazte bezala soilik irakurtzen gaituela oholtzan, deitu ere horretarako deitzen digute, eta saioko gazteenak izatera joaten gara plaza orokorretara».

Horrekin lotuta, hain justu, honako hau idatzi zuen BERRIAN, iazko udan: «Maiz iruditzen zait kupo bat betetzen ari naizela bertsotarako deitzen didatenean. Iruditzen zait saio ofizialetan kantatzeko gazteegia eta eskasegia naizela». Zergatik, baina? «Ni gutxitan joan naiz saio handi bateko plaza batera bost bertsolari glorifikaturekin pentsatuz nirekiko: ‘Badaezpada ere, bakarkako ariketaren doinua pentsatuta eramango dut’, edo: ‘Gaur saioa egingo dut, gaur saioa defendatu egin beharko da, gaur norbaitek egitekotan, Aner, zuk egin beharko duzu’. Askotan joaten gara agurrean barkamena eskatuz, kasik». Horrelakoetan, ez da eroso sentitu izan oholtzatik jaistean; ez baitu pentsatzen zer den harengandik espero dutena, ezer espero ote duten baizik. «Saio amaieran ‘animo’ esaten dizu jendeak, ‘aurrera’. Zuk zerbait berezia egin baduzu edo jendeari gustatu zaion zerbait egin baduzu, beti da salbuespen, eta esaten dizute: ‘Jo, hori polita bota duzu, e?’, baina, normalean, besteentzat gordetzen dituzte loreak».

Are gehiago, azaldu duenez, saio mota batzuetan ez dute jakiten kobratuko ote duten ere. «Orain urtebete-edo, bertso afari bat izan nuen bertsolari kategoriko batekin. Saio ona egin izanaren sentsazioarekin irten nintzen; ez dut uste atzean gelditu izanaren itxura eman nuenik. Eutsi bakarrik ez, esan ere egin nuela uste dut. Saioa amaitu zenean, jatetxearen jabeak eskura eman zion dirua nire bertsokideari. Niri, aldiz, zera esan zidan: ‘Eta, hiri zer, Aner?’. Horri buelta ematea ez da erraza, eta nik, behintzat, ez dakit nola egiten den».

Lehiaz harago bada gehiago Lehiaz harago bada gehiago Lehiaz harago bada gehiago Lehiaz harago bada gehiago Lehiaz harago bada gehiago Lehiaz harago bada gehiago Lehiaz harago bada gehiago Lehiaz harago bada gehiago Lehiaz harago bada gehiago Lehiaz harago bada gehiago Lehiaz harago bada gehiago Lehiaz harago bada gehiago Lehiaz harago bada gehiago Lehiaz harago bada gehiago Lehiaz harago bada gehiago Lehiaz harago bada gehiago Lehiaz harago bada gehiago Lehiaz harago bada gehiago Lehiaz harago bada gehiago